Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan haurrik ez zutela lapurtu uste du Francisco Etxeberriak, auzitegiko mediku eta Aranzadi Zientzia Elkarteko presidenteak. Horren «froga objektiborik» ez duela aurkitu azaldu zuen atzo Eusko Legebiltzarrean, haur lapurtuen kasuak ikertzeko batzordean; ez frankismo garaian, ezta hurrengo hamarkadetan ere. Ordea, adopzio irregularrak egin zirela uste du. Horrenbestez, eztabaida «ordenatu» egin behar dela uste du. «Gertakarien testuingurutik at dago eztabaida».
Saturrarango emakumeen espetxeko (Gipuzkoa) kasuak ikertu ondoren ere, haur lapurreten «froga zientifiko objektiborik» ez duela atzeman azaldu du Etxeberriak; kontrakoa dioten lekukotzak daudela aitortu du, ordea. «Ia ezinezkotzat» jo du frankismoaren osteko garaian seme-alabak izan nahi zituzten amen eskuetatik jaioberriak kentzea, «are gutxiago» ospitale publikoetan.
Ikerketek kontrakoa baieztatuko balute frogak onartuko lituzkeela aurreratu du, ezagutzen duen medikuntzari buruz «etsipen handia» ekarriko lukeen arren. «Lapurtutako gizaki babesgabeen salerosketa gure gizartean inoiz ezagutu dudan krimen larriena litzateke».
Etxeberria biktimen elkarteekin bildu da, eta legebiltzarreanikuspuntu «kritikoa» azalduko duela adierazi du. Urte honetan «ustearen muga» gainditu egin dela, eta frogarik gabe ere lapurretak gertatu zirela egiatzat jo dela uste du. «Umeen ardura bere gain hartu ezin izan zuten emakumeak umea jaio eta berehala engainatu zituzten, adopzioan emateko; ordea, ez da frogatu frankismo garaian haurrik lapurtu zenik», berretsi du Etxeberriak.
Hezurren inguruko eztabaida
Gizartean lapurreten inguruan hedatu den ustearen zergatiak aztertu ditu. Gertakarien komunikazioaz eta Euskal Herriko testuinguru propioaz gain, sortu den «psikosiaren» zenbait ezaugarri aipatu ditu. Biktimen txostenak eskuratzeko zailtasuna aipatu du, eta hori hein handi batean antolaketa faltaren ondoriotzat jo du. Medikuek segitutako kasuen azalpen publikoa emateko debeku etiko eta legala dagoela gogoratu du, eta gaur egun «ulertezintzat» jo daitezkeela garai bateko protokoloak: «Jaioberriaren gorpua erakusteak familiaren mina handitzen zuela uste zen, batzuetan urdin edo ia beltz baitzegoen».
Bizkaian eta Gipuzkoan ireki diren hobien emaitzei buruzko informazioa ere «psikosiaren» barruan sartu du. Polloeko (Donostia) eta Derioko (Bizkaia) hobiak «hutsik» zeudela jakinarazi zen arren, Etxeberriak informazio hori zehaztu egin behar dela uste du. Giza aztarnarik aurkitu ez zen arren bi kasutan giza hondakinak egon izanaren aztarnak zeudela azaldu du. Egoera zehatz batzuetanhezurrak ia desagertu arte hondatu daitezkeela arrazoitu du.
Bi kasu horiei buruz kontrako iritzia agertu dute Carlos Cubero Auzitegi Medikuntzako Euskal Erakundeko zuzendariak etaLuis Miguel Kerejeta Patologia Zerbitzuko buruak. Polloeko eta Derioko hezurrak desagertzeko egoerarik ez zegoela azaldu dute, hau da, hobietan hezurrik agertu ez bazen bertan gizaki hezurdunik ehortzi ez zutelako izan zela. Ordea, kasu guztiak banan-banan aztertu behar direla gogorarazi dute.
Haur lapurreten «frogarik» ez du ikusi Etxeberriak
Aranzadiko presidenteak uste du, beste adituek diotenaz bestera, hobietako hezurrak desegin daitezkeela
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu