gizartea

Haur lapurtuen auzian lanak koordinatzeko batzordea osatu du Jaurlaritzak

Ines Ibañez de Maeztu Giza Eskubideen zuzendariak koordinatuko du. Juan Kalparsoro epaileak esan du kasu aurreratuena Bizkaian hutsik agertu zen hilobiko haurrarena dela eta ginekologo batek auzipetu moduan deklaratu duela.

2012ko urtarrilaren 26a
15:49
Entzun

Idoia Mendia Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak jakinarazi duenez, Barne, Justizia eta Osasun Sailak haur lapurtuen auzian koordinatzeko batzordea sortu du, Inez Ibañez de Maeztu Giza Eskubideen zuzendariaren ardurapean. Gaur goizean Mendia eta Ibañez de Maeztu Juan Kalparsoro EAEko Justizia Epaitegi Goreneko fiskal nagusiarekin bildu dira orain arte salatu diren kasuak aztertzeko.

Kalparsorok esan du Gipuzkoak 126 salaketa izan direla eta horietatik bederatzi artxibatu dituztela; besteak ikertzen ari dira. Araban 31 izan dira salaketak eta Bizkaian , 74; azken horietatik 21 artxibatu dituzte. Jaurlaritza bihar Anadir eta SOS Haur Lapurtuak elkarteetako ordezkariekin bilduko da, orain arte bildutako datuen berri emateko. Gasteizen haur lapurtuen kasuak salatzeko bilkura egitera deitu dute Andra Mari Zuriaren plazan, 11:30ean.

1940ko hamarkadatik, 1993. urtera

Kalparsorok gaur adierazi du orain arte ikerketa aurreratuena Bizkaiko haur baten ustezko lapurratarena dela. Ireki zuten lehen hilobia izan zen, eta hutsik agertu zen. Haur hori 1993. urtean jaio zen. Kalparsorok esan du auzi horretan ginekologo batek auzipetu moduan deklaratu duela. Gipuzkoan hutsik agertu ziren hilobien kasuetan ez dago oraingoz auzipeturik.

Lehen kasuak 1940ko hamarkadakoak dira. Kalparsorok esan du orain arte aztertutako kasuetan pertsonen arteko "loturak" daudela iradokitzen dutela baina oraindik ez dagoela nahikoa froga erakunde kriminal bat izan zela frogatzeko. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.