Hauteskunde kutsu nabariarekin eman ditu Frantziako Gobernuak etorkinei buruzko datuak. Harro agertu da Claude Gueant Barne ministroa, inoiz baino atzerritar gehiago bota dituztelako herrialdetik. 32.195 pertsona kanporatu zituzten 2011n, aurreko urtean baino %17,5 gehiago. Hartara, gobernuak berak iragarri baino immigrante gehiago egotzi zituzten iaz Frantziatik: paperik gabeko 27.000 bat lagun botatzea zen Parisen iragarpena, baina gainditu egin du kopurua. Etorkinen aurka neurri gehiago hartzeko asmoa iragarri du UMPren gobernuak, bozetarako bi hilabete pasatxo falta direla: etorkinei Frantzian sartzeko ematen dizkieten baimenak gehiago mugatu nahi ditu. Urtean gehienez 150.000 emateko asmoa du; iaz, adibidez, 182.595 baimen helarazi zituen.
Atzerritarrei gero eta baimen gutxiago ematen dizkiela nabarmendu du gobernuak: bizitzeko baimenak %3,6 gutxitu ziren, lanera joandakoenak %26 eta familiako arrazoiak tarteko ematen dituztenak %14. Frantziako nazionalitatea 2010ean baino %30 pertsona gutxiagori eman zieten.
Datuak eskuan, alderdi sozialistaren aurka egin du Gueant ministroak: «Paperik gabekoen erregularizazio handiak sustatuko ditu, eta atzerritarrei botoa emateko aukera jarri». Ministroak, gainera, delinkuentziarekin lotu ditu immigranteak.
Harro agertu da Parisko gobernua, inoiz baino etorkin gehiago botata
Hasieran iragarri baino 5.000 atzerritar gehiago kaleratu ditu Frantziak 2011n; sartzeko aukera gehiago mugatu nahi du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu