hezkuntza

Haur eskoletan euskaraz ikasteko eskaerak eskaintza hirukoizten du Iruñean

Euskalgintzako taldeek, Sasoiak eta hainbat sindikatuk datuak jaso dituzte: udalak 164 toki eskaintzen ditu euskaraz, eta 500 eskaera hartu dituzte.

Haur eskolak euskaraz eskatzeko elkarretaratzea Iruñeko udaletxeko plazan. JAGOBA MANTEROLA, ARP
edurne elizondo
2014ko martxoaren 25a
07:41
Entzun

Martxoan egin du Iruñeko Udalak haur eskoletan izena emateko matrikulazio kanpaina. Euskalgintzak, Sasoiak eta ELA, LAB eta EILAS sindikatuek osatu lantaldeak ahalegina egin du udaleko agintariek egiten ez duten lana betetzeko: haur eskola euskaraz egin nahiko luketen gurasoen berri jaso dute, zuzenean haiei galdetuz. Jasotako datuen arabera, 500 pertsona agertu dira prest haien seme-alabak euskarazko haur eskolara eramateko, auzoan izanez gero. Iruñean, egun, bi haur eskolatan baino ez dute egiten euskaraz, eta biak daude Txantrean. Hau da, haur eskoletan 1.399 toki daude, eta 164 baino ez dira euskaraz.

"Haur eskolak euskaraz nahi ditugu auzo guztietan", nabarmendu du Kontseiluko Maite Indak. Jasotako datuak Iruñeko Udalari helaraziko dizkiote. Euskalgintzako taldeen asmoa da lan saioa egitea Nafarroako hiriburuko agintariekin, "egungo egoera bidegabeari amaiera emateko". Eskaerak eskaintza hirukoizten duela nabarmendu dute euskalgintzako taldeek, eta erantzukizunez jokatzeko eskatu diote Iruñeko Udalari.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.