Hasi da emakumeen martxa

Emakumeen Mundu Martxak Iruñean hasi du Euskal Herrian egingo duen bidea; aste osoko planaren lehen urratsa izan da

Naiara Elola.
Aitor Renteria. Jon Rejado. Maite Asensio.
2010eko martxoaren 9a
00:00
Entzun
Emakumeen eskubideak aldarrikatu zituzten atzo, Euskal Herriko hiri eta herrietan, eta Emakumeen Mundu Martxarekin bat egin zuten milaka lagunek. Nazioarte osoko egitasmo hori atzo hasi zen, eta martxoaren 18a bitartean ekimen ugari egingo ditu mundu osoan. Euskal Herrian ere izango du bere ibilbidea datorren larunbata bitartean, eta, atzo, hasiera ofiziala, Iruñean izan zuen. Gazteluko plazan akelarre gisako bat egin zuten, ekimena hasteko. Ezberdintasunak aldatzeko «borrokatzera» deitu zituzten emakumeak: «Zuek izan behar duzue justizia eta berdintasuna gidatuko duzuenak». Martxan jarraitzeko 2010 arrazoi dituztela zioen pankartaren atzean ibili zituzten Iruñeko karrikak. Mundu Martxa presente egon zen atzo ilunabarrean Euskal Herrian egin ziren gainerako manifestazioetan ere. Hiriburu bakoitzean, Emakumeen Mundu Martxarako aurten zehazturiko lau ildoetako batekin egin zuten bat manifestariek.

Baionan, esaterako, elikadura burujabetza izan zuten aldarri nagusi, horren faltak milaka emakumeren bizitza nekeagoa bihurtzen duela ohartaraziz. Herriko Etxearen aitzinean, hamarnaka emazte elkarretaratu ziren Zutik emazteak zioen banderolarekin. Lapurdin bertze hainbat ekimen ere egin ziren martxoaren 8aren karietara, Hendaian eta Hazparnen, esaterako.

Bilbon, berriz, lan prekarietateak, batez ere emakumeak erasaten dituela nabarmendu zuten. Prekarietateari aurre egiteko emakumeak martxan izan zen manifestazioko pankarta nagusiaren leloa. Feminismoa guztiz «beharrezkoa» dela nabarmendu zuten, oraindik ere eskubide asko lortzeko bidean daudela nabarmenduz.Moiua plazan, emakume torturatuen egoera irudikatu eta gaitzetsi zuten. Bengala moreei su emanez amaitu zuten mobilizazioa.

Gasteizko protestan, emakumeen sexu eta ugalketa eskubideak ez daudela bermatuta salatu zuten. Nora non zaude? etaPatriarkatuaren aurka zioten lelo artean egin zuten bidea, Gure gorputza gure erabakia zioen pankartaren atzean. Mobilizazioa Andra Mari Zuriaren plazan bukatu zuten, antzerki bat eginez,festa giroan.

19:30ean abiatu zen Donostiakomanifestazioa, Bulebarretik. Emakumeen aurkako indarkeria egungo gizartean dagoen giza eskubideen urraketa larrienetakoa dela salatu zuten. Mobilizazioetan, oro har, ugariak izan ziren genero indarkeriaren ondorioz hildako emakumeak gogoratzeko oihuak.

Testua Naiara Elola, Aitor Renteria, Jon Rejado eta Maite Asensioren artean idatzi dute.



Egitaraua

MUNDU MARTXA, GAUR

Nafarroa. Gazteluko plazatik abiatuko da 10:00etan, Iruñetik. Altsasu eta Lizarratik ere igaroko da.

Araba. Aguraindik pasatu ostean, 19:00etan iritsiko da Gasteizera, eta Arantzabela ikastolan harrera egingo diote, bizikletan. Ondoren, Andre Mari Zuriaren plazan egingo diote harrera.



2

Emakume eta gizonek etxeko lanetan ematen duten orduen aldea. Eustatek plazaratu berri dituen datuen arabera, emakumeek egunero, batez beste, gizonekin alderatuz, bi ordu gehiago ematen dituzte etxeko lanetan. Aldea, hala ere, apurka-apurka behera ari da.

25 urte bete ditu IPESen emakumeen liburutegiak

Mende laurdena igaro da dagoeneko, Iruñeko IPES Gizarte Ikerketarako Talde Eragileak emakume gaietan espezializatutako liburutegia ireki zuenetik, eta atzo ospatu egin zuten. Egun, 11.000 bibliografia erreferentzia baino gehiago dituzte katalogatuta, eta urtean mailegu gisa 1.300 liburu inguru ematen dituzte.

Emakume transexualenegoeraz ohartarazi dute

Gay, lesbiana eta transexualen elkarte Gehituk emakume transexualen egoera larriaz ohartarazi nahi izan du. Diskriminazio bikoitza jasaten dutela azaldu dute, eta, era berean, gizarte bazterkeria jasateko arrisku bikoitza izaten dutela. Emakumeoi enplegurako sarbidea errazteko eskatu du.

Emakumeen Eguna ospatu du EHUk lehenengo aldiz

Andreak unibertsitatean sartu zireneko mendeurrena betetzearekin batera, Emakumeen Nazioarteko Eguna ospatu zuen atzo Euskal Herriko Unibertsitateak lehenengo aldiz. EHUko Berdintasun Zuzendaritzaren laguntzaz, mahai-ingurua antolatu zuten Bilboko Ekonomia eta Zientzien Fakultatean.

Ia 1.700 andrek hartu zuten parte igandeko Lilatoian

1.694 emakumek parte hartu zuten igandean Donostiako Lilatoian. 21. aldiz egin dute aurten emakumeen lasterketa, eta inoizko jendetsuena izan da: ia 2.000 andrek eman zuten izena, eta 1.694k egin zuten bost kilometroko bidea. Iratxe Aranburu izan zen helmugara iristen lehena
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.