Mundu zabalean garatu bako herrialdeetatik bizimodu duinago baten bila gurera etorri direnen kopurua oso txikia da. Bai behintzat, Europako beste herrialdeekin parekatuz gero. Azken urteetan kopuru hori handituz joan da eta, Immigrazioaren Euskal Planaren zirriborroa egin dutenek aurreratzen dutenez, epe labur eta ertainean errealitateak eutsi egingo dio gorantzako joerari. Hona hemen planean jasotako datu, joera eta asmo nagusiak:
Kopurua: Espainiako Barne Ministerioko datuen arabera, 1986. urtean 7.675 atzerritarrek zuten Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan bizitzeko baimena, eta iaz, berriz, 24.201 ziren zerrendan agertzen zirenak. Hortik kanpo daude, jakina, paperik gabe bizi direnak.
Gai horri buruz egin diren azterketa guztiek etorkin gehienak lan bila etorri direla egiaztatu duten arren, gero eta gehiago dira batean eta bestean banaturik egon den familia berriro batzeko bertora etortzen direnak.
Baimenarekin daudenen artean, gehienak Hego eta Erdialdeko Amerikatik etorritakoak dira (8.552), ondoren jatorria EBko herrialdeetan izan zutenak (7.092), Afrikan gero (4.883) eta Asian ondoren (1.648). Europako Batasunetik datozenen kopurua egonkortu egin den bitartean, hortik kanpo etorritakoenak nabarmen egin du gora aspaldion. Ameriketatik eta EBtik kanpoko lurralde europarretatik datozen gehienak emakumeak dira, eta gizonak dira jatorria EBn edo Afrikan duten gehienak.
Lan egoera: Afrika aldetik Gibraltarko itsasartea txalupaz zeharkatzea lortu dutenak dezente badira ere, etorkin gehienak turista bisarekin sartu ziren Espainian, eta legez etorri ziren Araba, Gipuzkoa eta Bizkaira bizitzera. Arauen urraketa gero egin zuten, hiru hilabeteko bisa agortu zitzaienean berton paperik gabe geratu zirenean. Ustea da lau etorkinetik bat paperik gabe bizi dela Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan.
Etorkinen artean lan barik daudenen kopurua txikiagoa da euskal herritarren artekoa baino, lautik hiru beharrean dabiltzalako, nahiz eta erdiek bakarrik kotizatzen duen Gizarte Segurantzan. Gehienek eraikuntza alorrean, industrian eta zerbitzuetan lan egiten dute. Azken sail horretako gehienek etxeko lanetan eta ostalaritzan.
Funtsean prestakuntza gutxiko lanak betetzen dituzte, bertokoek egin nahi izaten ez dituztenak, eta kontratuarekin lan egiten duten gehienak (%65) hiru hiriburuetan eta inguruko herrietan dabiltza beharrean.
Lanerako zailtasunak: Gurean bizi diren etorkinek zailtasun administratibo ugari gainditu behar izaten dituzte lan baimena emango dien prozedura agortzeko, onartzen diren txostenak eskaerak baino askoz ere urriago izaten direlako. Oztopoak izaten dituzte, gainera, jatorrizko herrialdeetan lortutako eskola tituluak balioztatzeko, bai eta bertoko ekoizpen sistemaren antolaketara eta teknologiara egokitzeko ere. Ez dira txikiagoak, azkenik, lan trebakuntza ikastaroetan parte hartzen izaten dituzten eragozpenak.
Eskolatzea: Etorkinen ume gehienek Araba, Bizkai eta Gipuzkoako hezkuntza sistemaren sare publikoan ikasten dute, A ereduan. Oso gutxi dira oraindik euskara ikasten dutenak, baita ingurune euskaldunetan ere.
Oraindik ume gutxi direnez, euren eskolatzeak ez du aparteko arazorik sortu ikasgeletan, eta nahiko erraz lortu dute bertoko kulturara egokitzea. Erdarazko ereduan dabiltzanez, zailtasunik handienak hegoamerikarren seme-alabak ez direnek gaztelania ikasteko izan dutena dela egiaztatzen dute txostena egin dutenek. Etorkinen umeok zailtasunak dituzte, bestalde, gurasoen jatorrizko hizkuntza eta kulturari eusteko.
Arrisku egoerak: Berton bizi diren etorkinen artean ez dira gutxi arrisku egoeran bizi direnak: legez kanpo sartu edo gerora paperik gabe geratu direnak; prostituzioan lan egiten duten emakumeak edo etxean senarraren aldetik tratu txarrak sufritzen dituztenak; bakar-bakarrik dauden adingabeak; preso dauzkatenak eta aireportu edo itsas portuetan atxilotuta dauzkaten ezkutuko bidaiariak.
Bertokoen jarrera: Bat egiten dute herritarren gogoan atzerritarrak etortzea positiboa izateaz gainera, aberasgarria ere badela uste izateak, eta beste herrialdeetatik horrenbeste jende etortzeak arazo berriak eragingo dituen intuizioak.
Herritar gehienek hainbat eskubide onartu egin behar zaizkiela aitortzen dute, nahiz eta oraindik euren gainean daukaten ikuspegia nahikoa ekonomizista izan: etorkinak lanerako esku legez ikusten dituzte, edo demografia arazoei aurre egin ahal izateko bitarteko bezala.
Erakundeen erantzuna: Gero eta oihartzun handiagoa dute etorkinen arazoek erakunde publikoen jarduera eta plangintzetan. Etorkinen premiei erantzuteko hainbat zerbitzu, baliabide eta programa sortu dituzte aspaldian, bai eta gizarte eragileen artean hausnarketa eta trebakuntza bideratzeko ekimenak ere. Immigrazio Planaren egileek eurek aitortzen dute plangintzak hobetzeko informazio gehiago beharko dutela.
Gizarte ekimenak: Gizarte eragileak etorkinak eskubide osoz bertokotzearen aldeko gero eta sare zabalago eta trinkoagoa osatzen ari direla dio txostenak. Bazterketa sozialaren kontra borrokatu diren hainbat taldek etorkinen mesederako elkarteak sortu eta kudeatzen dituztela dio. Hori guztia erakunde publikoekin elkarlanean egiten dabiltzala egiaztatzen da. Etorkinen elkarteak ere lan horretan gero eta gehiagoari direla parte hartzen azaltzen du, amaitzeko.
Erronkak: Immigrazioaren Euskal Planak etorkizunari begira zehazten dituen erronken artean migrazioaren errealitatea ondo ezagutzeko eta gizarteratzean asmatzeko egin beharreko hausnarketa nabarmentzen du. Gainera, hartzen dituen gizartearentzat etorkinak zenbateraino diren aberasgarri ohar daitezen, herritarren artean aniztasun kulturalaren gaineko kanpainak egitea proposatzen da. Gizarteratzea eta kulturen arteko lotura bideratzeko Gobernua, erakunde publikoak eta gizarte eragileen arteko elkarlana beharrezkoa dela azpimarratzen da.
IMMIGRAZIOA
Hasi berria den fenomenoa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu