Ezer konkreturik ez da oraindik, baina Nafarroan hauteskundeetarako EArekin lan egiteko borondatea azaldu du ezker abertzaleak Iruñean. Modu «zintzo» eta «desinteresatuan» elkarlanean aritzeko prest dagoela esan du. Bozetan aldaketa politiko eta soziala helburu, indar metaketa bultzatzeko konpromisoa duela ere adierazi du. «Kapital politiko eta giza-kapital guztia» bideratuko du horretarako ezker abertzaleak. Xanti Kiroga eta Marine Pueyo bozeramaileek eman zuten ezker abertzalearen asmoen berri atzo, Tres Reyes hotelean, galderentzako tarterik gabeko prentsaurreko batean. Atzean 120 bat pertsona zituztela egin zuten elkarlanerako deia.
Aukera «historikoa» dela dio ezker abertzaleak, eta «arduragabea» iritzi dio Aralar eta EAJ alderdiek NaBai «ixtea» erabaki izanari. Ezker abertzalea «betatu» eta EA «kanporatu» egin dutela salatu du. Pueyok eta Kirogak adierazi dutenez, ordea, alderdion jarrerak ezin du zapuztu Nafarroan gerta daitekeen indar metaketa «handirako» aukera. Parte-hartze «horizontalean» oinarritutako elkarlana da ezker abertzalearen ustez jarraitu beharreko eredua.
Hori nahi du jendeak, ezker abertzalearen ustez: indarrak metatzea. Hori da «gatazkaren konponbide demokratikoa bilatzeko bidea». Horregatik jo du positibotzat EAk aste honetan sektore abertzale eta ezkertiarrak batzeko egin duen eskaintza elektorala. Haiekin eta aldaketa bilatzen duten beste sektoreekin lan egiteko prest azaldu da, horregatik. «Ziur gaude baldintza nahikoak daudela sakoneko aldaketa politiko eta sozialari ekiteko». Abertzale eta ezkertiarrak bateratzea da horretarako giltza, Pueyok eta Kirogak adierazi dutenez.
«Arduraz» eta «eskuzabaltasunez» jokatu behar dute indar politikoek aukera horren inguruan, bozeramaileen hitzetan. «Batasuna eskatzen du gizarteak PSOEk eta UPNk Madrilgo eta Iruñeko bulegoetatik zuzentzen dituzten politika eskuindarrei aurre egiteko».
«Ziur gaude indar metaketa zabal, abertzale eta ezkertiar batek milaka eta milaka nafarren interesa eta ilusioa piztuko duela». Gogo hori sumatzen dute jendearengan, eta hori dela-eta garrantzitsua da ezker abertzalearen ustez aldaketarako programa politikoa adosteko prozesu parte-hartzailea abiatzea. Bi izan behar lukete proposamen horren ardatzak haien iritziz: abertzaletasuna eta politika ezkertiarrak. Prozesu demokratikoan aurrera egiteko, eta Nafarroak «ukatua» duen burujabetasuna berreskuratzeko urratsak egin behar lirateke, alde batetik, Kirogak eta Pueyok azaldutakoaren arabera; eta, bestetik, langileen egoera hobetzeko politikak eta programak aurkeztu behar dira.
Gaur eungo estatus politikoa «agortuta» dago ezker abertzalearen aburuz, eta hura gainditzeko garaia da. Posible da hori gaur egun, haien ustez. «Eutsiezina» da egoera, eta «askatasunen urraketa sistematikoan oinarritutakoa». Adibideak eman dituzte: legez kanporatzeak, torturak, espetxeak, erabakitzeko eskubidea ukatzea, hizkuntza eskubideak eremuka urratzea, urraketa soziala...
EA bozetarako prestatzen
Ezker abertzaleak atzo egindako proposamena baino lehen bildu zen EAko Nafarroako herrialdeko batzarra. NaBaitik kanpo gelditu ondoren, hauteskundeetara proiektu propioa aurkeztuko duela esan zuen bileraren ostean.«Abertzaleen arteko elkarlanean oinarritua, betorik eta bazterketarik gabea» izango da EAren proiektua. Atzo herrialdeko batzarrean erabaki zutenez, «berehala» hasiko dira lan horretan, eta hauteskundeetarako batzorde bat sortuko dute horretarako. «Elkar ulertzea eta aldaketa politiko eta sozialerako indarrak batzea» izango dira EAren proposamenaren funtsa.
Nafarroa Bai koalizioaren sorkuntzan zituzten printzipio berak babestuko dituztela adierazi du EAk, eta «abertzaleen arteko errespetua», eta «aniztasunaren aldeko errespetua» aipatu ditu, adibide gisa. Hain zuzen ere, ideia horiek baztertu izana leporatu die Aralarri eta EAJri. Koalizioaren izena erabiltzeko zilegitasunik ez dutela ere salatu du EAk.
NaBairen proiektua itxita
«Pozik» azaldu da Txentxo Jimenez Aralar alderdiko Nafarroako koordinatzailea, azkenik itxita dagoelako NaBairen hauteskundeetarako proposamena. «Zailtasun handiak» aipatu ditu Jimenezek, «NaBairi bizkar emanda» koalizioko kide ziren EAk eta Batzarrek Ezker Batuarekin eta Batasunarekin bat egitea erabaki dutelako. Orain, 2011rako proiektua zehaztu dela, eta koalizioak Nafarroan aldaketa politikoa lortzeko aukera guztiak dituela dio. Udaletan 2007an aurkeztu zituzten zerrenda kopurua gainditzeko moduan dago koalizioa, gainera, Jimenezen aburuz.
Hauteskunde elkarlana eskaini dio ezker abertzaleak EAri, Nafarroan
Bozetarako indar metaketa bultzatzeko «kapital politiko guztia» martxan jarriko duela jakinarazi du ezker abertzaleakEA «berehala» hasiko da bozetarako proiektu propioa aurkezteko lanetan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu