Zeledonen jaitsierarekin 18:00etan hasi dira Gasteizen Andra Mari Zuriaren jaiak. Jendearen gogoa bero-bero dago festetan murgiltzeko, baina udaltzainen greba tarteko, Gorka Ortiz de Urbina Zeledonek boluntarioen lagunekin egin du ibilaldia.
Hezur eta haragizko Zeledonek Andra Mari zuriaren plazan egiten duen ibilaldia arazotsua gertatu zen iaz: jende asko jarri zen traban, Gorka Ortiz de Urbinak berak adierazi duenez, bera babesten zihoan Udaltzaingoaren kontrako protesta gisa. Hala ere, protesta jarrera hori iazko hainbat gertakarirekin lotuta dagoela eta aurten ez zuela halakorik errepikatzerik espero agertu zuen Ortiz de Urbinak.
Baina jaia hasteko ordu batzuk besterik falta ez zirenean, puri-purian zegoen Zeledonek izango zuen babesaren auzia. Izan ere,udaltzainek festetan greba egitea erabaki dute, eta ohikotan ematen dituzten zerbitzuak moteltzea. Azkenean dozena bat boluntarioren laguntzarekin egin du ibilbidea.
Nolanahi ere, Alfonso Alonso alkateak (PP) Zeledonek "behar besteko babesa" izango duela eta ekitaldian behar adinako segurtasun neurriak egongo direla ziurtatu du. Zeledon udaltzain boluntarioek babestuko dituela adierazi du, baina ez du zehaztu zenbat izango diren. Segurtasuna bermatzeko operazioan ertzainek ere parte hartuko dutela erantsi du, baina beste xehetasunik eman gabe. Gai horrekin "ez kezkatzeko"a eskatu du Alonsok.
Andra Mari Zuriaren jaiak
Hasi da festa Gasteizen, Zeledonek arazorik gabe egin du ibilbidea
Gasteizko Andra Maria Zuriaren plaza jendez beteta zegoela egin diote ongietorria milaka lagunek Zeledoni. San Migel elizako erlojuak seiak jo orduko txupinazoa bota eta hasi da Zeledon elizako dorretik Andra Maria Zuriaren balkoira jaisten. Hemendik, gero San Migel elizako balkoira joan da Gorka Ortiz de Urbina, Zeledon. Bertatik eskertu die Zeledonek gasteiztarrei ibilbidea lasai egiten utzi izana. Istilurik gabe eta boluntarioen laguntzarekin egin du bere bidea, udaltzainek planto egin dutelako .
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu