“Gora Sanfermin” ohiukatu eta txupinazoa Iruñeko zeruan lehertzearekin batera jantzi dute zapi-gorria Udaletxe Plazan zeudenek. Ez da xanpainik eta zalapartarik falta izan, Sanferminen ongietorrian, baina iaz ez bezala, aurten Iruñean ez da arrautza jaurtiketarik ikusi. Suziriarekin hasi eta pobre de mi abestu artean, gau eta egunez ez da festarako gogorik faltako. Bederatzi egunez, Iruñera munduko bazter guztietatik etorriko da jendea. Garai honetan, Iruñeko populazioa bikoiztu egingo da. Batzuk, logela alokatuko dute, beste batzuentzat kanpina izango da egunotan beren etxea. Lo askorik egin gabe ibiliko direnak ere, asko izango dira.
Goizero Iruñeko kaleak zeharkatuko ditu entzierroak, Gaztelu Plaza eta Foruen Plaza musikaz jantziko dira, arratsaldetan zezenketak, gauean su artifizialak… hamaika irudi bitxi ikusi ahal izango dira egunotan.
Jaiak “segurtasun osoz” pasatzeko, Nafarroako gobernuak babes neurriak hartu ditu. Entzierroan korrituko dutenak arriskuez jabetzeko txostenak banatu ditu Udalak. Foru Poliziak, kale-garbitzaileek eta Gurutze-Gorrikoek izango dute nahikoa lan, bederatzi egun luze hauetan.
Sanfermin jaiak
Hasi dira Sanferminak Iruñean
Eguerdiko hamabiak puntuan bota du txupinazoa, IUN-NEBeko zinegotzi Idoia Saralegik, Iruñeko Udaleko balkoi nagusitik. Eguraldiak lagundu ez arren, Udaletxe Plazara zuri-gorriz jantzitako jende andana inguratu da. Gaur hasi eta bederatzi egunez luzatuko diren festetan denetarik egongo da: goizero entzierroa, kale animazioa, kontzertuak, zezenketak… Jaiak "segurtasunez" igarotzeko, Nafarroako Gobernuak babes-neurriak hartu ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu