«Lehendakarigai bezala, zeintzuk dira bake prozesua errotzeko dauzkazun proposamenak?». Horixe galdetu die Lokarrik, zuzenean, Eusko Legebiltzarrerako lehendakarigaiei. Galdera herritarren ahotsak bideoan grabatuta egin, eta bideoz jaso ditu hautagai gehienen erantzunak ere: Patxi Lopez lehendakari eta PSE-EEko lehendakarigaiarena, Iñigo Urkullu EAJkoarena, Laura Mintegi EH Bildukoarena, Jose Navas Ezker Batukoarena, Mikel Arana Ezker Anitza taldekoarena, eta Aitor Urresti Equo Berdeetakoarena. PPko eta UPDko lehendakarigaiek ez diote erantzun.
Gustura dago Lokarri jaso duen emaitzarekin. Bi minutuko iraupena duen eta www.lokarri.org web orrian jarri duten ikus-entzunekoan, lehentasunak gune desberdinetan jarri dituzte hautagaiek. Baina adostasun handiak ikusi ditu akordioaren eta kontsultaren aldeko sareak, eta esan du hori dela garrantzitsuena.
Gizartea «bake eta bizikidetzarako garai historiko edo denbora berri batean» dagoela bat etorri dira hautagaiak, Paul Rios eta Manu Vilabrillek Bakea Errotzeko Hautagaia egitasmoa azaltzeko agerraldian adierazi dutenez.
Bizikidetza oroimenaren gainean eraiki behar dela ere bat etorri dira lehendakarigaiak; «gertatutako guztiaren memoria gorde beharra» aldarrikatu dute. Giza eskubideen defentsa ere egin dute, eta, indarkeriaren biktima guztientzako errespetua eta aitortza eskatu dute. Euskal gizartearen aniztasuna onartzea ere ezinbestekotzat dute. «Bizikidetza esparru berri bat artikulatzeko», bazterketarik gabeko elkarrizketaren aldeko apustua egin dute.
Lopezek, Urkulluk, Mintegik, Navasek, Aranak eta Urrestik esandakoak entzunda, bake prozesuaren lehentasunei buruzko adostasun zabala dagoela ondorioztatu du Lokarrik. Beraz, hauteskundeen ondoren hautagaiak hartutako konpromisoak gauzatzeko lanean hasiko diren esperantza azaldu du. «Guztien arteko elkarrizketa eta elkarlana posible izango direla uste eta sinesten dugu, bazterkeriarik gabe bake eta bizikidetzaren erronkari aurre egiteko», esan dute Rios eta Vilabrillek. Lokarriren egitasmoan parte hartu ez dutenei buruz, «bake bidean sartuko diren esperantza» azaldu dute.
Hautagaiak bakegintzaz hizketan jarri ditu Lokarrik
PSE, EAJ, EH Bildu, EB, Ezker Anitza eta Equoko hautagaiak bat etortzeak elkarlana posible egingo duela dio; PPk eta UPDk ez dute parte hartu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu