BERRIAk eta Ipar Euskal Herriko beste euskal hedabideek Departamenduetako bozen emaitzak aztertuko dituzte hauteskunde gaueko saio berezian. Emaitza esperotakoak izan dira batzuk eta ezustekoak besteak, eta BERRIA, Ipar Euskal Herriko Hitza, Kanaldude, Euskal Irratiak, Kazeta.eus eta Herria-ko kazetariek xehetu egingo dituzte. Aurten lehen aldiz Ipar Euskal Herri osoak batera bozkatu du Kontseilu Nagusirako eta horrek lehen aldiz argazki bateratua ateratzeko aukera emango du. Esate baterako, EH Bai hamabi kantonamenduetatik bostetan izango da bigarren itzulian.
Euskal hedabideen ordubeteko telebista-irrati saioa ikusi ahal izango da zuzenean BERRIAn. Euskal hedabideek hiru mahai inguru antolatu dituzte kanpainan, eta gaurkoan hainbat gonbidatu izango dituzte. Saioaren lehenbiziko ordu erdian Jojo Bidart eta Maddi Ane Txoperena Iribarren kazetariak arituko dira emaitzen analisia egiten, Arantxa Idieder aurkezle dela. Tarteka beste kazetari batzuk ere sartuko dira.
Saio bereziaren bigarren zatian, berriz, hainbat elkarrizketa egingo dituzte emaitzen balorazioa egiteko: Jean Lissar Berdeen bozeramailea, Itxaro Bethart Mendialdea kantonamenduko EAJko hautagaia, Menane Oxandabaratz EH Bai koalizioko kidea, Barthelemy Agerre Modemeko kidea eta Sauver Bacho sozialisten eta berdeen sostenguarekin Bidaxune-Amikuze-Oztibarre kantonamenduan aurkeztu den hautagaia.
Lehen itzuliko emaitzak aipatzeaz gain, bigarren itzulirako zein erronka dauden aztertuko dute euskal hedabideetako kazetariek eta analistek. BERRIAren eta Ipar Euskal Herriko Hitza-ren webguneetan ikusi ahal izango dira emaitzak, eta horiekin grafikoak osatuko dituzte, gainera, hamabi kantonamenduen datuekin. Twitterren euskal hedabideetako kazetariek #bozak15 etiketa erabiliko dute, sare sozial horretan emaitzak, xehetasunak eta erreakzioak plazaratzeko.
Ez da gaurko kontua Ipar Euskal Herriko euskal hedabideen arteko elkarlana. Iaz fruitu onak eman zituen elkarlanak, udal bozetan. Eta elkarlan hori saritu zuten urtarrilean Argia sarietan, Interneteko atalean. Jose Luis Aizpuruk eta Ttitto Betbederrek, saria jasotzean, Aitor Renteria Txato BERRIAko kazetari zena gogoan izan zuten, langintza hartan buru-belarri aritu baitzen.