Espainiako Gorteetarako bozak

«Hau ez da politika; hau herri baten sentimendua da»

Azaroaren 20ko bozak Euskal Herria askatzeko «sekuentziaren» parte direla adierazi du Iñaki Antiguedadek

Iñaki Antiguedad, atzo, hitzaldi betean. JON URBE / ARGAZKI PRESS.
Iñaki Lasa Etura.
Donostia
2011ko azaroaren 13a
00:00
Entzun
Bumeranaren metafora erabili zuen atzo Iñaki Antiguedad Espainiako Kongresurako Amaiurren Bizkaiko zerrendaburuak Espainiako Gorteetarako hauteskundeek Euskal Herrian duten garrantzia nabarmentzeko. «Bumeran botoa da. Euskal Herrian jaurtikitzen da, Madrildik pasatuko da eta Euskal Herrira itzuliko da, indartuta». «Sekuentzia» baten parte gisa definitu zituen bozak. Hurrengo partea Legebiltzarrerako hauteskundeetara iristeko erronka dela zehaztu zuen, Patxi Lopez «okupa» eta PSEren eta PPren arteko «proiektu transgenikoa» kentzeko.

Belodromoko harmailak lepo beteta ikusita, atzokoa «klima politikoaren aldaketaren seinale» jo zuen. Anoetako ekitaldia berezia zela ziurtatu zuen, eta belodromoak leku propioa duela euskal politikagintzan: «Anoeta, hau ez da beste ekitaldi bat. Hau ez da politika, haratago doa. Hau herri baten sentimendua da, ezin da eserleku bidez neurtu».

Euskal herritar independentisten eskubideak errespetatzearengarrantziaz jardun zen Antiguedad. «Estatua ona bada espainolentzat, estatua ona bada frantsesentzat, zergatik ezin da estatua ona izan euskal jendearentzat. Estatua nahi dugu, beste estatuek daukaten ahalmen bera nahi dugu guk ere. Gaitasunik ez dugu nahi; ahalmen bera baizik».

Hauteskundeotan bi proiektu daudela adierazi zuen Antiguedadek. Amaiurrek «hitza eta erabakia» nahi dituela azaldu zuen,«estatuek dituzten tresnak» edukitzeko, «hanka sartu behar bada, sartzeko», eta «krisiari euskal herritar gisa aurre egiteko; Europan eta munduan». Euskal gizartearen gehiengoaren babesa zehaztu zuen koalizio abertzaleak egitasmo hori aurrera eramateko «berme» bakar gisa. «Ukazioarena» deitu zion beste proiektuari, eta haren berme bakarra «Estatuaren desegintasunaren» ideia dela azpimarratu zuen. Hala, Mariano Raxoiren, Alfredo Perez Rubalcabaren eta Yolanda Barcinaren argazkiak atzean zituela, euskal herritarren borondatea errespetatuko duten galdetu zien.

Euskal presoak eta haien senideak gogoan izan zituen Amaiurreko kideak, eta koalizioaren «bide orrian» daudela ziurtatu zuen: «Ez bakarrik bide orrian egon, etxera ekarriko ditugu». Jon Idigoras eta Arnaldo Otegi gogoratu zituen ere hitzaldian zehar.

«Elefantea» mugiarazten

Maite Aristegi Kongresurako Gipuzkoako zerrendaburua Espainiako Gobernuari mintzo zitzaion gehienbat. «Elefantea» mugitu egin behar dela adierazi zuen. Horregatik, gobernuari Gernikako Akordioa puntuz puntu betetzeko eskatu zion, euskal presoak etxera ekartzeko, kasu. Amaiur Euskal Herriarentzako «ezinbesteko tresna» dela adierazi zuen.

Anoetako mitinaren goizean Jose Luis Elkoro euskal presoarekin egon zela jakinarazi zuen Aristegik. Azaldu zuenez, Elkorok Xibertako akten liburua eskuetan zuela honako hau esan zion: «Orduko mezua eta gaurkoa, herriaren eskariak, berdin-berdinak dira. Hori da gure aberastasuna, arrazoia daukagula».

Ez zen Espainiako gobernariei egin dien eskaera bakarra izan; «errespetua» eskatu zien. «Ez gu nahastu arau eta legedien sasi artean, gaia oso sinplea da: errespetua. Erakuts dezala behingoz Espainiak heldutasun politiko eta demokratikoa». Aristegik «elefantea mugituko» dela adierazi zuen, Amaiur baita «konponbidearen aldeko botoa».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.