Atxiloketak

Haserre alde egin du Garzonek Mexikotik, preso dauzkaten sei euskal herritarren aurkako diligentzietan parte hartzea eragotzi diotela esanez

Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaile Baltasar Garzonek gaur alde egin du Mexikotik, han preso dauzkaten sei euskal herritarren galdeketetan parte hartzeko aukerarik izan gabe. Mexikoko Justiziako iturriek azken egunotan agertu dutenez, herrialde hartako Konstituzioa aintzat hartuta, Garzoni ez dagokio euskal herritar horien aurkako diligentzietan parte hartzea. Auzitegi Nazionaleko epaileak, berriz, Mexiko "tratu iraingarria" jaso duela salatu du.

2004ko urtarrilaren 31
17:16
Entzun
Haserre alde egin du Garzonek Mexikotik. Aste hasieran heldu zen herrialde horretara joan den uztailean ETArekin zerikusia zutela egotzita atxilotu zituzten sei euskal herritarren kontrako diligentzian parte hartzeko asmoz. Nazioarteko erregu-batzorde bat eratu, eta haren buru joan zen Mexikora.

Mexiko hiriburuko Iparraldeko Espetxean daude preso Asier Arronategi, Ernesto Alberdi,

Felix Salustiano Garcia Rivera, Juan Carlos Artola Diaz, Maria

Asuncion Gorrotxategi eta Jose Maria Urkijo. Kartzela horretako zuzendaritzak Garzonekin batera joandako Enrique Molina fiskalar eta komunikabideei ez zien utzi galdeketetara sartzen, baimenduz gero, sumarioaren sekretua urratuko litzatekeela argudiatuta. Garzonek bere lanaren kontrako traba gisa hartu zuen erabaki hori.

Halaber, Mexikoko komunikabideetan eztabaida handia piztu du Espainiako Auzitegi Nazionaleko epailea hara joateak; hain zuzen ere, bidezkoa ez den esku-hartzea dela iritzi diote.

Mexikoko Justiziako iturriak ere, Garzonen parte-hartzearen kontra agertu dira; hain zuzen ere, beren Konstituzioan ez dela halako aukerarik aurreikusten argudiatu dute.

Garzonek, berriz, Mexiko "tratu iraingarria" jaso duela salatu du: espetxera sartzerakoan katxeatu eta bere maletina miatu egin zutela, funtzionarioen sarrera berezitik sartzea eragotzi ziotela, eta identifikazio txartel bat ezarri nahi izan ziotela; funtsean, hori guztia berarentzat "laidogarria" dela azpimarratu du Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak.

Mexiko hiriburuko espetxeak eta Justizia ezkerreko PRD alderdiaren esku daude, eta Garzonek, nolabait, alderdi horretako agintarien kontra bideratu ditu bere salaketak. Mexikoko presidentea, berriz, Vicente Fox kontserbadorea da, "terrorismoaren kontrako borrokan" Espaniako Gobernuarekin elkarlanean aritzearen aldekoa. Dena den, Garzoni gertatu zaionari garrantzia kendu dio Foxen Gobernuak.

'La Jornada' egunkari progresista egin du Garzonek gertatu zaionaren arduradun nagusi, eta honako gutuna plazaratu du gaur agerkari hartan.

Mexikon preso dauden sei euskal herritarren estradizioa eskatua du Garzonek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.