Sanferminak

Hasi dira Sanferminak, ikurrina protagonista bihurtuta

Ikurrin erraldoi bat zintzilikatu dute udaletxe aurrealdean, eta hogei minutuz atzeratu dute txupinazoa. Lehenago ere saiatu dira ikurrin bat plazara sartzen, baina udaltzainak eta foruzainak oldartu egin zaizkie, eta besteak beste Txelui Moreno ezker abertzaleko kidea jo dute. Gainera, hirugarren txupina jenderantz joan da, eta hiru lagun artatu dituzte. Ohi bezala, mukuru bete da plaza. Hasi da festa Iruñean, eta ez du etenik izango 204 ordutan. Bideoa: plazako giroa, ikurrina eta txupinazoa. [Berriatb]http://www.berria.info/berriatb/1835/[/Berriatb]

2013ko uztailaren 6a
16:21
Entzun

Aurrenekoz, Iruñean ez da txupinazorik izan uztailaren 6ko eguerdian. Ikurrin handi bat zintzilikatu dute udaletxeko aurrealdean, eta Enrique Maia alkateak jakinarazi du atzeratu egingo zutela txupinazoa. Hogei minutu behar izan dituzte ikurrina kentzeko, eta orduan bota dute txupinazoa. Eduardo Vall PSNko zinegotziak bota du txupina: "Erakundeekiko errespetutik, gora San Fermin!", esan du. Ana Irene Rodeles ONCEko langilearekin batera bota du txupina Vallek.

Gainezka egin du plazak 12:20ean, baina jendetza elkartuta zegoen bertan lehenago ere. Goizean goizetik hasi da jendea plazara sartzen. Horien artean, talde bat saiatu da ikurrin bat plazara sartzen, baina udaltzain eta foruzainek ez diete utzi, eta oldartu egin zaizkie. Besteak beste, Txelui Moreno ezker abertzaleko kidea jo dute.

[Youtube]http://youtu.be/Uc5MZNHhF68[/Youtube]

Abiatu da, beraz, programako 437 ekintza ofizialeko 204 ordutako maratoia. Bat 28 minutuan behin. Udalak 2,1 milioi euroko aurrekontua bideratuko du ekintza ofizial horietarako, iaz baino 300.000 euro gutxiago. Egunero Twitter bidez sanferminek emandakoa bertatik bertara jarraitzeko, #SFK13 traola egongo da erabilgarri.

Zezenak ere ez dira faltako, 848,6 metroko ibilbidea izango baitute lasterka egiteko, igandetik hurrengo igandera bitartean korrituko diren entzierroetan.

Zezenketen aurkakoek, berriz, entzierroen kontrako protesta egin dute gaurko egunean, AnimaNaturalis eta PETAk deituta. Sanferminetan zezenek pairatzen duten “sufrimentua” eta “erailketak” salatzeko, aktibistek “lur emate bat” antzeztu dute, erdi biluzik.

Udaltzainek gomendio ugari

Ez dira faltako, zoritxarrez, urtero gertatzen diren lapurretak eta bestelako delituak. Horiek saiheste aldera, Iruñeko Udaltzaingoak hainbat aholku eman ditu herritarren segurtasuna handitu nahian.

Izan ere, azpimarratu dutenez, egun hauetan gehien ugaltzen diren delituak diru zorroen lapurketei lotutakoak dira. Horiek saihesteko, Udaltzaingoak eskatu du begi bistatik ez galtzeko, besteak beste, esku poltsak, bizkar zorroak eta kamerak, eta “diru justuarekin ateratzeko” kalera.

Poliziak aholkatu du, era berean, dokumentazioaren egiaztatutako fotokopiak eramatea, jatorrizkoak etxean utzita, eta diru zorroak arropen aurreko poltsikoetan gordetzea. Esku zorroei dagokienez, “beti gurutzatuta eta aurrerantz begira”, adierazi dute.

Albora gerturatu eta arrazoi garbirik gabe igurtzen dutenez ere ez fidatzeko eskatu dute. Baita behar izanik gabeko laguntza eskaintzen dutenez ere. Indarkeriaz egindako lapurretei dagokienez, neurriak hartze aldera, jende eta argi gutxiko lekuak saihesteko eskatu dute, eta behin ateta barruan sartuta atea ixteko. Izan ere, nahiz eta jaiegunetan “harraroa ez izan” jende ezezaguna etxe inguruetan ikustea, erne egoteko eskatu du Udaltzaingoak. Horrela, norbait segika dabilela sumatuz gero, atetan sartu ordez, leku publiko batera joan eta 092 telefonora deitzea aholkatu dute.

Komertzioetan ere iruzurraren biktima izateko arriskua dagoela jakinarazi dute, nahiz eta hori saihesteko “neurriak egon”. Horrela, balkoiak edo etxebizitzak alokatzeko garaian jabearekin harremanetan jarri aurretik dirurik ez aurreratzea aholkatu dute. Edozein arazoren aurrean frogak izateko, “oinarrizko kontratu bat sinatua" izatea gomendatu dute. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.