Adingabe eta gazteek berebiziko garrantzia izan dute gaur Oñatin (Gipuzkoa) egiten ari diren genero indarkeriari buruzko nazioarteko jardunaldietan. Hainbat hizlarik nabarmendu dute 12 urtetik aurrerako adingabeen sexualitatea eta sexu eragile bezala duten izaera oharkabean pasatzen dela.
Franny Parren Rutgers WPFko abokatuak Gazteenganako Sexu Erasoak eta Biktimizazioa programari buruz hitz egin du, eta oinarrizko arazo baten berri eman du. Azaldu du umeari “sexu eragile” bezala duen lekua ukatzen diotela gizarte gehienek, eta horrek alor askotan eragiten duela. Gaia lantzen ez denez, datu gutxi dago horren inguruan; sexu eragiletzat hartzen ez direnez, ez da haien gaineko sexu indarkeria ere aztertzen.
Bestetik, daturik ez izateak, gaiari buruzko heziketarik ez izateak, sexu erasoa hasten den unea detektatzea zailtzen die. Parrenek azaldu du 12 urtetik aurrerako adingabeak ez direla gai detektatzeko nahita izandako sexu harremanen eta behartuta izandako sexu harremanen arteko ezberdintasunak: presioak, kohesioa...
Barbara Biglia Psikologia doktoreak hizkuntzaren erabilerak desagerrarazten dituen beste egoerei buruz hitz egin du. Genero indarkeria, familia eremuan gertatzen den indarkeria, emakumeen kontrako indarkeria... “Nahasketa handia dago terminoen erabilerarekin”, zehaztu du. Adiera bat edo bestea erabiltzeak errealitatea ezagutarazteko eta moldatzeko modu bat islatzen duela gaineratu du, eta, aldi berean, arazo orokor bat “pertsonalizatzeko” erabiltzen dela askotan.
Araudiak berak nolabaiteko aurreiritziak ezartzen dituela gaineratu du; Osasunaren Mundu Erakundeak eta Europako Batasuneko araudiek ematen dute aditzera genero indarkerian emakumeak direla biktimak, eta gizonezkoak erasotzaileak. Adiera horiek genero indarkeriaren zabaltasuna mugatzen dutela gaineratu du, eta LGTB kolektiboaren zein adingabeen berezitasunak agerian jartzeko ez dutela balio zehaztu du.
Segurtasuna hobetsi, harremanak "bigarren mailan" jarri
Genero indarkeria aztertzeko, nazioarteko kongresua hasi zuten atzo Oñatin, eta emakumeei gomendio argi bat egin zieten atzoko saioetan: "Lehenengo eta behin, beren burua babestu behar dute". Inoiz mehatxatzen badituzte segurtasunari lehentasuna emateko eta harremana "bigarren mailan" uzteko eskatu die Lilliana Ostojic Kanadako adituak.
Gizonei emozioak kontrolatzen eta ezagutzen erakusteko talde lanak egiten ditu Ostojicek. Indarkeria gauza "ohikotzat" hartzen dela ohartarazi zuen atzo. Oñatiko kongresuan atzo goizean aztertu zuten gaietako bat izan zen, hain justu, gizonek zer rol duten genero indarkerian.
Richard Wistowk azaldu zuen tratu txarrak eman izan dituzten gizonak elkarrizketatzen egin duen lana. Zehaztu zuen klase guztietako gizonekin lan egin duela, genero indarkeria gizarte osora zabaldutako fenomenoa dela agerraraziz. Itxaropentsu agertu zen, hala ere, gizon horietako askok aldatzeko gogoa adierazi diotelako.
Scott London ikerlariak ere datu baikorrak eman zituen. Ameriketako Estatu Batuetako unibertsitate batean bost urtean behin egiten ari diren galdeketa baten emaitzak aurkeztu zituen. Esaterako: 2004. urtean galdetutako emakumeen %17,3k onartu zuten inoiz mehatxu edo erasoren bat jasan zutela; 2009an, %9,4k onartu zuten.
Gizonezkoek, hain justu, genero indarkeriarekin "erantzukizun handia" dutela nabarmendu zuten kongresuaren atzoko beste saioetako batean. Mikel Otxotorena On:Giz taldeko kidearen hitzetan, "bada garaia gizonek rol aktibo bat hartzeko". Otxotorenak uste du ez dutela emakumeek bakarrik egin behar parekidetasunaren alde.
(Irudia: kongresuaren atzo goizeko saioetako bat)
Prostituzioa eta andreen salerosketa genero indarkeria gisa hartzeko eskatu dute
Atzo goizeko hitzaldi sortan aztergai hartu zuten, baita ere, genero indarkeriaren barruan prostituzioak daukan esanahia. Andrea Gutierrez ikertzaileak azaldu zuen "genero indarkeriaren adierazle" dela prostituzioa. "Sistema patriarkalaren zimenduetan du oinarria indarkeria horrek ere".
Gutierrezek alderaketa egin zuen prostituzioan jarduten duten eta gizonen aldetik indarkeria pairatzen duten andreen artean, eta ondorioztatu zuen "antzekoa" dela batzuen eta besteen egoera: gizonek eurekin kontrolez eta agintekeriaz jokatzen dutela, defentsarako modurik eta babesik gabe daudela, jasaten dutena gutxiestera jotzen dutela maiz...
Lege aldetik babes handiagoa eskatu zuen Gutierrezek; areago, lege proiektu bat ere ekarri zuen taxututa: prostituzioarekin dirua ateratzen dutenak eta prostituten zerbitzuak hartzen dituzten gizonak zigortzearen alde egin zuen, eta nabarmendu zuen estatuak betebeharra duela emakume horien eskubideak babesteko. Eztabaida sortu zen taldean: prostituzioaren legezkotasuna, Estatuak jokatu behar duen rola...
Atzo goizeko hitzaldietan maiz atera zen etorkinen gaia ere. Salaketen kopuru handia da haiena, immigranteen kopuru osoarekin alderatzen bada. Nolanahi ere, hizlariek nabarmendu zuten "etorkinen arazoa" soilik ez dela genero indarkeriarena.
Prostituzioari lotuta, andreen salerosketa izan zuten aztergai atzoko beste saio batean. Egungo egoeran andre horiek babesik gabe daudela azaldu zuten: "Sexu esplotazioa helburu duen salerosketa genero indarkeriatzat hartu behar da, eta lege askotan ez dago horrela. Lehen mailako biktimak eta bigarren mailakoak daude", ohartarazi zuen Mariola Serranok.
(Irudia: kongresuaren hasierako ekitaldia, atzo, Oñatin)
Genero indarkeria, ezberdintasunen "adierazpen larriena"
Kongresuari hasiera emateko, Izaskun Landaida Emakundeko zuzendariak eman zuen hitzaldia atzo goizean. Landaidak nabarmendu zuen genero indarkeria dela emakumeen eta gizonen arteko desberdintasunen “adierazpen larriena”.
“Premiazko arazo bat da, eta epe laburrean zein luzean esku hartzea eskatzen du. Ez da biktimen edo haien senideen arazo bat. Gizarte osoaren arazo bat da”, zehaztu zuen Landaidak. Horregatik, beharrezkoa ikusten du gizarte osoaren inplikazioa eta erakundeen arteko elkarlana sustatzea.
Emakundek genero indarkeriari aurre egiteko abian dituen egitasmo eta politiken berri ere eman zien Landaidak Oñatira bildutako nazioarteko adituei. Egitasmo edo politika horien ardatzak lau dira: sentsibilizazioa, prebentzioa, arreta eta babesa.
Sentsibilizazioa eta prebentzioa ezinbestekotzat jo zituen etorkizunean emakumeen aurkako indarkeriarik egon ez dadin. “Ikusgarri egin behar dugu indarkeria mota hori, jendeak gero eta garbiago izan dezan desberdintasunen ondorio dela, eta salatu egin behar dela. Hezkuntzak eta hedabideek lan handia egin dezakete horretan”.
Kasuak garaiz atzemateko beharra ere nabarmendu zuen Landaidak. “Lanean ari gara informazio eta arreta zerbitzuak hobetzeko eta bateratzeko. Erakundeen arteko elkarlana funtsezkoa da”. Zehaztu zuen biktimei eta haien seme-alabei arreta eta babes “osoagoa” emateko ari dela lanean Emakunde.
Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako Justizia sailburua ere izan zen Oñatiko kongresuan, atzo goizean. Esan zuen genero indarkeria "emakumeek mundu osoan egunero eta sistematikoki bizi duten diskriminazioaren eta desberdintasunaren adierazpide makurrena" dela.
Tratu txarren egileak berriro hezteko programan parte hartu duten gizonezkoen inguruko hainbat datu ere eman zituen Erkorekak. Jakinarazi zuen aurtengo lehen bost hilabeteetan 208 gizonek hartu dutela parte programan.
(Audioa: Josu Erkorekaren adierazpenak)
Nazioarteko kongresua
Lege Soziologia Institutuak, EHU Euskal Herriko Unibertsitateak eta Manchestergo Unibertsitateko Kriminologia Zentroak elkarrekin antolatu dute genero indarkeriari buruzko nazioarteko kongresua, EHUren Udako Ikastaroen barruan. 170 txosten aztertuko dituzte mundu osotik etorritako 200 bat adituk.
Genero indarkeria jasaten duten emakumeek zer arrisku faktore dituzten, emakumeen trata nola gertatzen den, gizonezko erasotzaileek zer portaera dituzten... Era askotako ikuspegietatik aztertuko dute gaia, asteazkenean hasi eta ostirala bitartean.