Haur eta gazteen adimen osasuna zaintzera deitu dute psikiatrek

Nafarroan 2008an zerbitzu publikoan artatu gaixo berrien %21 hamasei urtetik beheitikoak ziren

edurne elizondo
Iruñea
2010eko abuztuaren 13a
00:00
Entzun
Nafarroako adimen osasun etxeetan 16 urtetik beheitiko ia 2.400 pertsona artatu zituzten 2008. urtean, sare publikoan. Hau da, gaixo berrien %21 ziren adin horretakoak. Azken urteotan gora egin du kopuruak, Nafarroako Adimen Osasunaren Foroko presidente Alfredo Martinezen hitzetan: «Kontua ez da gaixo gehiago dagoela, baizik eta diagnostikoa egiteko tresna gehiago dugula». Hala ere, arlo horretan oraindik zer hobetu badela azpimarratu, eta haur eta gazteen adimen osasuna zaintzera deitu du.

Funtsezkotzat jo du, batetik, gurasoen lana. «Adi egon behar dute, adimen osasunarekin lotutako arazoen berri ematen ahal duten seinaleetaz ohartzeko».Bertzetik, haur eta gazteekin aritzen diren pediatren, irakasleen, psikologoen eta bertzelako profesionalen parte-hartzeak duen garrantzia nabarmendu du. «Denen artean landu beharreko gaia baita gazteenen adimen osasuna».

2008an artatutako haur eta gazteen artean, arreta eskasiak sorrarazitako nahastea eta hiperaktibitatea ziren arazo nagusiak, bai eta antsietatea ere. Gazte anitzi, ordea, ezin izan zioten lehen unean diagnostiko argirik egin. «Anitzetan, adinarekin lotutako arazoak eta buruko gaitz batekin zerikusirik izan dezaketenak nahastu egiten dira», azaldu du Nafarroako Ospitaleen Guneko psikiatra Maria Zandiok.

Aldaketei so

Haur eta gazteen ingurukoek arretaz jarraitu behar dituzte haien jarreran gerta daitezkeen aldaketak. Horixe erran du Zandiok: «Aldaketa horiek denbora batez sumatzen baditugu, eskolan bat-batean huts egiten hasten bada haurra, edo bakarrik denbora anitz ematen, edo erraz haserratzen dela ikusten badugu, hobe dugu medikuarengana jo». Bazterketa egoera bizi duten haur eta gazteek arrisku gehiago dute adimen osasun arazoak izateko. Zandiok argi utzi du, halaber, umeek etxean jasotzen duten arretak ere baduela eraginik haien garapenean. «Helduen ardura da haur eta gazteen adimen osasuna zaintzea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.