Gaur hasi da Pablo Ibar euskal jatorriko estatubatuarraren aurkako epaiketa, Brodard Countyko auzitegian (Florida, AEB). Urriaren 1ean ekin zioten herri epaimahaia hautatzeari, eta azaroaren 16an amaitu zuten. Asteleheneko saioan, lehen deklarazioak hartzen hasi da epailea. Jose Maria Casaliz EAJk Espainiako Senatuan duen bozeramailea eta Jon Iñarritu EH Bildurena epaiketan egon dira, beste talde politiko batzuetako senatariekin, Senatuko legelariekin eta Espainiako Diputatuen Kongresuko ordezkariekin joanda. Atsedenaldi batean egindako adierazpenetan, bat egin dute eskaera batean: epaiketa "justu" bat izan dezala Ibarrek, "behingoz".
Epaiketak luze joko du. 2019ko otsail-martxo inguruan bukatuko dela aurreikusi dute. Egunotan fiskaltza hasiko da bere lekuko eta perituak aurkezten. Ibarren erruduntasuna defendatuko du. Ondoren, defentsak aurkeztu dituen lekuko eta perituen txanda izango da. Besteak beste, Pablo Ibar hilketaren lekuan ikusi zuela deklaratu zuen Gary Foyk gezurtatuko duten beste lekuko batzuk eroango ditu defentsak. Fiskala defentsaren lekuko horien deklarazioa eragozten saiatu da, baina epaileak ez dio eskaera onartu. Gainera, hilketa ikertu zuen taldeko buruari deklarazioa hartzeko baimena eman dio epaileak defentsako abokatuari. Besteak beste, galdetuko dio ea zergatik leporatu zioten hilketa Ibarri eta zergatik baztertu zituzten esku artean zituzten beste froga eta zantzu batzuk. Bi aldeen azken ondorioekin bukatuko da epaiketa.
Bigarrenez epaituko dute Pablo Ibar. 1994an Floridan hiru lagun hiltzea egotzita, heriotzaren korridorean. 2000. urtean erruduntzat jo zuten, eta heriotza zigorra ezarri zioten. Urteotan, familiak hainbat saio egin ditu epaiketa hura baliogabe uzteko. 2016an, lortu zuten. Floridako Auzitegi Nagusiak ebatzi zuen Ibarren aurka aurkeztutako frogak ahulak eta eskasak izan zirela, eta epaiketa errepikatzeko agindu zuen. Ibarrekin batera hilketa hura leporatua zioten beste gizona ere bigarrenez epaitu zuten, eta epaimahai berriak errugabetzat jo zuen. Ibar familiak antzeko zerbait espero du oraingoan.
GIZARTEA
Hasi da Pablo Ibarren epaiketa, fiskalaren lekukoekin
Fiskalak errudun dela defendatuko du. Hilketa Ibarri leporatu zioten ikertzaileari eta lekukoari galdeketa egiteko baimena lortu du defentsak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu