Haur Hezkuntzako ikasleen ia %60k D eredua hautatu dute

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako 3-5 urtekoen %59,8k hasi dute ikasturtea euskara hutsean; %9,4k gaztelania hutsean

IRATI IZAGIRRE - DONOSTIA
2003ko irailaren 9a
00:00
Entzun
Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoako haurrek joan den astean hasi zuten ikasturtea. Nafarroako zenbait ikastetxetan eta Gipuzkoako, Arabako nahiz Bizkaiko ikastetxeetan, ordea, atzo izan zuten 2003-2004 urteko lehen eguna. Egun gogorra ikastetxera lehen aldiz sartu ziren haurrentzat eta haien irakasleentzat. Handitxoagoek motibazio gehiagoz egin zuten itzulera.

Donostiako Intxaurrondoko Hegoa ikastetxe publikoko haurrek, bederen, sorpresa ederra hartu zuten beren ikasgelak telebista nahiz argazki kameraz beteta ikusi zituztenean. Anjeles Iztueta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuaren bisitak baino oroitzapen handiagoa utziko die kazetarien galdera sortak eta flash zaparradak. Izan ere, Iztueta Donostiako ikastetxe horretara joan zen atzo ikasturteari hasiera ofiziala eman eta matrikulazio datuak zabaltzera; eta haren atzetik, nola ez, dozenatik gora kazetari.

Ikastetxeko atarian bertan azaldu zuen Iztuetak Gipuzkoako, Arabako eta Bizkaiko familiek elebitasunaren aldeko apustua egin dutela. «Haur Hezkuntzan matrikulatu direnen %90ek B edo D hizkuntza eredua hautatu baitute». Azken urteetan elebitasunaren alorrean «pauso garrantzitsuak» egin direla uste du sailburuak. Helburu hori bete dela eta «orain erronka nagusia eleaniztasuna» dela ere azaldu zuen Iztuetak. «Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza bukatuta, ikasleek, euskara eta gaztelaniaz gain, ingelesa ere menderatzea» da Eusko Jaurlaritzaren asmoa.

«Gure Hezkuntza sistema»

Hezkuntza sistemaren ildoak ere goraipatu zituen sailburuak. «Kalitatezkoa, berdintasunekoa eta pluraltasunaren aldekoa» da, haren hitzetan, Gipuzkoako, Bizkaiko eta Arabako hezkuntza sistema. «Norberaren eta urkoaren errespetua ditu oinarrizko balio, eta nork bere bidea errespetuz eta autonomian eraikitzea ahalbidetu nahi du». Iztuetaren irudiko, gainera, irakasleen kalitateak handitu egiten du gurasoek «gure hezkuntza sisteman» duten konfiantza.

Euskal Autonomia Erkidegoan dauden ikastetxe guztiek sare publikoan lan egiten ez dutela jakinik, ikasturte hasierako ekitaldiak LasartekoOlabide ikastolan (Araba) eta Bizkaiko ikastetxe erlijioso batean ere egingo dituzte datozen egunotan Eusko Jaurlaritzako ordezkariek.

D ereduaren gorabeherak

Eusko Jaurlaritzak atzo emandako datuen arabera, Haur Hezkuntzan matrikulatu diren haurren %59,8k D eredua hautatu dute. Azken hamarkadan, etengabe handitu da ehuneko hori. Iazko datuak hobexeagoak ziren, ordea. Haurren %62,18k hasi zituzten ikasketak euskara hutsean. Bestalde, adinean gora egin ahala, D ereduan hasitako haur asko beste ereduetara pasatzen direla azaltzen dute datuek. Haur Hezkuntzan matrikulatutakoen %59,8 ari dira euskarazko ereduan; Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzatik goiti, % 28,9k soilik egiten dute batxilergoa edo Lanbide Heziketa euskaraz. Tarte hori urtez urte ari da laburtzen. Hala ere, azkenaldian Lanbide Heziketa euskalduntzeko egindako saioek fruiturik eman ez dutela dirudi.

Adin guztiak kontuan hartuta, D ereduak iaz zuen ehunekoa mantendu du hala ere. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako haurren %47k euskara hutsezko ereduan egingo dute 2003-2004 ikasturtea. Irakasgaiak euskaraz nahiz gaztelaniaz eskaintzen dituen B ereduak bi puntu galdu ditu. Gaztelania hutsezko A ereduak, aldiz, hiru puntu egin ditu gora.

Intxaurrondo Hegoako ikasleek eta haurrak han uzteko beldurrez zeuden gurasoek, baina, ez zieten kasu handirik egin atzo Anjeles Iztuetak emandako datuei. Argazki kameren aitzinean bere poserik onenak ematea izan zen bi urteko neska baten kezka nagusia; aldamenekoaren arrakasta ulertzea beste batzuen lana; kazetariak galdera bat egin ziola-eta lotsatuta, negarrez ere aritu zen baten bat. Guraso gehienak, ordea, beren haurrak telebistan noiz agertuko ote diren galdezka aritu ziren.>

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.