Sozialistak, PSNren egoitza barruan; herritarrak, berriz, karrikan. Metro gutxira. Eta haserre. Hagitz haserre. Azken asteotako egoera politikoak eragindako amorrua nabaria zen atzo Iruñeko Sarasate pasealekuan protesta egin zuten pertsonen aurpegietan. Politikarien eta herritarren arteko aldea nabarmena zen. Elkarretaratzea egin zuten iruindarrek, PSNri kontuak eskatzeko, sozialistek, egoitza barruan, lurralde batzordearen bilera egiten zuten bitartean.
Ustelak kanpora, Barcina go home eta gisako leloak irakurtzen ahal ziren ehunka herritarrek egindako protestako karteletan; Elkarretaratze zaratatsua izan zen. Txistuak entzun ziren etengabe. Eta oihuak; oihu anitz; PSN eta UPN "gauza bera" direla errateko, "lapurrak" izatea leporatzeko, eta, batez ere, herritarrek hauteskundeak nahi dituztela adierazteko. Ozen, gainera. 22an argi erran genuen leloa idatzia zuten kartelen bidez, hain zuzen ere, hauteskundeak eskatzeko joan den otsailaren 22an Iruñean egindako manifestazioa ekarri zuten gogora anitzek.
19:00etan hasi zen protesta, Sarasaten. Errepidea baino ez zegoen elkarretaratzean parte hartzen zuten herritarren eta PSNren egoitzaren artean. Protesta hasi baino hamabost minutu lehenago ailegatu ziren pasealekura Mertxe Saldise, Candido Erro eta Javier Charela. "Duintasun eta etika pixka bat gelditzen bazaie, alde egin beharko lukete. Bertze erremediorik ez dute. Lotsagarria da egin duten guztia". Horixe nabarmendu zuen Saldisek, sozialisten jokabideari buruz. "Argi nuen zentsura moziorik ez zela izanen; batere konfiantzarik ez nuen", onartu zuen Errok. Protesta egiteko eta karrikara ateratzeko beharra erantsi zuen Charelak. "Hamabost egunotan egon gara gu karrikan".
20:10erako, pasealekuaren eta PSNren egoitzaren arteko errepidean ziren herritarrak. Udaltzainek bidea itxi egin zuten, autorik ez pasatzeko. Gora egin zuen, denborak aurrera egin ahala, protestan ari zirenen oihuen bolumenak; bai eta giroan zegoen tentsioak ere. Herritarren aurrean jarri ziren Espainiako poliziak. Gutxienez, bost furgoneta baziren PSNren egoitzaren eraikina inguratzen.
"Hemen sozialisten militanteek eta boto-emaileek egon beharko lukete, haien alderdiari kontuak eskatzen. Hamabost egunez egon dira bazterrak nahasten eta denbora galtzen". Maria Jesus Villafrancak erran zituen hitzok, haserre. "Kanpoko inork ez dit niri erran behar nire etxean zer egin", erantsi zuen. Villafrancarekin joan zen atzoko protestara Maria Jose Armendariz, eta hark ere sozialisten jarrera salatu zuen: "Argi zegoen ez zutela deus eginen. Hemen denek badutelako zer ezkutatu. Ez zaie komeni deus egitea", erran zuen.
Herritarren «etsipena»
Zaila zen atzo pertsonen arteko hitzak entzutea, protestako oihuen eta txistuen zarataren gainetik. Bolumenak gora egiten zuen, gainera, PSNren egoitzako ataritik norbait ateratzen zen bakoitzean. Jendearen irainak entzun behar izan zituzten, hainbat minutuz bilera utzi, eta eraikinetik atera ziren PSNko kideek. Jendea bere haserrea eta amorrua adierazteko gogoz zen. Inork ez zuen sozialisten egoitzaren aurretik alde egin nahi. PSNko idazkari nagusi Roberto Jimenezi eskaini zizkioten oihu gehienak.
Maite Goñik bat egin zuen oihu horiekin. Sarasate pasealekuan egon zen atzo. "Badakit manifestazio batekin edo elkarretaratze batekin deus gutxi lortuko dugula, baina hemen egon behar dugu. Karrikan, protesta egiten", nabarmendu zuen. Goñik etsipena agertu zuen, batez ere. "UPN eta PSN gauza bera dira. Sozialistak ere lapurrak dira. Elkarri ematen diote babesa, denak berdinak direlako. Horrek biziki amorratzen nau", erran zuen.
Maria ere amorratuta zegoen atzo. Ez zuen abizena eman nahi izan. Protesta egiten aritu zen atzo, baina ez bertze herritarrekin batera, baizik eta PSNren egoitzaren atearen aurrean. Kazetarien artera hurbildu, eta argi utzi zuen: "81 urte ditut, Nafarroako herritarra naiz, eta eskubidea dut hemen zer gertatzen ari den jakiteko". Haserre zegoen Maria. Protestan parte hartzen zuten bertze herritarrak bezala. "Nik gauza anitz bizi izan ditut. Eta hau jasan behar izatea lotsagarria da. Bertze urte batez egon behar dugu Barcinarekin?", galdetu zuen.
Hauteskundeak nahi dituela argi utzi zuen. Hori izan zen herritarrek atzo zabaldu nahi izan zuten mezu nagusia. Aldaketa eskatu zuten, eta PSNren eskutik galdutako aukerak eragindako amorrua adierazi zuten. Haserreak goia jo baitu.