GIZARTEA

Haur guztiek kirola egiteko eskubidearen aldeko jaialdia

Irrien Lagunek eta Gipuzkoako Kirol Egokituen Federazioak jaialdia egingo dute otsailaren 9an. [Berriatb]http://www.berria.info/berriatb/2029/[/Berriatb]

Ainhitze Ruiz.
2014ko urtarrilaren 25a
00:25
Entzun

Gipuzkoako Kirol Egokituen Federazioa eta Irrien Lagunak elkartea elkarlanean ari dira Multiaktibitatea izeneko programa bultzatzeko helburuarekin. Proiektu horrekin, urritasuna duten haurrek kiroletan parte hartzeko duten eskubidea bultzatu nahi dute. Horren harira, Kirolaren irria denontzat jaialdia antolatu dute Donostia Kulturaren lankidetzarekin batera. Jaialdia otsailaren 9an izango da, 18:00etan, Donostiako Viktoria Eugenia antzokian.

Kantu eta dantza festa egingo dute Viktoria Eugenian, eta jaialdiaren helburua urritasunak dituzten haur eta gazteen eskola kirola bultzatzea da, eta, bide batez, baliabide ekonomikoa lortzea horrelako talde gehiago sortu eta urritasuna duten haurren kirol jarduera bermatzeko. Izan ere, behar bereziak dituzten haurren kirola pertsona kualifikatuek eskaini behar dute, eta, horrez gain, material berezia erabili behar da.

Urritasunak dituzten haur eta gazteek traba ugari izaten dituzte ohiko eskola kiroletan parte hartzeko. Hori dela eta, Gipuzkoako Kirol Egokituen Federazioak (GKEF) Multiaktibitatea deituriko programa jarri du martxan Gipuzkoako hainbat herritan: Donostian, Urnietan, Andoainen, Hondarribian eta Zarautzen.

Programa horren helburua urritasunak dituzten haurrek kirolaz gozatzea da, eta, jaialdiaren bidez, Gipuzkoako beste herrietara iristea lortu nahi dute, urritasunak izan arren haur guztiek izan behar dutelako kirola egiteko aukera eta eskubidea. "Federazioko atetik sartzen diren guraso guztiek daukate beren kasua, eta gu saiatzen gara irtenbide bat ematen guztiei", azaldu du Amaia Elizondo GKEFko ordezkariak, jaialdiaren aurkezpenean.

Dantza eta kantua

Jaialdiak dantza eta kantua izango ditu ardatz, eta abesti bakoitzean pertsona ezagunak eta zenbait elkartetako ordezkariak igoko dira agertokira, urritasunak dituzten haurren eskola kirolari babesa ematera.

Horien artean izango dira Porrotx eta Marimotots pailazoak, Lagun txakurrarekin batera, Lasarteko Dinbi Banda batukada taldea, Salto Bera Bera saskibaloi taldea, Donostiarra eta Hibaika arraun elkarteak, Jalgune, Donostiako suhiltzaileak, Beñat eta Unai Gaztelumendi bertsolariak, Goenkaleko antzezleak, Realeko futbol taldea, baita Gipuzkoako Kirol Egokituen Federazioko (GKEF) haurrak eta haien gurasoak ere, zeinak protagonista nagusiak izango diren.

Jaialdian parte hartzen dutenek Ane eta Piratak taldearen doinuekin gozatzeko aukera izango dute. "Dantzatzeko, abesteko eta ongi pasatzeko festa izango da, eta irria segurua izango da gurekin", esan du Anabel Arraizak, Ane Piratak. Gainera, jaialdian parte hartuko duten gonbidatu guztiek babesa adierazi nahi diete haur eta gazteei, baita horien familiei ere.

Hala esan du, esaterako, Andoni Iraola Reala Fundazioko kideak: "Gure ikuspegitik kirola heziketa da, eta, heziketa den neurrian, kirolak balioen transmisiorako balio du". Horrez gain, kirola ongizatearen eta bizipozaren iturri nagusienetakoa dela gaineratu du. Gainera, kirolak elkarbizitzarako, transmisio sozialerako, integrazio sozialerako eta beste hainbat gauzatarako balio duela ere azpimarratu du: "Kirolak unibertsala izan behar du, eta heziketa hori eskolan eman behar dela uste dugu. Eta unibertsala delako, haur horiek eskubidea eta aukera izan behar dute kirola egiteko. Urritasunak ez du zertan unibertsaltasun hori moztu, eta, horrenbestez, Reala Fundazioak ere programa horretan parte hartu du".

Beñat Gaztelumendi bertsolaria ere izan da jaialdiaren aurkezpenean, eta bertsoa botatzeko baliatu du: "Kirola gorputzera ondo egokitu / otsailak 9an gurekin gelditu / zure elkartasuna nahi dugu sentitu / kirolak irribarre denak behar ditu".

GKEFko ordezkariak hala azaldu du: "Guretzat oso garrantzitsua da haur horiek kirola egitea, abantaila asko ekartzen baitizkie". Besteak beste, psikomotrizitatea hobetu, autonomia handiagoa lortu, bizi-kalitatea hobetu eta beste neska-mutil batzuekin harremanak izateko aukera handiagoa ematen die kirolak. Oraingoz, hirurogei haur eta gaztek parte hartzen dute programa horretan.

Otsailaren 9ko jaialdirako sarrerak bederatzi, zazpi eta bost euroan daude salgai. Elkarrekin kantatu eta dantza egiteko festaz gain, proiektu horri laguntza emateko beste bide bat ere jarri dute martxan. Zero Lerroa deiturikoa, alegia. Horretarako, kontu korronte zenbaki bat jarri dute norberak nahi duena eman dezan, borondatez. Kutxako kontu zenbakia da: 2095 0611 08 1063871866.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.