konponbideari begira

Harremanetarako Nazioarteko Taldeak gogoratu du gobernuek oraindik ez dutela "erantzun positiborik" eman

"Euskal Herrian gatazkaren konponbidea bultzatu, erraztu eta arintzeko betekizunarekin jarraitzeko" beste bilera bat egin zuen hilaren 6an, Londresen. ETAk urriaren 20an jakinarazi zuen borroka armatua bukatu duela, eta Donostiako konferentziako ebazpenak Espainiari eta Frantziari "soilik gatazka armatuaren ondorioez" aritzeko elkarrizketa zabaltzeko eskatzen die.

2011ko abenduaren 14a
17:59
Entzun

Harremanetarako Nazioarteko Taldeak esan du Espainiako eta Frantziako gobernuek ez dutela "erantzun positiborik" eman ETAk borroka armatua utzi ondoren. Taldeak ohar baten bidez jakinarazi du abenduaren 6an bilera bat egin zuela Londresen, "Euskal Herrian gatazkaren konponbidea bultzatu, erraztu eta arintzeko betekizunarekin jarraitzeko".

Donostiako urriko Nazioarteko Konferentziaren ebazpenaren bigarren puntuak dio ETAk indarkeria behin betiko utzi duela jendaurrean adierazi ostean, bi gobernuek "soilik gatazka armatuaren ondorioez" aritzeko elkarrizketa zabaldu beharko luketela. Konferentzia izan eta hiru egunera jakinarazi zuen bere erabakia ETAk, urriaren 20an. Harrezkero ere, ordea, Espainiak eta Frantziak atxiloketa batzuk egin dituzte, eta Espainiaratze batzuk ere izan dira.

Taldeak aipatu du nola esan zuen Mariano Raxoi Espainiako hurrengo presidenteak ETAren ebazpena “pauso garrantzitsua” izan dela, edo Europako Batzordeko presidentearen nola aitortu zuen "benetazko une historiko bat" dela gaurkoa. "Eutsi egin behar zaio Nazioarteko Konferentzian eta justu berehala lortutako bultzadari. Berriki izandako hauteskundeek agerian utzi dute soilik prozesu demokratikoek funtzionatzen dutela".

Konferentziako buruzagiekin lankidetzan jarduteko batzorde bat eratzeko pausoak finkatuko ditu Harremanetarako Nazioarteko Taldeak, oharrean dioenez. "Egoeraren eboluzioa behatzen jarraituko du taldeak, eta iritzi publikoaren konfiantza sustatzeko neurriak sostengatu eta bultzatzeko prest dago, gizarte zibilarekin eta alderdi politiko guztien artean gauzatu beharreko elkarrizketa barne, egungo egoera gizatiartzeko".

Kofi Annan, Gro Harlem Brundtland, Bertie Ahern, Pierre Joxe, Gerry Adams eta Jonathan Powell izan ziren konferentziako buruzagiak. Harremanetarako Nazioarteko Taldea Silvia Casalek, Pierre Hazanek, Raymond Kendallek, Nuala O'Loanek eta Alberto Spektorowskik osatzen dute, Brian Currinek sustatuta. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.