Harroak eta lotsatiak

Xabier Mendiguren Elizegi.
2008ko ekainaren 11
00:00
Entzun
Badago jende-klase bat, berea den guztia munduko onena iruditzen zaiona: txikitan, bere aitaren kotxea zen azkarrena, bere amaren tortilla goxoena, bere lehengusua indartsuena; talentu handirik gabeko jendea izan ohi da halakoa, dominak beti besteren bizkarretik bereganatzen dituena: bere futbol taldeak garaituz gero «bost eta bat irabazi diagu» esango du, edo «Everestera igo gaituk», edo «Gure herriko perretxikoak bezalakorik ez zegok».

Leku guztietan aurkituko duzu giza tipo satisfetxo hau, eta neurri batean denok erori gara noizbait bekatu horretan. Gure herria, gure auzoa edo gure familia kristorenak direla esaten dugunean, barregarri samar jokatu ohi dugu. Izan ere, gure etxekoak edo bailarakoak aldamenekoak baino hobeak ote dira benetan? Eta, hala balitz ere, zer meritu daukagu guk bikaintasun horretan?

Hala ere, funsgabeko harrotasun ponpoxo hori baino okerragoa da kontrako jokabidea: alegia, norbere herriaz, norbere familiaz, norbere hizkuntzaz lotsa izatea. Barregarria baino gehiago tristea, bere buruaren ukazioa adierazten duen aldetik, eta, tamalez, euskaldunon artean oso jokaera zabaldua. Zenbat familia ezagutu ote dugu, gizaldiz gizaldi etxean hitz egindako hizkuntzari muzin egin eta kanpokoa hartu duena, politagoa, jantziagoa, osoagoa delakoan...?

Horregatik izan zen hain gauza ederra eta inportantea euskarazko egunkari bat sortzea, orain dela 18 urte. Herri oso baten ahalegina eskatu zuen hark, edo euskalgintza osoarena gutxienez, eta harrotasun sano batekin esango dut ondo egunkari dotorea atera zitzaigula. Hura ere itxi zuten, ez daukat gogoratu beharrik nork, noiz eta nola, eta haren ondotik etorri zen esku artean daukagun BERRIA, orain dela bost urte.

Ahoa lorez betetzen zait gure eguneroko paper-sorta hau izenondoz hornitzen hasiz gero, eta hobe izango dut adjektibo horiek denak isilik gorde, herrikoxeme faroleroen itxura hartuko dut bestela, nik batere merezimendurik izan barik. Baina mirespena eta maitasuna ere adierazi egin behar dira noizean behin; batez ere, euskara oraindik ere bigarren mailako hizkuntzatzat daukan hainbeste herrikide daukagunean inguruan, goraipatu bai baina praktikatu gutxi egiten dutenak.

Beraz, zorionak egunez egun BERRIA egiten duzuenoi, urte askoan segi dezazuela produktu gero eta hobea gauzatzen; eta kanpoan gaudenok, behingoz bada ere, harrotu gaitezen meritu handirik gabe: «Ederra gero, gure periodikoa!».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.