Espainiako Gobernua prest legoke soilik PPren babesarekin Hauteskunde Legea aldatzeko eta, beraz, udaletan gehien bozkaturiko zerrendek zuzenean alkatetza lortzea ahalbidetzeko. Hala argitaratu du El País egunkariak. Erreformaren kontra agertu da Pedro Sanchez PSOEko idazkari nagusia, baina Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidentea prest legoke PSOEren babesik gabe ere erreforma gauzatzeko.
Adostasunaren beharra nabarmendu du, ordea, Borja Senper PPko Gipuzkoako presidenteak. Ser irrati katean eginiko elkarrizketa batean, alkatea gehien bozkaturiko zerrendakoa izatearen alde agertu da Senper, baina uste du horretarako "adostasun zabala" behar dela: "Gai batzuek, duten garrantziagatik eta denboran luzatu behar direlako, adostasun zabala behar dute".
PPri kritika egin dio, ordea, EH Bilduk. Maribi Ugarteburu koalizioko legebiltzarkideak uste du PPk "alderdikeriak" bultzatuta aldatu nahi duela araua, eta "behin eta berriz" egotzi dio gehiengo absolutua erabiltzea "herritarren askatasun demokratikoen esparrua murrizteko".
Lege erreformaren kontra azaldu da Idoia Mendia PSEko idazkari nagusi izateko hautagai bakarra ere: "Estatu baten antolaketan oinarrizkoak diren legeak daude, eta hauteskunde legeak oinarrizko adostasun horren parte dira". Halaber, uste du 2015eko maiatzeko udal eta foru hauteskundeen "ataria" ez dela garai egokia Hauteskunde Legea aldatzeko.