Aurtengo udaberrian elkarrekin adostu zuten elkarlan mahaiaren barruan egingo dute bilkura; Hekimenen arabera, hauxe izango da helburua: "Euskal hedabideek osatzen duten sektorearen inguruko diagnosian sakondu eta hizkuntza politika egoki batek kontuan hartu beharko lituzkeen aldagai guztien inguruan hausnarketa bateratua egitea".
Hekimenek beharrezkotzat jo du sektorearen inguruko irakurketa "pausatua eta sakona" egitea, euskal hedabideei horrek lagunduko dielakoan aurrean dituzten erronkei aurre egiten eta sektorea "garabidean" jartzen. Alde horretatik, elkarteak nabarmendu du hizkuntza politika egoki batek diru kopuru handiagoak eskatzen dituela, "hizkuntzaren garapenerako estrategikoak diren euskal hedabideak egoera larrian daudelako, eta Jaurlaritzaren aurrekontu orokorrekiko pisu espezifikoa galtzen ari delako sektorea etengabe".
Bestetik, elkarteak uste du epe luzeko begirada eskatzen duela egoerak: "Begiratu behar dugu zer hedabide sare behar dugun gutxien-gutxienez (arloka eta geografikoki), eta diru laguntza politika egoki batek lagundu behar luke gutxieneko egitura hori sendotzen, eta gaur egungo laguntza politika ez da nahikoa berme horretarako".
Hekimeni beharrezkoa iruditzen zaio adostea hedabide horiek nondik nora garatu behar diren, zein irizpideren arabera: "Irismena handituz, kalitatea sustatuz, eraginkortasun soziala azpimarratuz, autofinantzaketa landuz, efizientzia areagotuz". Oinarri horien inguruan "gogoeta zabala" egiteko beharra azpimarratu du Hekimenek, eta gaineratu hori administrazioekin egin behar duela: "Hori egin ezean, nekez gara daiteke hedabide sare kalitatekoa, eraginkorra eta askotarikoa".