Kalean da Espainiako Justizia Ministerioak ustez frankismoan eta ondorengo urteetan lapurtutako umeen auziak argitzen laguntzeko prestatu duen protokoloa. DNA testak doan egiteko aukera emango du, eta aski baliabide ekonomiko ez duten familiei, halaber, debaldeko laguntza juridikoa izateko aukera emango die. SOS Ume Lapurtuak elkarteko ordezkariek horiexek nabarmendu dituzte, bereziki, protokoloan ageri diren urrats positibo moduan; beren jardunean lagungarriak izango direla azaldu dute. «Oso positiboa da», adierazi du Gipuzkoako elkarteko bozeramaile Argiñe Lopezek.
«Orain arte pribatutik ari ginen». Galdutako senitartekoen berri izate aldera, ustezko biktimek orain arte beren poltsikotik ordaindu behar izan dituzte test genetikoak, eta horregatik deritzote aski baikorra protokoloak ezarritako doakotasunari. «Izan ere, diote banku bat [DNA laginekin] egingo dutela ofiziala», azaldu du Lopezek. «Denontzat hobeto izango da».Test horiek fiskalaren eskariz egingo dira.
Protokoloak debaldeko laguntza juridikoa izateko baldintzak ere zehazten ditu; hartara, ezintasun ekonomikoa ez da eragozpen izango kasuren bat argitu nahi duten pertsonentzat. Auzibideren bat abiatzekotan dabiltzan familia edo norbanakoek lehendabiziko urratsak biktimen elkarteen bidez egin ditzaketela ohartarazten du protokoloak.Horretarako, justizia administrazioaren partetik, elkarte horien jardunaren berri izan behar dutela dio, hartara, egoki ikusten badute, elkarte horiekin bat egiteko.
Hori ere aski baikortzat jo dute SOS Ume Lapurtuak elkarteko ordezkariek. «Ulertzen dugu elkarteoi laguntzeko prest daudela», azaldu du Lopezek. Eta pentsatzen du horrek lagundu egingo diela elkartera laguntza eske joaten zaizkien pertsonei «harrera hobea» ematen. Elkarte hauen gain jartzen du Justizia Ministerioak plazaratutako protokoloak, hurbiltzen diren pertsonei informazioa eskaintzeaz gain, premiazkoa denean, laguntza psikologikoa emateko ardura ere. Premian diren pertsonei harrera egiteko, informazioa emateko, epaiketan laguntzeko eta zauri psikologikoak osatzen laguntzeko elkarteak direla onartzen du.
Gipuzkoako Diputazioan
Gipuzkoako Foru Aldundiko Gizarte Politikako diputatu Ander Rodriguezek eta Eskubide Ekonomiko, Haurren Babes, Gizarteratze eta Enplegu zuzendari Jon Lasak harrera egin zieten atzo, Donostian, SOS Ume Lapurtuak elkarteko hainbat ordezkariri. Lankidetzarako borondatea erakutsi zieten foru agintariek elkarteko kideei. «Laguntzeko prest gaude. Arretaz izapidetuko dugu gure esku dagoen guztia», nabarmendu zuen Rodriguezek.
Gizarte Politikako Departamentuak dituen baliabideen berri eman zien elkarteko ordezkariei, bai eta filiazio datuak eskuratzeko nondik norakoak ere. Izan ere, Gipuzkoako Foru Aldundiko Gizarte Politikako Departamentuaren ardura da Fraisoro etxeko —gurasoek zaindu ezin zituzten Gipuzkoako neska-mutilak han egoten ziren garai batean— espedienteen inguruko kontsulten zaintza eta arreta. Espedienteen inguruko eskaerak non aurkeztu behar diren esplikatu diete elkarteko ordezkariei, eta zein agiri eta informazio klase aurkeztu behar diren horretarako.
Euskal Autonomia Erkidegoko 2005eko lege batek, Haurrak eta Nerabeak Zaintzeko eta Babestekoak, berariaz aitortzen du pertsona adoptatuek eskubidea dutela beren guraso biologikoen identitate datuak jakiteko. Legeak dio herri administrazioak derrigortuta daudela informazio hori eskaintzen duen adoptatuari ematera, eta ildo horretan egin du aldundiak laguntza proposamena. Guraso biologikoen datuak, betiere, adoptatuari bakarrik emango zaizkio, eta eskaera hirugarren pertsona batek egiten badu, bestelako prozedura bat jarraitu beharko da. Alor horretan izan ditzaketen dudetan, laguntzeko prest dago diputazioa.
Haur lapurtuen auziak argitzeko, DNA testak doan egingo dituzte
Espainiako Justizia Ministerioak atera duen protokoloa pozik hartu du SOS Ume Lapurtuak taldeak: «Positiboa da»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu