Hasi orduko, bukatu

Imanol Murua Uria.
DONOSTIA
2005eko urtarrilaren 4a
00:00
Entzun
Oso bide luzea egin beharra du edozein autonomia estatuturen erreformak Espainiako Gorteetan, eta hala egin beharko luke Eusko Legebiltzarrak onartu berri duen lege proposamenak, lege organiko bihurtzekotan, baina izapidetzea hasi orduko Espainiako Kongresuko gehiengoak atzera botako duela aurreikus daiteke.

Eusko Legebiltzarreko lehendakari Juan Maria Atutxak Espainiako Kongresuko presidente Manuel Marini Estatutuaren erreformarako proposamena eskura eman eta Kongresuko erroldan hartzen dutenean hasiko da izapidetzea. Lege egitasmoa Kongresuari helarazteko beste modu batzuk bazituen aukeran, baina berak propio joatea erabaki du Atutxak, «Eusko Legebiltzarraren akordioaren garrantziagatik», ohar baten bidez jakinarazi duenez. Atzo artean ez zuen Marinekin hitz egiterik izan, eta datozen egunotan hitzartu nahi du Kongresura noiz joan.Behin erroldan sartuta, lege proposamena Espainiako Konstituzioaren eta Gernikako Estatutuaren irizpideen araberakoa den erabaki, eta proposamena kalifikatu beharko du Kongresuko Mahaiak. Erabakia hartzeko epe jakinik ez du Mahaiak, baina otsaila baino lehen ez du aztertuko behintzat, urtarril osoa lan saiorik gabea baita Kongresuan. Izapidetzerakoan legeria bete duen aztertu beharko luke Mahaiak, edukietan sartu gabe; beraz, teorian ez luke Mahaiaren izapidetzea pasatzeko arazorik izan beharko; litekeena da, ordea, PPk Mahaian ere atzera botatzea eskatzea. Hala ere, PSOEko (3), CiUko (1) eta IUko (1) mahaikideek izapidetzeko onartzea aski izango da, PPk lau kide ditu-eta Mahaian.

Eperik ez

Mahaitik osoko bilkurara joango da Eusko Legebiltzarraren akordioa, proposamena aintzat hartu eta zuzenketei buruzko negoziazioa hastea onartzen duen edo ez erabakitzeko. Lehenengo bozketa egiteko epe zehatzik ez dago. Mahaiak autonomia erkidegoetako lege proposamen arrunt gisa kalifikatuko balu, urtebete baino gehiago joango litzateke bozketa egin arte: autonomia erkidegoetako lege proposamen bakarra aztertu ohi du Kongresuak hilean, eta dagoeneko dozena bat proposamen baino gehiago daude erroldan, zain. Baina lege egitasmo arrunta ez denez, Estatutu erreforma gisa kalifikatu, prozedura berezia eman eta izapidetzea azkartu beharko luke Mahaiak. Erreforma proposamenentzako izapidetzea 1993ko martxoaren 16an Felix Pons orduko Kongresuko presidenteak emandako ebazpenak arautzen du.

Lehenengo bozketa honetan bukatuko da Ibarretxe Planaren bidea Espainiako Gorteetan, aurreikuspen guztien arabera, besteak beste PSOEk eta PPk kontra bozkatuko baitute. Baina ezustean Kongresuko diputatuen gehiengoaren babesa lortuko balu ere, hasiera besterik ez litzateke izango. Zuzenketei buruzko eztabaida hasiko litzateke orduan batzordean. Talde parlamentario bakoitzak bere desadostasun arrazoiak aurkeztuko lituzke, Batzordeko taldeen artean ez ezik Eusko Legebiltzarreko parlamentarioek osatutako ordezkaritzarekin eztabaidatzeko. Eusko Legebiltzarrak hartutako akordioa nahi beste aldatzeko aukera lukete Batzordean, aldaketa horiek gehiengoaren babesa izanez gero. Botoa Kongresuko diputatuek baino ez lukete izango, batzordean bezala osoko bilkurako behin betiko bozketan. Senatuak berretsi beharko luke, bukatzeko, lege organikoa.Juan Jose Ibarretxe Eusko Jaurlaritzako lehendakariak Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako Gobernuko lehendakariari negoziazioak hasteko eskatu badio ere, legeriaren arabera Espainiako Kongresuko eta Eusko Legebiltzarreko ordezkaritza parlamentarioen artean egin beharko litzateke estatutu erreformari buruzko negoziazioa, ez gobernuburuen artean. 1979an bezala.

-

1979-KO TRAMITAZIOA



 

Moncloan, azkenean





Gernikako Estatutuak 1979an jarraitutako bidearen antzekoa egin beharko luke Estatutu proposamen berriak, onartua izateko. EAEko Estatutua lehena izan zen izapidetzen, Euskal Legebiltzarkideen Asanbleak Gernikan onartutako proiektua hegazkin pribatu batean eraman eta Kongresuko erroldan Kataluniakoa baino lehentxeago sartzea lortu zutelako. Eusko Legebiltzarkideen Asanbleako ordezkaritzaren eta Espainiako Kongresuko eta Senatuko ordezkaritza mistoaren artean egin ziren negoziazio formalak, baina erabaki nagusiak UCDren eta EAJren arteko bi aldeko bileretan eta, batik bat, Adolfo Suarez Espainiako Gobernuko presidentearen eta Carlos Garaikoetxea Eusko Kontseilu Nagusiko lehendakariaren artean hartu zituzten, Moncloako Jauregian. Kongresuko Batzorde Konstituzionalean bi lehendakarien artean hitzartutakoa berretsi baino ez zuten egin, funtsean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.