Hatz guztiek PP seinalatzen dute

Maialen Unanue
2013ko abuztuaren 2a
15:37
Entzun

Iñaki Oiartzabalen ustez, Mariano Rajoy "sendo" aritu zen atzo diputatuen aurrean emandako azalpenetan. Adierazi du bere ustez "zintzotasunez" eta "sendo" aritu zela Espainiako presidentea. Horregatik, positiboki baloratu du atzoko agerraldia, eta Alfonso Alonso PPko bozeramailearen lana ere goraipatu du, "oposizioko buruak bakoitza bere lekuan" jarri zituela iritzita.

EAJren europarlamentari Idoia Bilbaoren ustez, presidentearen azalpenak "etsigarriak" izan ziren, eta "ez zuen bete espero zena". Rajoyk "gauza gehiegi argitu ez" zuen bitartean, EAJk "jarrera sendoa" erakutsi zuela uste du Bilbaok: "Esandakoren bat egia ez dela frogatzen bada, ondorio politikoak izan beharko ditu".

Berlusconi gogoan

Italian Silvio Berlusconirekin gertatzen ari dena ekarri du gogora Bilbaok, eta esan du "eserlekuari horrela eusteko gogo horrek, inguruabarrak zeintzuk diren kontuan hartu gabe, ez dio onik egiten politikari". Zentzu horretan, beste herrialde batzuetako politikariek erakutsi duten "seriotasuna" gogoratu du Bilbaok —doktorego tesiak kopiatzeagatik edo isunen bat ez ordaintzeagatik dimititu dutenak—, eta Espainiak "seriotasun" hori falta duela baieztatu du.

EAJri dagokionez, alderdiak urtero "irregulartasunik antzeman ez duten" kontu ikuskatzeak izaten dituela adierazi du Bilbaok: horregatik, PPk duen ardura onartu eta eurei gertatzen ari zaiena "gainontzekoengana ez zabaltzeko" eskatu dio.

EH Bilduk, berriz, atzo Espainiako senatuak ikusi zen "ikuskizuna guztiz lotsagarria" izan zela adierazi du. Ustelkeriaren aurkako borrokan ez Rajoy ez Rubalcaba ez direla "batere sinesgarriak" uste du EH Bilduk, eta atzo eman zituzten azalpenak "iraingarriak" izan zirela.

"Ustelkeria, txertatuta"

Koalizioaren ustez, Espainiaren politika egiteko moduan erabat txertatuta dago ustelkeria, presidentetik hasita, errege etxea eta alderdi politiko nagusienetara arte (PP-PSOE), baita "erakunderik garrantzitsuenak" ere (tartean Auzitegi Konstituzionala). Arazoa "ez da Rajoy, ezta sobreetan batu duten dirua ere", estatua eraikitzeko eredua litzateke arazoa, eta aldi berean, horrek "bere adar luzeak Euskal Herrian errotu izana". PPko beste agintari batzuen inguruan ere hitz egin du alderdi horrek.

Barcinari, adibidez, dimititzeko eskatu dio, "duintasun demokratikoagatik"; Javier de Andres Arabako ahaldun nagusiari dagokionez, berriz, "urduri" dagoela iritzi du EH Bilduk, eta bere ustez Bilboko PPren egoitzaren finantzaketaren inguruan bere azalpenak eman behar lituzke Batzar Nagusietan.

PSNko antolakuntza idazkari Santos Cerdanek adierazi du UPNk ez diola "inoiz ezetzik esaten" PPri, eta horren frogatzat jarri du UPNk ez zuela Rajoy presidentearen dimisioa eskatu atzo. "Hala egin izan balu, onartuko luke konponbide bakarra [Rajoyk] alde egitea dela, eta, kasu horretan, gauza bera eskatu behar lioke Yolanda Barcinari, are okerragoa dena, Barcinak ez baitu Rajoyk duen gehiengoa".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.