EAEKo hauteskundeak

Hauteskunde batzordeek Aukera Guztiak-en zerrendak onartu dituzte; Batasunarenak ez

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako hauteskunde batzordeek gaur argitaratu dituzte EAEko Aldizkarian hauteskundeetara aurkeztu diren eta beraiek onartu dituzten zerrendak. Onartutako zerrenden artean dago Aukera Guztiak hautesle elkartearena, ez ordea Batasunarena. Batasuna alderdi politikoen erregistroan azaltzen ez denez, ez zutela onartuko iragarri zuten aurretik ere. Orain, Espainiako Fiskal Nagusi Candido Conde Pumpidok eta Espainiako Estatu abokatuak Aukera Guztiak elkartearen zerrendak inpugnatzea espero da.

2005eko martxoaren 16a
18:20
Entzun
EAEko aldizkarian gaur argitaratu dituzte EAEko hauteskundeetara aurkezteko onartu dituzten zerrendak. Aurretik esan zuten bezala, Batasunaren zerrendarik ez dute onartu, Espainiako Gobernuak legez kanpo utzi zuenetik ez delako alderdi politikoen erregistroan azaltzen.

Aukera Guztiak hautesle elkartearen zerrendak, berriz, onartu egin dituzte, eta aldizkarian azaldu dira, beste zerrendekin batera. Hala ere, oraindik ezin da esan zerrenda horiek hauteskundeetara aurkezteko aukera izango duten edo ez. Izan ere, Espainiako Fiskal Nagusi Candido Conde Pumpidok eta Espainiako Estatu abokatuak zerrendak inpugnatu egingo dituztela iragarri dute.

Hilaren 21ean berriz aldarrikatuko dituzte hautagaitzak, eta orduan irekiko da inpugnazioen epea.

EAEko aldizkaria ikusteko, klikatu hemen
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.