Ekaitza

Harriabarrak kalte handiak eragin ditu Deban eta Mutrikun

Goizeko hamarrak inguruan harri jasa handia bota du Deba eta Mutriku inguruan. Arrautzaren tamaina hartu du kazkabarrak, eta teilatuak, luzeroak, erretenak txikitu ditu hainbat eraikinetan. Halaber, ekaitza bota duenean inguru hartan guztian kalean ziren autoak kaltetu ditu. Bizkaian ere, Lea-Artibai eskualdean, handia izan da txingor erauntsia.

2004ko uztailaren 6a
16:36
Entzun
3-4 zentimetroko diametroko kazkabar aleak bota ditu goizean Deban eta Mutrikun. Bost bat minutu iraun du zaparradak, eta bitarte horretan hainbat eraikinetako teilatu, luzero eta erretenak kaltetu ditu. Halaber, inguru guztiko autoak hondatu ditu. Deban, dagoeneko, 300 bat bizilagunek kalteen partea aurkeztu dute Udaltzaingoan.

Mutrikun eta Deban ez ezik, muga-mugako duten Lea-Artibai (Bizkaia) eskualdeko hainbat herritan ere txingor handia bota du, besteak beste, Ondarroan eta Markina-Xemeinen. "Ekaitz handia bota du. Harri koskor handiak. Bost bat minutu iraungo zuen, baina guri luze egin zaigu, askoz ere luzeago", azaldu dio 'Berria.info'-ri Ondarroako Udaltzaingoko kide batek. Ur hornidurako hodietan arazoak sortu dituela erantsi du.

Markina-Xemein izan da txingorra gogor bota duen beste udalerri bat. Hango bizilagun batek agertu du inoiz ez duela halako harri koskor zaparradarik ikusi: "Gaztea naiz, baina hainbestekorik, halako izotz koskorrik ez dut inoiz ezagutu", azaldu du. Markinako Udalean dagoeneko jaso dute hondatutako autoren baten edo besteren berri.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.