Nafarroak atea itxi egin dio haustura hidraulikoari. Parlamentuak gasa erauzteko teknika hori debekatzen duen legea onartu du gaur. 27 boto jaso ditu alde PSNk aurkeztutako testuak, eta 23 kontra; UPN eta PPN agertu dira legearen aurka. Batzordeko eztabaidan abstenitu egin zen UPN, baina gaurko osoko bilkuran ezezkoaren alde egin du. Nabarmentzekoa da asteon bertan Europan haustura hidraulikoaren inguruko ikerketa geldiarazi nahi zuen proposamenaren aurka agertu dela Nafarroako Gobernuko presidente Yolanda Barcina bera, Eskualdeetako Lantaldearen bileran. PPNk hasieratik agertu duen jarrerari eutsi dio parlamentuko gaurko saioan.
Eztabaidan, PSN, Bildu, Aralar-NaBai eta Ezkerra haustura hidraulikoaren aurka mintzatu dira, eta mahai gainean jarri dituzte teknika horrek dituen arriskuak, eta ingurumenari eragiten dizkion kalteak. Erabiltzen duten hainbat herritan atzera egiten ari direla gogoratu du, adibidez, Ezkerrako Marisa de Simonek. PSNko Carmen Otxoa parlamentariak, berriz, nabarmendu du "uraren aldeko apustua" gasaren aldekoa baino garrantzisuagoa dela. Bilduko Victor Rubiorentzat, anitz dago jokoan: "Zer-nolako eredu energetikoa nahi dugun, hori da kontua". Rubioren hitzetan, erregai fosilak oinarri dituen eredua "agortuta" dago. "Eredu energetiko berri baterantz bideratuko gaituen trantsizioaren alde egin behar dugu", erantsi du. Aralar-NaBaiko Txentxo Jimenezek eskuinak haustura hidraulikoaren alde egiteko dituen "interes ilunak" nabarmendu ditu.
Arriskuak eta kalteak ukatu gabe, ikerketari ezin zaiola atea itxi adierazi dute UPNk eta PPNk, hain zuzen ere. UPNko Jeronimo Gomezek harago jo du, eta haustura hidraulikoak "aberastasuna ekarri" eta "enplegua sor" dezakeela nabarmendu du. Proiektuek, beti ere, ingurumen eraginaren adierazpena beharko dutela zehaztu du. Ildo beretik mintzatu da PPNko Ana Beltran. Haren ustez, "bide motza" eginen du Nafarroako Parlamentuak gaur onartu duen legeak, "Espainiako Gobernuaren eskumenak urratzen dituelako". Haustura hidraulikoaren bidez "elektrizitatearen faktura merketu" nahi du PPNk. "Ezin diogu garapenari ezetz erran", erran du Beltranek.
Bestalde, Eusko Legebiltzarrak onartu duen Naturaren Legaren aldaketak ez du jasotzen naturguneetan gasa haustura hidraulikoz ateratzea debekatuta egotea. Bilduk ez beste alderdi guztiek onartu dute egitasmoa.