1940tik 1990era arteko haur lapurtuen auzia dela eta, 570 pertsonak informazioa eskatu dute Gasteizko, Donostiako eta Bilboko hilerrietan. Eskari gehien jaso duen hilerria Donostiakoa izan da: 332. Bilbokoak 186 jaso ditu, eta Gasteizko hilerrietan 50 eskari inguru jaso direla jakinarazi dute. Ordea, hilerri horietako arduradunek nabarmendu dutekasu gehienetan ikerketan aurrera egiteko informazio baliagarria ematerik ez dutela izan hilerrien funtzionamendua dela eta.
Hilerrietan bi eremu daudela azaldu dute arduradunek: denbora tarte jakin batez jabea duten panteoiak, batetik, eta lur eremu publikoa, bestetik. Eremu publiko horretan egiten diren lurperatzeen kokapena ondo zehazten da, baina hilerria lekurik gabe geratzen denean, hezurrak hobitik atera, eta hezurtokian biltzen dira. Ehorzketa gehiago egiteko lekua behar denean baino ez dute hori egiten hilerriek, eta, legez, gutxienez bost urte egon behar dute lurperatuta, orduan galtzen baitute gorpu izaera.
Bilboko hilerrian, adibidez, informazio eskaerak aztertutakoan ohartu ziren horietatik zortzi baino ez zeudela familiako hobietan. Beste bat, lurretik atera ondoren, panteoi batera mugitu zuten, eta beste bat panteoi komunean dago. Ordea, gainontzeko guztiak hezurtegi nagusian daude, eta hara heltzen direnetik ezin dira beste hezurretatik bereizi, Josu Garbisu Bilboko hilerriko arduradunak azaldu duenez. Donostiako eta Gasteizko hilerrietan egoera bertsua dutela jakinarazi dute.
Eusko Legebiltzarrean haur lapurtuen eta adopzio irregularren auzia aztertzen ari den batzordean hitz egin zuten hiru hiriburuetako hilerrietako arduradunek, atzo. Ohiko funtzionamendua azaldu zuten; horrekin lotuta, jakinarazi zuten ez dituztela hilkutxak irekitzen familiak hori eskatzen ez badu. Legeak hori egiteko aukera ematen duela baieztatu dute. Bestela, hilkutxak lurperatzeko heriotza agiria eta lurperatze baimena baino ez direla behar azaldu dute.
«Itxaropen handia»
Gasteizko eta Bilboko erregistro zibiletako arduradunek azaldu dute eskatu dieten informazioa eman dutela, eta gaineratu dute erregistro horietara nahi bestetan jo dezakeela Ertzaintzak. Dena den, azaldu dute informazioa eskatzen duten zenbait pertsona atsekabetuta geratzen direla jasotzen dutenarekin, erregistroan dagoena ez delako espero zutena. «Adopzioan eman zuten emakume bat gugana etorri zen informazio eske, baina hemen genituen agirietan zetorren bakarra zen domina txiki batekin eta artilezko xal batekin utzi zutela», azaldu du Alicia Sanchez Bilboko Erregistro Zibileko arduradunak.
Araudietan egon diren aldaketak gogorarazi dituzte. Hiltzen ziren jaioberrien eta jaio eta berehala adopzioan ematen zituztenen kasuan informazio ezberdina eskatzen zela azaldu dute. Hildakoei dagokienez, amaren izena eta abizena agertzen zen beti. Ordea, umea adopzioan ematen zenean amak ez zuen zertan izena jarri. «Garai batean desohoretzat jotzen zutena ezkutatzeko eskubidea zuen amak», jakinarazi du Sanchezek. Horrek talka egiten zuen seme-alabek haien jatorria ezagutzeko eskubidearekin, eta, gaur egun, eskubide hori lehenetsi dute; hau da, gaur egun beti jartzen dute amaren izena.
Erregistro zibiletako artxiboetan hutsune batzuk daudela aitortu dute. Maria Estela San Miguel Gasteizko Erregistro Zibileko arduradunak jakinarazi du Gasteizkoan 1955, 1956, 1963 eta 1967. urteetako datuak falta direla eta beste batzuk oso egoera txarrean daudela. Halere, nabarmendu du dauden erregistroetan ez dutela «irregulartasunik» antzemaneta gaineratu du irregulartasunik egotekotan erregistrora heldu aurretik gertatuko zirela: «Erizain eta mediku bat azpijokotan ibiliz gero, ez dut uste erregistrora datu errealekin joango zirenik».
Haur lapurtuez 570 informazio eskari hilerrietan
Erregistro zibilean eta hilerrietan ikerketetan aurrera egiteko dauden zailtasunen berri eman dute legebiltzarrean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu