Jose Angel Altzugurenen senideak Soriako (Espainia) espetxera joan dira, atzo espetxeko ziegan urkatuta azaldu zen presoaren gorpuaren bila. 13:00ak aldean atera dira espetxetik, eta handik Berara (Nafarroa) bidea egin dute. Lesakan egin dute geldialdietako bat, autoa aldatzeko, eta handik Berara. Ez dute aparteko arazorik izan bidean.
Plaza bete jende zuten Beran zain. Lehen harrera egin diote han, eta ia ordubetez zerraldoaren zain ixil-ixilik egon direnak oihuka lehertu dira kutxa ikusi orduko. Herriak ez du barkatuko, Kotto, gudari, gogoan zaitugu, Amnistiarik gabe bakerik ez eta antzeko esandiak esan dituzte.
Astean zehar hainbat mobilizazio egingo direla, eta haietan parte hartzeko deia egin du Askatasunak. Besteak beste, manifestazioa egingo dute larunbatean Beran.
Depresioak jota zegoen Altzuguren, 39 urteko presoa. Psikologo batek eta psikiatra batek artatzen zuten. Botikak hartzen zituen. Urriaren 22an atxilotu zuten, zigorra amaitzeko. Bost urte eta zortzi hilabeteko zigorra zuen, ETAri laguntzeagatik. Lehen aldiz atxilotu zutenean, torturatu egin zutela salatu zuen, eta horrek eta espetxealdiak ondorioak utzi zizkion, Askatasunaren arabera. Hiru urte eta erdi eginak zituen lehendik espetxean. Urtebete eskas zeraman kalean, bere abokatuak aurkeztu zuen helegiteari noiz erantzunen zioten zain. Erantzuna jaso ordez, zuzenean atxilotuta eraman zuten Altzuguren urriaren 22an, Imanol Larrañagarekin eta Ainara Fresnedarekin batera. Ondorioz, medikuen aldetik jasotzen zuen arreta gabe gelditu zen Altzuguren.
Soriako kartzelako zaindariek hartu behar zituen pilulak eman zizkioten Altzugureni ailegatu zenetik, ostiraletik; baina zentroko medikuak ez zuen presoa ikusi, familiaren abokatu Amaia Izkok atzo azpimarratu zuenez. Atzo 08:00etan aurkitu zuten espetxeko zaindariek Altzugurenen gorpua, presoak zenbatzen hasi zirenean.
Altzugurenen heriotza
Harrera beroa egin diote Altzugurenen gorpuari bere herrian
=iKotto gudari gogoan zaitugu!=i eta =iHerriak ez du barkatuko=i oihu artean hartu du jendetzak Jose Angel Altzugurenen gorpua. 17:00ak aldean iritsi da Berara (Nafarroa), eta Euskal Herriko ikurrina, Nafarroakoa eta Amnistiaren aldekoa gainean zituen kutxa sorbaldan hartu dute Batasuneko bozeramaile Arnaldo Otegik, Amnistiaren Aldeko Mugimenduko kide Juan Mari Olano eta Jon Enparantzak, LABeko idazkari nagusi Rafa Diezek eta beste bi herritarrek. Txalapartaren soinuarekin sartu dira plazara, aurreskua dantzatu diote, eta =iEusko Gudariak=i abestu ondoren udaletxera sartu dute. Han hil kapera jarri dute. Lehen 15 minutu familiakoentzat gorde dituzte, eta gero, herritarrentzat ireki. Bihar egingo dute hileta, 17:00etan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu