Espainiako Estatuko 150 gizarte eragile ingururen babesarekin joan zen atzo ministeriora Hassanna Aalia Saharako gazte ekintzailea, estatutik joateko epea amaitzen zitzaion egunean, Espainiako Barne Ministerioari eskatzeko eman diezaiola asilo politikoa. Izan ere, Marokoko auzitegiek bizi osoko zigorra ezarri zioten Aaliari, eta hark asiloa eskatu zion Espainiari, baina ukatu egin zion.
Asteartean, Juan Karlos Izagirre Donostiako alkatea Aaliaren familiarekin izan zen Aaiunen, Mendebaldeko Saharan, senideei elkartasuna adierazten. Izagirrek esan zien Aalia "ikur" bilakatzen ari dela: "Euskal Herrian beso zabalik jaso dugu, eta egunotan elkartasun ekintza ugari egiten ari dira".
Hassanna Aaliaren aita, ama eta anai-arrebekin elkartu zen Izagirre. Mohamed eta Meimuna gurasoak oso kezkatuta agertu ziren semearen egoerarekin: "Beldur gara ez ote duten berriro harrapatuko, kartzelan sartuko eta torturatuko". Donostiako Udalak iragan astean Hassanna Aaliaren alde onartutako erakunde adierazpenaren berri ere eman zien Izagirrek: "Testu horren bidez, gure elkartasuna eta babesa adierazteaz gain, asilo politikoa ematea ere eskatzen genuen, hala nola errepresioa amaitzea, preso politikoak askatzea eta autodeterminazio eskubidea errespetatzea".
Larunbatean, manifestazio jendetsua egin zuten Bilbon, Aaliarentzat asilo politikoa eskatzeko. Haren aldeko elkartasun mugimenduarekin bat egin dute bideo batean kultur, kirol eta beste esparru ugaritako eragileek.