Hasier Arraiz EH Bilduko koalizioko legebiltzarkide eta Sortuko Kontseilu Nazionaleko presidenteak hitzaldi hau egin du Donostiako bilkuraren amaieran:
"Batzuk eta besteek suspertze ekonomikoari buruz hitz egiten digute, albiste onak emateko irrikan daudelako. Baina datu hotzek suspertze ekonomikoa ezeztatzen dute, baita errealitate gordinak ere. Euskal Herriko jende askoren, familia askoren errealitate gordinak agerian uzten du ez dagoela suspertze ekonomikorik. Arrisku handi batez ohartarazi nahi diegu arinkeriaz suspertze ekonomikoa behin eta berriz aipatzen duten horiei. Gaur egun Euskal Herriko gizartearen baitan haustura sakona gertatzeko arrisku handia dago. Hausturaren alde batean lanpostuari eustea lortu dutenak, hausturaren bestaldean langabezian gelditu ala lan prekarioa hartu behar izan dutenak. Bi gizarte Euskal Herriaren baitan, bi gizarte gure herri, gure hiri bakoitzean. Batzuen ustez, batzuk horrela bizi izatera behartuta egotea ezinbestekoa da, egungo eredu ekonomiko eta sozialari eutsi ahal izateko. EH Bilduren ustez, euskal herritar horiek guztiak ezinbestekoak direlako, eredu ekonomiko eta soziala aldatzeko unea da. Gaur arrakala, pitzadura dena, bihar amildegia izan daitekeelako. EH Bildukook badakigu zein den gure tokia. Pertsona horiek guztiak gu bezalakoak direlako, klase berekoak gara, langile klasekoak. Gu gaude gure gizartean gehien sufritzen dutenekin, gu gaude etxea galtzeko arriskuan daudenekin, gu gaude ixteko mehatxua duen lantegian, gu gaude soldatarik gabe gelditu den familiarekin, gu gaude etorkizunik ikusten ez duten gazteekin, pentsiorik gabe uzten ari diren nagusiekin, gu gaude lan baldintza makurragoak onartzera behartuta dauden emakumeekin...baina beraiekin egotea ez da nahikoa.
Horregatik, hankak lurrean, irtenbide zehatzak proposatu behar ditugu. Beste politika ekonomiko eta sozialak egitea ezinbestekoa da. Batzuk Madrildik eta Bruselatik datorrena plantillaz kopiatzea beste erremediorik ez dagoela esaten digute. Eta guk, EH Bildutik, esaten diegu baietz, badagoela irtenbidea, badagoela alternatiba: hemen erabakitzen hastea. Euskal herritarrak behar dituzten politika ekonomiko eta sozialak hemen erabaki behar ditugu. EH Bildun gauden guztiok oraindik politikak gauzak aldatzeko tresna izan behar duela sinesten dugulako.
Hemen, Euskal Herrian, hemen behar ditugun politika ekonomikoak eta sozialak eta hizkuntza eta hezkuntza politikak ere hemen erabaki nahi ditugu. Baita gure etorkizun politikoa ere, Herri gisa hemen erabaki nahi dugu. Eskozian eta Katalunian bezala. Horregatik irailaren 18an EH Bildu Edinburgon izango da. Edinburgon ez ezik, euskal herri guztietatik ere bultza egingo dugu Eskoziako Historian egunik handiena izan dadin. Baina EH Bildu Bartzelonan ere izango da Diada definitiboan, guk ere espero baitugu Kataluniaren independentzia adierazi aurretik azken Diada izatea. Espainiar Estatuaren mehatxuen aurrean burua makurtzea eta ziaboga egitea ala herritarren borondatea errespetatuz, kontsulta egitea. Ukazioa eta debekua ala Herriari hitza eta erabakia. Gure ustez, Kataluniako instituzioek hautu egokia egin dute, beraien Herriarekiko ardura osoz jokatzen ari direlako. EH Bilduk ez ditu Kataluniako instituzioak eta herritarrak bakarrik utziko herritarrei hitza eta erabakia emateko ahaleginean.
Horregatik guk hemen Euskal Bidea egitea kataluniarrei egin dakieken mesederik handiena egitea da. EH Bilduk herriz herri lideratu behar du prozesu hori. EH Bilduk euskal herritar guztiak beren etorkizun politikoaren jabe egingo dituen prozesua lideratu behar du 5 arrazoiengatik:
- Gu garelako euskal lurralde guztietatik eraiki behar den proiektu nazionala dugun bakarrak.
- Gu garelako euskararen eta euskaraz bizi izatearen aldeko apustu tinkoa egiten dugun bakarrak.
- Gu garelako oztopo guztien gainetik herritarren borondatea bururaino eramango dugunak.
- Gu garelako herritar guzti-guztiak ondo bizi izateko eskaintza politikoa dugun bakarrak.
- Gu garelako patriarkatua gainditzeko ikuspegi feministatik beste eredu bat lantzen dugun bakarrak.
Proposamenak egiteko: entzun behar dugu. Herritarrei entzun, herri mugimenduei entzun, eragile guztiei entzun, entzun, entzun eta entzun. Guk proposamenak egiten dituen belarri bat izan behar dugu.
Erabakitzeko partekatu behar dugu. Erabakiek guztionak izan behar dute. Hartu-emanak. Alde anitzeko elkarrizketak. Erabakia hartzeko prozesua erabakia bera bezain garrantzitsua delako.
Eta eraldatzeko borrokatu. Borrokarik gabe ez da aldaketarik egongo. Inork ez dizkigu askatasuna eta justizia soziala oparituko, bakarrik borroka eginez lortuko ditugu.
EH Bilduk fase hau lideratuko du, herritarrekin eta herritarrentzat, gu garelako gizartea eraldatzeko burujabetza bururaino eramateko prest dagoen aktore politiko bakarra.
Horregatik animo eta lanera. Herriz herri, auzoz auzo, sekulako lana egin behar dugu. Eta nekatuta zaudetenean, lasai, atsedena har ezazue eta pentsa egiten ari garen guztia merezi duela, Euskal Herriak merezi duelako".