Masiboki mobilizatzeko deia egina zuten gaurko Ipar Euskal Herrian eta Frantzian, Emmanuel Macron Frantziako lehendakariaren politikarekiko kexa orokortua karriketan oihukatzeko. Baionan, 4.000 lagun inguruk erantzun diote intersindikalak egindako dei horri, FSU, Solidaires, CGT, CFDT eta FO sindikatuen ikurrak eskuetan zituztela. LAB sindikatuaren banderolak ere, intersindikalari ofizialki loturik ez izanik ere biziki presente izan baita deialdiari erantzuteko..
Manifestazioa 10:30etan hasi da, geltokiko plazatik, baina ez da hori izan protestaren hasiera. Goizean goiz zenbait manifestarik Miarritzeko (Lapurdi) Hotel du Palaiseko sartzea blokeatu dute goizean goiz, irailaren 10eko blokeatze egunari segida emateko: luxuzko hotela den heinean, diruaren banaketa injustua salatu dute; Poliziak bi manifestari atxilotu ditu.
Bi gai nagusi behin eta berriz aipatzen ziren goizeko elkarrizketetan: Sebastien Lecornu Frantziako lehen ministro berria eta miliardunen aberastasun neurrigabekoa. Lecornuk ildo politiko orokorrari egiten zaizkion kritikak itxuratzen ditu: FSU sindikatuko Barthelemy Mottayk argi utzi du espero dutena ez dela lehen ministroaren aldaketa bat, «politika aldaketa bat baizik». Titanic filmaren irudia erabili du bere ideiaren azaltzeko, «kapitaina aldaturik ere izozmendia joa baitu itsasontziak». Itotzera doan gizartearen iratzartzea, beraz, ezinbestekotzat jo du.
Eta, iratzartze hori ahalik eta masiboen izatea espero zuten hasieratik sindikatuek. «Borroken bateratasuna» aldarrikatu du Maottayk, irailaren 10eko blokeatze mugimenduaren ildotik: «Denek irabaztekoa dugu batze horretatik. Goizean Miarritzen oihukatu dugu paradisu fiskalak gizartearen infernua direla, eta hori da: minoritate batek beti gehiago jasotzen duen heinean, gehiengo batek sari biziki apalak jasotzen ditu, laguntza geroz eta gutiago...».
Argitxu Dufau LABeko bozeramaileak Mottayrekin bat egin du analisi horretan, miliardunak beste behin seinalatuz eta «berehalako ondasunen banaketa» eskatuz, «duinki bizitzeko».
Ez da kasualitatea Miarritzeko Hotel du Palaisen bildu badira, luxuzko hotela delako eta han egoteko ahal ekonomikoak dituzten jendeen mesedetara doan politika salatu dutelako manifestaldian gero. Politika hori, betiere, Macroni egotzi diete sindikatuek, eta horregatik argi dute, justuki, desberdindu behar direla lehen ministroaren aldaketa eta gobernuaren politikaren aldaketa, lehenak ez baitu ezinbestean bigarrena ekartzen. Dufauk aldarrikatu du «beste proiektu baten alde» elkarretaratu direla, «justizia sozial eta fiskala gehiagoren alde», hain zuzen.
Peio Dufau 6. hautesbarrutiko EH Bai diputatua ere manifestazioan zegoen. Jendearen haserrea ulertu du eta arras logikoa iruditu zaio karrikara ateratzea: «Joan den urteko legebiltzarreko hauteskundeen hirugarren txanda da oraingoa; bi lehen itzulien emaitzetan ezkerra atera zen lehen indar, eta lehen egunetik Macronek erabaki zuen ezker hori oposizioan jartzea». Hots, bide demokratikoak agindutako norabideei uko egin zion. Baina «gizartea babestu» behar dela uste du Dufauk, «gizarte xumea», batez ere: «Orain arte diru anitz metatu duten horiek parte hartu behar dute oreka sozial bat berreskuratzeko, azken urteetan galdua izan dena».
Miarritzen protestak
Manifestazioa aitzin Miarritzen protestak egin dituzte goizean goizetik. Zenbait manifestarik Hotel du Palaiseko sartzea blokeatu dute, eta fite iritsi da Frantziako Polizia hoteleko zuzendaritzarekin hitz egitera. Manifestariek oihukatu dute: «Polizia nazionala, kapitalaren milizia». Poliziak azken abisua eman, eta manifestarien lekuz aldatzeko indarretan hasi dira. Tentsioa igaran da emeki-emeki. Orduan, Poliziak jendea arrastaka eraman du lurretik. Manifestariek utzi egin diete, bortizkeriarik gabe, baina gogor erantzun diete poliziek beste behin.
IRAILAK 18 | Zenbait manifestarik Miarritzeko Hotel du Palaiseko sartzea blokeatu berri dute, irailaren 10eko blokeatze egunari segida emanez.
— Leire Casamajou Elkegarai (@LeireCasaElke) September 18, 2025
Greba egun orokorra da gaurkoa, Ipar Euskal Herrian eta Frantzian.
Manifestazioa eginen dute sarri Baionan.@berria pic.twitter.com/natYpCxQ5e
Kazetariei ere bortizki bultzaka aritu zaizkie poliziak: lanean ari direla segika ari izan zaizkie batzuei, armaturik. Ororen buru, bi manifestari atxilotu dituzte. Goizaldi erditsuko manifestazioan atxilotuak askatzeko aldarriak ere ezagun izan dira; sindikatuetatik ere horien libratzea aldarrikatu dute.
Arratsaldean, ekintza sinbolikoa egin dute zenbait manifestarik, Baionako herriko etxe ondoan diren bi banketxetako, eta Apple Store saltegiko sarrerak blokeatuta. Ondoren, komisaria aitzinera jo dute goizean atxilotutako bi militanteak aska ditzatela eskatzeko.