Tentsio handiko gaua izan zen atzokoa; zenbaketa aurreikusi baino geldoagoa izan zen, eta urduritasuna nagusitu zen. Botoak ia %100 zenbatu arte ez zen inor irten komunikabideen aurrera. Podemos Ahal Dugu-koak izan ziren lehenak, eta ondoren EAJkoak. Bilboko Sabin Etxean bilduta egin zuten emaitzen jarraipena jeltzaleek, eta pozarren azaldu ziren, Ahal Dugu-koek minutu gutxi batzuk lehenago egin bezala. PPkoak izan ziren hirugarrenak komunikabideen aurrean adierazpenak egiten, baina ez haien presidente Arantza Quiroga, Gasteizko alkategai Javier Maroto baizik. Jarraian azaldu ziren EH Bildukoak eta PSE-EEkoak.
EAJ
«Ulertu dugu hiritarrek bidalitako mezua»
Pozarren. Hala azaldu ziren EAJko agintariak komunikabideen aurrera, botoen ia %100 zenbatuta zeudela. Andoni Ortuzar EAJren Euskadi Buru Batzarreko presidenteak hartu zuen hitza aurrena. Txalo artean azpimarratu zuen «Euskadi mailan» lehen indarra dela EAJ, berak duela gobernuak osatzeko «ardura» eta lidergo hori erabiliko duela gobernu «sendoak» osatzeko. Erakundeen «egonkortasunari» eman zion garrantzia Ortuzarrek, eta akordioetarako prest azaldu zen, balizko itun horiek norekin egingo dituen zehaztu ez bazuen ere. Bilboko Sabin Etxean bilduta jarraitu zuten hauteskunde gaua EBBko kideek, Bizkaiko ahaldungai nagusi Unai Rementeria eta Bilboko alkategai Juan Mari Aburtorekin batera. Ortuzarrek Araba, Bizkai eta Gipuzkoako herritarrak eskertu zituen EAJri emandako «konfiantzagatik», eta hautagaiek kanpainan eginiko lana azpimarratu zuen. Azkenengo bi asteetan EAJren lehentasunak argi geratu direla azaldu zuen Ortuzarrek, eta hori izan dela «arrakastaren» gakoa: «Aldaketa egon da, eta ulertu dugu hiritarrek bidalitako mezua: ondo dagoena hobetzeko eta aldatu beharrekoa aldatzeko eskatu digute, eta egingo dugu». Ortuzarrek adierazi zuen EAJ «indarrarekin» sentitzen dela erakundeei «egonkortasuna» emateko, eta horretarako behar diren akordioak egiteko, kontuan hartuta euskal gizartearen «pluraltasuna». «Denei eskaintzen diegu Euskadi garatzeko konpromiso sendoa».
EH BILDU
«Gaizki egindakoaz ikastea espero dugu»
Gazi-gozoa izan zen atzoko gaua koalizio subiranistarentzat, bereziki Gipuzkoan lorturiko emaitzengatik. Berandu atera ziren jendaurrera, Donostiako Kursaalean eginiko ekitaldian. Herrialde horretako Batzar Nagusietarako bozen zenbaketa amaitu arte itxaron zuten foru erakunde eta udaletako emaitzen balorazioa egiteko. Hasier Arraiz Sortuko presidenteak hartu zuen hitza. Adierazi zuen helburu zutela 300.000 boto lortzea, eta jaso dituzten arren ez direla nahikoak izan haiek nahi zituzten «helburuak» betetzeko. «Eta onartu behar dugu hala izan dela». «Irabazleak» zoriondu eta koalizioari botoa eman ez dieten herritarrak «entzun» egingo dituztela azpimarratu zuen. «Badakigu gauza batzutan gaizki aritu garela, kudeaketan konektatzeko arazoak izan ditugula, eta espero dugu ikastea». «Independentziarako bidea luzea izango da, eta espero dugu berriro elkartzea», esanez amaitu zuen hizketaldia.
Jarraian, Juan Karlos Izagirre Donostiako alkategaiak hartu zuen hitza, labur. Eneko Goia jeltzalea zoriondu zuen lehenik, eta lanean jarraituko dutela adierazi zuen, gero. «Herritar aktiboak eta antolatuak nahi ditugu: hori da gure eredua, eta jarraituko dugu lanean», azpimarratu zuen Donostiako alkate izandakoak.
PSE-EE
«PPren eta eskuineko politiken alternatiba bakarra PSOE da»
Udal eta foru hauteskundeak «erabateko askatasunez» egin ahal izan dituztelako pozik agertu zen Idoia Mendia, PSE-EEko idazkari nagusia: «Kalean egin dugu kanpaina; plazera izan da». Emaitzak aztertzean, baina, Espainiari begiratu zion lehenik. «PPren eta eskuinaren politiken aurrean, alternatiba bakarra PSOE dela ikusi da», adierazi zuen udazkenean Espainian egitekoak diren bozak gogoan.
Bilboko hotel batean egin zuten bozen jarraipena sozialistek. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako udaletako emaitzei baikor begiratu zien PSE-EEko agintariak. Bereziki, Barakaldora begira eman zuten gaua sozialistek, gotorleku izandako udal hori galdu egin zutelako, baina Mendiak nahiago izan zuen irabazitakoaz hitz egin: «Gobernatu ditugun zazpi udaletatik seitan irabazi dugu, eta beste bi alkatetza irabazi ditugu: Lasarte-Oria eta Pasaia». Bigarren indar izatea lortutako herriak ere aipatu zituen, eta bereziki nabarmendu zuen Donostian Ernesto Gasco hautagaiak izandako hazkundea.
PODEMOS
«David eta Goliaten arteko lehia izan da»
«Aldaketaren festa» ospatu zuen atzo Podemos Ahal Dugu-k Bilboko Campos Antzokian. Pozik agertu ziren alderdiko ordezkariak, alderdia jaio eta hiru hilabetera, indar handiz sartuko baita diputazioetan: zortzi aulki izango ditu Araban, zazpi Bizkaian eta sei Gipuzkoan. «Ordezkaritza orekatua» da hori, Roberto Uriarte EAEko Podemos Ahal Dugu-ko idazkari nagusiaren hitzetan. Esker onez mintzatu zen, eta gogora ekarri zuen baldintza gogorretan egin dutela kanpaina: «Donazioekin eta mikrokredituekin finantzatu dugu: EAJren aurrekontua baino hamar aldiz txikiagoa izan da gurea. David eta Goliaten arteko lehia izan da».
Ordezkaritza horrekin zer egingo duten, ordea, ez zuen argitu Uriartek lehen balorazioan: «Guretzat ez da hain garrantzitsua giltza izatea, erakundeetara herriaren ahotsa eramatea baizik, jende gaztearena, bankuei ezer zor ez dietena». Partaidetzaren igoeraz ere mintzatu ziren Podemos Ahal Dugu-ko kideak. Alderdi berriaren agerpenak zerikusia izan duela adierazi zuen Ana Viñals sare sozialetako arduradunak. «Gurekin ilusioa berreskuratu du jendeak», azpimarratu zuen.
PP
«Duela hogei urtetik, PP Arabako lehen alderdia da»
Pisu nabarmena galdu zuen atzo PPk hiru diputazioetan —Araban irabazi egin zuen, baina lau aulki galduta—, baita Donostian, Bilbon eta beste hainbat udaletan ere. Soilik Gasteizen izan zuten zer ospatua, sendo mantendu baitzen Javier Maroto. Hain justu, alkatearen aldeko aldarriekin zabaldu zuten balorazioen tartea, Gasteizen. Alfonso Alonso Espainiako Osasun ministroak hartu zuen hitza lehenik, Arabako eta Gasteizko garaipenak nabarmenduz. Gainerako lurraldeetako emaitzak aipatu gabe, Javier de Andres Arabako ahaldun nagusiak ere ildo horretatik jo zuen: «PP Arabako lehen alderdia da duela hogei urtetik. Ilusio hori izan behar dugu».
«Gaueko irabazle» gisara aurkeztu zuten Maroto, eta izarren antzera mintzatu zen han bildutakoen aurrean. «Batek berean sinesten duenean eta lan egiten duenean, gauzak gaur Gasteizen bezala ateratzen dira», adierazi zuen. Marotok onartu zuen zaila zela udalean zinegotzi kopuru bera mantentzea, eta erantsi zuen «oso ondo» ulertu duela mezua: «Ez dut atzerapauso bat ere emango: lehenik Gasteiz, eta gasteiztarrak»