Haur lapurtuen auzia argitzeko Osakidetzak du «interes gehien»

Patxi Lopezek dio lapurtutako umeen atzean sare bat zegoela; EAEko fiskalaren ustez, «goiz» da hori esateko

Erredakzioa
2012ko urtarrilaren 20a
00:00
Entzun
Haur lapurtuen afera argitzeko «interes gehien» duena Osakidetza dela azaldu du osasun zerbitzu publikoko zuzendari Julian Perezek. Ume horien senideei «laguntza guztia» eskaini die Perezek, baina erantsi du Osakidetzak Datuen Babeserako Legea bete behar duela: «Ezin diogu historial bat eman eskatzen duen lehenengoari».

Patxi Lopez Eusko Jaurlaritzako lehendariak frogatutzat jo du ume lapurtuen auzian sare bat egon dela. Orain arte, hiru hilkutxa topatu dituzte hutsik; bat Bizkaian, eta beste biak Gipuzkoan. Lopezen iritziz, hilkutxa hutsak herrialde ezberdinetan egoteak erakusten du ume horiek ez zituela «pertsona batek edo bik» lapurtu, eta «sendagilez, erietxez eta hilerriz osatutako sare bat» dagoela horien atzean.

ETBko elkarrizketa batean egin zituen adierazpenok Lopezek, atzo. Kasu bakoitza «sakon» aztertu beharra dagoela irizten dio: «Ikerketa azkeneraino eraman beharra dago, erantzukizunak eskatzeko». Ume lapurtuen auzia «azken urteotako ikaragarriena» dela azaldu du Lopezek, eta gaineratu du Eusko Jaurlaritzak «baliabide guztiak» eskainiko dizkiela senideei afera argitzeko.

Juan Kalparsoro EAEko fiskal nagusiaren arabera, «goizegi» da umeen lapurreta erakunde kriminal baten erantzukizuna dela baieztatzeko. El País egunkarian eginiko elkarrizketa batean, Kalparsorok ohartarazi du hutsik topatu dituzten hilkutxen kasuan egon daitezkeen delituek ez dutela preskribatu, baina frogatutzat jo du delituak egin direla: «Ez badago umeen arrastorik, delitua dago». Delitu horiek izan daitezke agiri faltsutzea eta legearen aurkako atxiloketa, Kalparsororen arabera.

Aspertzen hasiak

Lopezen adierazpenak entzun eta gero, «agindutakoa bete» dezala eskatu dio SOS Haur Lapurtuak elkarteko presidente Flor Diazek, uste baitu orain arte ez dela «nahikoa» egin. Diazek esan du «aspertzen hasiak» direla «hitz politak» baino ez entzuteaz, baina aitortu du Lopezen hitzek itxaropena eragin diotela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.