Eskola porrota, hazteko arazoak eta maila intelektual apalagoa. Horiexek dira txikitan lo egiteko arazoak izateak izan ditzakeen ondorio nagusiak, Eduard Estivill medikuaren arabera (Bartzelona, 1948). Lo egiten laguntzeko eta irakasteko tekniketan aditua da Estivill, eta EHUko Udako Ikastaroetan izan da.
Zein da ondo lo egiteko sekretua?
Loa ez da bat-batean agertzen, egun osoan prestatuz goazen zerbait da. Hori dela eta, garrantzitsua da hainbat ohitura errepikatzea egunorokoan. Lo egitera joateko eta jaikitzeko orduek antzekoak izan behar dute egunero. Elikadurak ere badu eragina. Gosaltzeko eta bazkaltzeko proteinak hartzea komeni da, eta afaltzeko pasta, barazkiak eta esnekiak. Lo egiten laguntzen duten substantziak dituzte jaki horiek. Horrekin batera, beharrezkoa da ohera joan baino bizpahiru ordu lehenago egunerokotik aldentzea: sakelakoa itzali, Interneten ez nabigatu, urduri jar gaitzakeen eztabaidarik ez izan...
Asko dira lo egiteko arazoak dituzten pertsonak. Nola egin aurre horri?
Lo ez egitea sintoma bat da. Horren atzean beti dago beste zerbait. Lo egiteko arazoak eragiten dituzten 40tik goraarrazoi daude. Arrazoi horietako batzuk gaixotasunei lotuta daude. Baina ez dira ohikoenak izaten. Lo ez egiteko arrazoi nagusia, egunean zehar pilatzen diren urduritasunak eta kezkak dira. Kezka eta urduritasun horiek horma moduko batzuk dira loarentzat.
Halako arazoak dituzten askok lotarako pilulak hartzen dituzte. Zein iritzi duzu botika horien inguruan?
Beste edozein botika bezala, erabiltzen diren moduaren arabera dira onak edo txarrak lotarako pilulak. Hartzen hasiaurretik, lo ez egiteko arrazoia argitu behar da. Urduritasun eta antsietate kasuetan lotarako pilulek ez dute laguntzen.
Halakok arazoak dituztenei komeni al zaie siesta egitea?
Egun osoan bi aldiz izaten dugu lo egiteko beharra: gauean,eta jaiki eta 6-8 ordura. Azken loaldi horrek laburra eta gauekoaren osagarri izan behar du. Ezin du 20 minutukoa baino luzeagoa izan. Eguerdiko lo kuluxka horri esker arratsaldeko jardun intelektuala %15-%20 hobeagoa izango da.
Zein ondorio ditu gaizki lo egiteak?
Helduentzathiru aipatuko nituzke: jardun intelektualagutxitzea, antsietatea eta lo egiteko botiken gehiegizko kontsumoa. Haurren artean, aldiz, ondorio nagusia eskola porrota izaten da.
Haur bat noiz hasten da jabetzen lo egin behar duela?
Ez da jabetzen, irakatsi egin behar zaio. Jaiotzetik egin behar da hori.
Zein da horretarako gakoa?
Ohitura bat den neurrian, errepikatuz ikasten da lo hartzen. Hori hala izateko, ohitura horren inguruan beti egon behar dute errepikatzen diren elementu batzuk. Kasu honetan sehaska, txupetea edo, lo egiteko, haurrak ondoan izaten duen peluxea edo panpina izango lirateke, adibidez. Garrantzitsua da, halaber, ohera joan aurretik antzeko ohiturak izatea, eta ahal bada haurra gurasoekin giro goxoan egotea. Horrek guztiak lo egiteko segurtasuna ematen dio umeari, eta, behin ikasiz doala, ohitura eta elementu horiek utziz joango da. Edozein ohitura ikasteko, irakasle bat behar izaten da. Haur batek bakarrik lo hartzen ez badaki, gurasoek ondo irakatsi ez diotelako da.
Duérmete niño (Egizu lo, ume) liburuan behin eta berriz aipatzen duzu haurrak bakarrik lo hartzen ikasi behar duela.
Bai, baina, esan dudan bezala, guk irakatsita.
Negar batean badago ere, bakarrik lo hartzen utzi egin behar zaiola defendatzen duzu.
Ez, hori ez da horrela. Guk egin behar duguna da haurrari hitzekin lo hartu behar duela azaldu. Sekula ez dugu bakarrik utziko, inguruan egongo gara. Negarrez badago ere, behin eta berriz errepikatuko dugu gauza bera, haurrak ikasi arte. Astebetean haurrak bakarrik lo hartzen jakingo du.
Baina ez al da hori gogorregia haur txiki batentzat?
Haur eskolan edo ikastolan hasten denean negar egiten du ume batek. Baina, horregatik, ez du traumarik heldua denean. Honekin berdin gertatzen da. Gainera, ez dago froga zientifikorik gure metodoa kaltegarria dela erakusten duenik. Alderantziz, traumaren bat duten haurrak gurasoekin lo egiten dutenak edo lo hartzen ez dakitenak dira. Beraz, gurasoek garbi izan behar dute haurraren onerako ari direla. Gaizki lo egiten duten haurrek hazteko arazoak izaten dituzte, eta maila intelektual apalagoa.
Zein ondorio ditu gurasoentzat haurrak gaizki lo egitea?
Ondorioak lo egiteko arazoak dituzten pertsonenak bezalakoak dira. Kasu askotan, amek jasaten dituzte ondorio horiek. Izan ere, oraindik ere haiek izaten dira gehienetan haurrak lo egin ezin duenean jaikitzen direnak. Baina, gure ustez, hori guraso bien lana da. Biek jakin behar dute haurrari lokartzen erakusten.
Haurtzaroan lo egiteko arazoak dituzten umeek, helduak direnean ere izaten al dituzte?
Bai. Haurtzaroan lo egiteko arazoak dituztenen artean ohikoagoak izaten dira arazoak.
Eduard Estivill. Medikua eta lo egiten laguntzeko tekniketan aditua
«Haur batek bakarrik lo hartzen ez badu, gurasoek ez diotelako ondo irakatsi da»
Bakarrik lo hartzea ohitura bat da, Eduard Estivill medikuaren ustez, eta haurrei jaiotzen direnetik erakutsi behar zaiela defendatu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu