Jolasa hizkuntza ikasteko baliabide gisa defendatzen du Vanesa Amatek, Viceko Unibertsitateko (Herrialde Katalanak) irakasleak. Amat Donostian izan zen iragan astean, Kontseiluak eta Hik Hasik hezkuntzari buruz egindako jardunaldietan. Besteak beste, ikasle etorkinek katalana ikasteko ekinbideez jardun zuen.
Nola ari da funtzionatzen Kataluniakomurgiltze eredua?
Leku batetik bestera asko aldatzen da errealitatea. Dena den, ezagutza gero erabileran ez islatzeak kezkatzen gaitu batez ere. Horretan desoreka bat dago, batik bat ikasle etorkinen artean. Izan ere, eskolan ikasi arren, gero askok etxean ez dute erabiltzen, haien senideek ez baitakite. Inguruak ere badu zeresana horretan. Gu, adibidez, Vicen bizi gara. Inguru hartan katalana asko erabiltzen da. Beraz, haur etorkinek ere hala egiten dute. Natural egiten dute, gainera.Beste herri batzuetan, Bartzelonan eta Sabadellen, adibidez, gehiago kostatzen zaie. Gure xedea da hiri eta herri horietan ere erabileran islatzea ezagutza.
Katalunian hainbat ekinbide sustatu dituzte ikasle etorkinen familiak katalanera erakartzeko. Nolakoa izan da emaitza?
Oso ona. Ekimen nagusia ikastordu batzuetan ikasle etorkinen gurasoak eskolara joatea da. Han hainbat gauza egiten dituzte, ikasleekin batera: jolasak, tailerrak... Horren bidez, gure hizkuntzara gerturatzen dira. Azken batean, katalana jakiteak duen garrantziaz eta erabilgarritasunaz jabetzen dira. Beste familia batzuekin egiten dutenez, prozesu hori errazagoa da. Gainera, irakasle eta gurasoen artean harreman bat dago, eta horrek erraztu egiten du umeen ikasketa prozesua.
Ikasketa prozesu horretanhizkuntzarekiko identifikazioa ere sustatu behar dela esan duzu hitzaldian.
Funtsezkoa iruditzen zaigu hori, eta ez bakarrik haur etorkinen artean. Izan ere, hizkuntza bat ez da komunikaziorako tresna bat soilik. Zure nortasunaren zati bat da, eta harekin duzun identifikazioaren arabera erabili eta mantenduko duzu. Oso garrantzitsua da txikitatik hori sustatzea. Horrek egingo du haurrek hizkuntzarekiko interes eta sentiberatasun handiagoa izatea.
Gaitasun eta identifikazio horiek lortzeko jolasak garrantzi handia du, ezta?
Bai. Haur Hezkuntzako oinarri pedagogikoetako bat da jolasa; eta, nola ez, hizkuntza bat ikasteko orduan, funtsezkoa da. Azken batean, hizkuntza bat ikasteak duen alde ludiko eta sortzailea ere indartu behar da.
Ikasle etorkinei euskara irakasten ari zaien irakasle askok materiala falta dela salatzen dute.Katalunian nolakoa da egoera?
Egoera antzekoa da, nahiz eta Lehen Hezkuntzako hirugarren mailatik aurrerako haurrentzat baditugun politika eta ekimen komun batzuk: harrera gelak, adibidez. Baina hortik aurrera, ikastetxe bakoitzak lan egiteko bere modua dauka. Izan ere, inguru bakoitzean errealitatea bat da. Dena den, iruditzen zait hizkuntzaren alorrari begira harrera programa globalago bat jarri beharko litzatekeela martxan.
Nola funtzionatzen dute etorkinentzako harrera ikasgela horiek?
Eskolara iritsi berri diren ikasle etorkinentzat dira, eta xedea da ahalik eta azkarren izatea katalanaren oinarrizko ezagutza bat, ohiko ikasgelan ahalik eta ondoen egoteko. Hizkuntzaren ikuspegitik, oso emaitza onak izan dituzte.
Zu halako ikasgelen aldekoa zara, hortaz?
Txikienen artean, ez. Horiek beste ikaskideekin egonda ikasten dute hizkuntza; modu naturalean, gainera. Esperientziak partekatze hori oso garrantzitsua da. Helduagoen artean, beharbada, beharrezkoagoa da laguntza hori. Baina uste dut, gizarteratzearen eta afektibitatearen ikuspegitik, oinarria eguneroko ikasgelak izan behar duela.
Nola ikusten dituzu hemengo hizkuntz ereduak?
Nik uste alde onak eta txarrak dituztela. Onak dira, gurasoei askatasuna ematen zaielako seme-alaben ikasketa eredua aukeratzeko. Baina, bestetik, argi dago D eredua dela euskara jakitea bermatzen duen bakarra eta eredu horretan ikasten dutenek ere gaztelania badakitela.
Zer iruditzen zaizue Eusko Jaurlaritzak abian jarritakohiru eleko hizkuntz sistema?
Ikasleek gaur egun duten ingeles maila hobetu behar da. Baina sistema hori arriskutsua da, batez ere hizkuntza gutxituei kalte egiten badie. Politikariek badakite gurasoei seme-alabek ingeles gehiago ikasiko dutela esanda eredu horren alde egongo direla. Baina benetako errealitatea azaldu behar zaie. Gainera, eredu hori aurrera eraman behar duten irakasleak behar bezala prestatuta ez badaude, alferrik da. Beraz, irakasleen ingeles maila hobetu behar da, eta bermatu hizkuntza gutxituek ez dutela kalterik izango.
Vanesa Amat. Viceko Unibertsitateko irakaslea
«Haurrak beren hizkuntzarekin identifikatzea bultzatu behar da»
Hiru eleko hezkuntza eredu bat egoki ikusten du Vanesa Amat irakasleak, betiere hizkuntza gutxituei kalte egiten ez badie.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu