Baionako Euskaldunen plazan 200 lagun bildu dira Etokinekin eta Ongi Etorri Errefuxiatuak deitutako prentsaurrekoan. Toki esanguratsua bihurtu den plaza da, autobus konpainiak biltzen baitira bertan, «gaur egungo egoera islatzen du», adierazi du Amaia Fontang Etorkinekin kolektiboko bozeramaileak. Harrera tokiak eskatu dituzte, oinarrizko eskubideak bermatu ahal izateko. Gaur egun Hendaia (Lapurdi) eta Baiona artean ez dago horrelako eraikinik eta Hego Euskal Herrian baldin bada ere, irekitako tokiak ez direla aski eta jendea kalean gelditu dela salatu dute.
Bilboko Ongi Etorri Errefuxiatuak taldeko Catherine Verbruggenek Bizkaiko eta Gipuzkoako egoeraren berri eman du: "Ez da zaila ikustea Bilbo, estrategikoki, pasabide bat dela eta hori horrela denbora da pasaian diren pertsonentzat harrera toki bat eskatzen dugula. Bilbora iristen diren pertsonek soilik hiru eguneko aterpe eskubidea dute. Orain dela urte batetik, ordea, egoerak okertzera egin du, asilo eskatzaileak gero eta gehiago direlako eta epeak luzeagoak direlako. Jendeak urtebete pasa behar badu asilo eskatzaile moduan kontsideratuak izateko, eta beraz, etxebizitza edukitzeko sarbidea izateko, saturazio mailara iristen gara. Jantoki publikoak ere beteak daudela ikusi dugu", adierazi du. Uda honetan herritarrak eurak antolatu dira etorkinei harrera egiteko eta bizitzako oinarrizko eskubideak bermatzeko: "Horrekin demostratu nahi izan dugu posible dela gure baliabideekin harrera egitea eta erakundeen jarrera salagarria dela erakustea".
Ipar Euskal Herrira iristen diren emigranteak Hego Euskal Herritik pasatu diren berberak direla nabarmendu du Fontangek. Bide hori, baina, ez da samurra izaten: "Askotan poliziek hartu eta beste aldera itzultzen dituzte eta eszena hori askotan gertatzen da. Kanporatze horiek egiteko, askotan ilegalki jokatzen dute: lau orduz interpelatuak egoten dira eta gero Espainiako Estatura kanporatzen dituzte", nabarmendu du.
Bide bakarra
Gaur egun etorkinek duten bide bakarra Marokotik Espainiako estatura doan bidea da, Turkiatik Greziara pasatzeko bidea itxia baita eta Libiatik Italiarakoa baita ere. "Baina badakigu dagoeneko bide hori ixteko saiakera egiten ari direla. Urtarrilaz geroztik 50.000 pertsona gelditu dituzte Marokon eta 6.700 deportatu dituzte", azaldu du tokiko Cimade elkarteko presidente Helene Ducarrek. Gaur egun esku artean dituzten zifrak jakinarazi ditu: "2016an 8.000 pertsona iritsi ziren Marokotik Espainiara. 2017an, 22.000 eta aurtengo lehen seihilabetean 27.000. Gehienak Aljecirasetik (Cadiz) eta Malagatik pasa dira". Asiloari dagokionez, 2016an eskatutako 9.540 eskaeretatik 600 onartu zituen Espainiak. "Beraz, hor ulertzen dugu etorkinak Espainian direnean zergatik jarraitu nahi duten ibilbidea".
Egoeraren larritasunaz eta irtenbide baten beharraz ohartarazteko ekimen gehiago egingo dituztela adierazi dute; horiek ondoko egunetako jakinaraziko dituztela esan dute.