Manuel Garcia. Irakaslea eta psikologoa

«Haurrei erakutsi behar diegu beste jokabide batzuk badaudela, indarkeriaz gain»

Manuel Garciaren arabera, «guztiek dute zer ikasi» asertibitatearen inguruan: gurasoek, irakasleek eta haurrek. Termino horri buruz aritu da EHUko udako ikastaroetan, Donostiako Miramar jauregian.

Donostia
2012ko uztailaren 26a
00:00
Entzun
Asertibitatearen bi oinarriak bere egiten ditu Miguel Garciak (Madril), hitz egiten duenean; irmoki defendatzen ditu bere ideiak, baina, aldi berean, errespetuz eta lasaitasunez. Haurrek ere bertsu jokatu behar dute, haren ustez. Agresibitatea eta pasibitatea alde batera utzi, eta asertibitatez jokatzen ikasi: «Haur eta nerabeei erakutsi behar diegu, indarkeriaz gain, badaudela beste jokatzeko era batzuk».

Egoera jakin batzuetan, oldartu egiten dira haurrak. Zergatik?

Gizakiak guztia ikasi behar du, senean daramatzan ezaugarri eta jokabide batzuk izan ezik; eraso egitea da horietako bat. Jaiotzen direnetik egiten dute eraso haurrek, euren burua arriskuan ikusten badute. Arazoa ikasketa prozesuan dago, sisteman; haurrei beste jokaerarik erakusten ez bazaie, eta oldarkor jarriz eta eraso eginez nahi dutena lortzen badute, hori egiten jarraituko dute hazten doazen heinean. Hori da erronka: haurrei erakutsi behar zaie alternatibak egon badaudela; izaera oldarkorra alde batera uzten duten aukerak badaudela irakatsi behar zaie. Indarkeria alde batera utziz hobeto bizi daitezkeela ikusarazi behar zaie.

Aukera horietako bat da jokaera asertiboa. Zertan datza, zehazki, termino hori?

Gizartean pertsona pasiboak eta oldarkorrak daude. Batzuek arazoari ez diote jaramonik egiten, edo ez dira gai konpontzeko, norbaiti aholku eskatu gabe. Beste batzuek zuzenean indarkeria erabiltzen dute konpontzen saiatzeko. Bi jokaera horien artean kokatzen da pertsona asertiboa: bere ideiak irmo defendatzen ditu, baina besteekiko errespetua mantenduz.

Nola erakutsi umeei asertiboak izaten? Ikasketa prozesu bera jarraitu behar dute umeek eta nerabeek?

Umeei eta nerabeei ematen zaien heziketa asertiboa desberdina da, euren gaitasunak ere desberdinak direlako. Umeei ezin zaie erakutsi asertiboak izaten, ez dutelako gaitasunik ulertzeko. Irakatsi ordez, hezi egin behar dira. Kutsu asertiboa duten ekintzak egin behar dira umeen aurrean; jokabide horiek ikusi egiten dituzte haurrek lehenbizi, eta imitatu egiten dituzte gero. Handik urte batzuetara, hazten direnean, guraso eta irakasleen ekintza horien balioaz ohartzen dira; ikusten dute beste jokabide batzuk badaudela arazoei aurre egiteko, indarkeriaz gain. Nerabeek, berriz, jadanik jokabide konkretu batzuk dauzkate barneratuta. Pentsatzeko era jakin bat dute; hori aldatzea da gakoa. Horretarako, tailerrak antolatzen dira haiekin, adibide praktikoak erakusten zaizkie, ikusteko zer ezberdintasun dauden jokaera asertibo eta oldarkor baten artean. Oro har, bi jokaeren artean dauden aldeez jabetzen dira, eta ikusten dute hobeto bizi direla era asertiboan pentsatuz.

Guraso eta irakasleek ere edukiko dute zer ikasi, ezta?

Gurasoei dagokienez, bilera bat egiten dugu haiekin; euren seme-alabei ezarriko zaien programa asertiboa azaltzen diegu, eta argibide batzuk ematen dizkiegu, haurrekin nola jokatu behar duten esplikatzen diegu. Irakasleekin ere antzeko prozedura jarraitzen dugu: informazioa ematen diegu proiektuaren inguruan, eta tarteka jarduera batzuk antolatzen ditugu. Esaterako, gaur [atzo], komunikazio asertiboaren inguruko hitzaldi bat emango dut, guraso eta irakasleei zenbait teknika erakusteko. Dena dela, argibide horiek haurrekin programa hasi aurretik ematen dira beti.

Programa finkorik ba al dago asertibitatearen inguruan?

Bai. Guk, esaterako, Escepi izeneko plana egin dugu haurrentzat, eta Avancemos izenekoa nerabeentzat. Konkretuagoa da lehenengoa; helburu nagusia eta bakarra haurren arteko eraso kopurua murriztea da. Avancemos, berriz, zabalagoa da; esparru gehiago biltzen ditu, nerabeengan lan sakonagoa egin behar delako.

Arrakasta al dute?

Oraingoz, behintzat, emaitza oso onak erdietsi dituzte biek, batez ere Escepik: aplikatu duten ikastetxe guztiek bete dituzte aurrez ezarritako helburuak. Eraso kopurua jaitsi da, ikasleek emaitzak hobetu dituzte... Are gehiago, irakasle asko oso pozik daude planak emandako emaitzekin; ikasleei erro karratuak erakustea baino praktikoagoa dela iritzi diote. Gure ustez ere, hala da. Erro karratua kalkulagailuak ebatz dezake; arazo baten inguruan egoki jokatzea, berriz, konplexuagoa da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.