Hauteskunde usaina

Hiru hilabete baino gehiago falta dira oraindik foru eta udal hauteskundeak egiteko, baina dagoeneko maiatzaren bukaerako hitzordurako prestatzen ari dira alderdi guztiak.

Imanol Murua Uria.
2007ko otsailaren 20a
00:00
Entzun
Batzuek hautagai nagusiak izendatuta dituzte, beste batzuk atzeraxeago dabiltza lan horretan eta beste batzuek oraindik ez dakite, edo ez dute argitu, nola aurkezten ahaleginduko diren. Baina hauteskunde usaina aditzen da dagoeneko, nabarmen, euskal politikagintzan.


Euzko Alderdi Jeltzalea

Bakarrik, aspaldiko partez

1995etik lehenengo aldiz, EArengandik bereizita aurkeztuko dela da EAJren berritasun nagusia. Zerrendak egiteko makinaria aurreratuenen dutenetakoa da EAJ. Ekitaldi handi bat ere egin du dagoeneko hauteskundeei begira: seiehun hautagai inguru bildu ziren Durangon joan den urtarrilaren 27an.

Foru hauteskundeetan aurpegi berriak izango dira nagusi, hiru diputatugai nagusietatik bik estreina baitute. Gipuzkoarako hautagai Jon Jauregi aukeratu izanak ageri-agerian utzi zuen EAJko bi joeren arteko lehiak indarrean dirauela, berriro aurkezteko borondatea agertua baitzuen gaur egungo diputatu nagusiak, Joxe Joan Gonzalez Txabarrik. Eta atzo bertan Ser irrati kateak ateratako informazioak hasi baino askoz lehenago gaiztotu du kanpaina giroa: bere jabetzako bost etxetik bi Ogasunari ez dizkiola aitortu zabaldudu Ser kateak, gezurra dela erantzun dio GBBk, azpijokoa salatu du eta informazio horren iturria zein den argitzeko eskatu dio.

Araban erreleboa lasaiagoa izan zen, lehengo hautagai Alvaro Iturritxak berak atzera egin ondoren aukeratu baitzuten Xabier Agirre beteranoa, 80ko hamarkadan Euzkadi Buru Batzarreko bozeramailea izana. Bizkaian ez da ustekaberik izan: Jose Luis Bilbao diputatu nagusia berriro aurkeztuko da.

EAJren alkategaien artean Xabier Ezeizabarrena Donostiako hautagaia da berrikuntza nagusia, Roman Suduperen ordez. GBBren eta Suduperen artean sintonia handirik ez zegoela jakina zen, baina alderdiak ezer erabaki aurretik jakinarazi zuen Sudupek ez zuela jarraitu nahi. Bilbon Iñaki Azkuna hirugarrenez alkate izateko lehiatuko da, eta Gasteizen Mikel Martinez bigarrenez aurkeztuko da.

EAJk alkatetza duen herrien artean,berriro aurkeztuko dira, besteak beste, Sestaoko alkatea (Alberto Lozano), Sopelakoa (Imanol Garai), Zornotzakoa (David Latxaga),Tolosakoa (Jokin Bildarraz), Beasaingoa (Patxi Plazaola), Oñatikoa (Lourdes Idoiaga), Azkoitikoa (Asier Aranbarri), Azpeitikoa (Julian Eizmendi), Aretxabaletakoa (Arritxu Oliden), Zumaiakoa (Maria Eugenia Arrizabalaga) eta Zestoakoa (Gorka Unanue).

Utzi egingo dutenen artean daude, aldiz, Iñaki Zarraoa Getxoko alkatea, Bitoriano Gallastegi Bergarakoa, Alejandra Iturriotz Ordizikoa, Maribi Agirregomezkorta Elgoibarkoa eta Borja Jauregi Hondarribikoa. Zerrendaburu berriak izendatuta daude:Imanol Landa (Getxo), German Muruamendiaraz (Bergara), Jose Miguel Santamaria (Ordizia), Alfredo Etxeberria (Elgoibar) eta Aitor Kerejeta (Hondarribia).



PSE-EE eta PSN

Aliantza estrategien menpe

Alderdi sozialistarentzat Nafarroako Gobernua berreskuratzea izango da maiatzeko erronka nagusia. Carlos Chivite PSNko idazkari nagusia hautagai desegokia iruditu eta Zapateroren estrategiarekin uztargarriagoa bide den hautagaia izendatzea bultzatu zuten Madrildik: Fernando Puras.

Herrialde bakoitzeko PSE-EEren idazkari nagusiak izango dira Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Diputazioetarako hautagaiak: lehenengoz izango da diputatugai nagusi Txarli Prieto, eta bigarrenez Jose Antonio Pastor eta Miguel Buen. Hauteskunde osteko aliantza estrategiek erakutsiko dute hautagai sozialistek Diputazioko gobernuan sartzeko aukerarik duten.

Alkategaien artean, erronka zaila dute Patxi Lazkozek (Gasteiz), Txema Oleagak (Bilbo) eta Javier Torrensek (Iruñea). Lehenengo aldia dute Oleagak eta Torrensek, bigarrena Lazkozek. Donostian, berriz, bosgarrenez Donostiako alkate izaten saiatuko da Odon Elorza -1991tik da alkate-, agintaldia errepikatzeko aukera handiarekin gainera.

PSE-EEk alkatetza duen 12 herrietatik 11tan berriro aurkeztuko dira: Elortzaz gain, Jose Antonio Perez Gabarain (Andoain), Iñaki Arriola (Eibar),Juan Carlos Merino (Errenteria), Jose Antonio Santano (Irun),Ana Urtxuegia (Lasarte-Oria), Izaskun Gomez (Pasaia), Antton Arbulu (Zumarraga), Tontxu Rodriguez (Barakaldo), Mikel Cabieces (Portugalete), Carlos Totorika (Ermua) eta Jesus Gonzalez Sagredo (Trapagaran). Santurtziko alkate Javier Cruzek, aldiz, utzi egingo du, eta Myrian Frade izango da alkategaia.

PSE-EEk baino alkatetza gehiago ditu PSNk, 31 guztira, baina hautagaiak aukeratzeko prozesuan atzeratuago dabil. Oraingoz, Javier Blasco (Cortes), Maria Jose Fernandez (Lizarra) eta Maite Mañu (Tafalla) alkateak berriro aurkeztuko direla erabakita dute, Alfredo Garciak (Berriozar)utzi egingo duela , eta haren ordez Jose Antonio Navidad izango dela zerrendaburu.

Alkategai sozialisten artean beste aurpegi ezagunik ere izango da. Garai batean lehen lerroan ibilitako politikaria aurkeztuko du alkategai PSE-EEk Sestaon: Jose Luis Marcos Merino, bere garaian PSE-EEko idazkari nagusi ordea izana (1989-1994), eta 2002an alderditik kanporatua, barne arauak ez errespetatzea leporatuta. Auzitegien erabakiz alderdira itzuli zen 2005an, eta «integrazioko zerrendako» buru izendatu dute orain, zuzendaritzaren bedeinkazioarekin. 1979tik 1999ra arte, beti PSEk irabazi izan du Sestaon, eta Marcos Merinoren eta Sestaoko beste hainbat alderdikideren kanporatzeak zerikusi zuzena izan zuen, 2003an lehenengoz alkatetza galtzearekin, EAJren mesederako. Urtuellan Daniel Arranz izango da alkategai sozialista, Felipe Gonzalezen azken agintaldian Bizkaiko gobernadore zibila izana (1994tik 1996ra).



PP eta UPN

Nafarroari eta Arabari eutsi

Nafarroako Gobernuari, Arabako Diputazioari, Iruñeko alkatetzari eta Gasteizkoari eustea dira UPNren eta PPren erronka nagusiak datorren maiatzerako. Horretarako, gaur egungo mandatarien aldeko apustua egingo dute hirutan (Miguel Sanz, Yolanda Barcina eta Alfonso Alonso), eta hautagai berriarekin lehiatuko dira Arabako diputaziorako: Javier de Andres, Ramon Rabaneraren lekuan.

UPNko alkate ugarien artean, Tuterakoa (Luis Casado) eta Zizur Nagusikoa (Luis Maria Iriarte) behintzat berriro aurkeztuko dira. Tafallan ere hautagaia izendatuadute: Cristina Sota.

Gipuzkoan eta Bizkaian ez du batere alkatetzarik PPk, eta zail du batere lortzea. Araban alkatetza duen herrien artean, Errioxakoak dira garrantzitsuenak: berriro aurkezteko proposatu zien alderdiak Ignacio Gili (Bastida), Javier San Pedrori (Biasteri) eta Julian Antonio Irribarriri (Oion).



Batasuna

Aurkezteko borondatea

Hauteskundeetara aurkezteko asmoa agertu du ezker abertzaleak aldez eta moldez baina, oraingoz, ez du argitu nola ahaleginduko den, eta azkenean aurkezterik izango duen ere ez dago argi. Ezker abertzalea «den bezala» aurkeztuko dela esan zuen joan den ostegunean Arnaldo Otegik, eta «hauteskunde marka handia» egingo duela. Alderdi berri baten sorrera iragartzen ari zela ulertu zioten askok, baina biharamunean gezurtatu egin zuen, marka esan zuenean emaitza esan nahi zuela argituta.Zapaterok, berriz, betikoa gogorarazi dio: Alderdien Legea bete beste biderik ez duela izango.

Ez dira, beraz, hautagaiak ofizialki izendatzeko garaiak, baina bai hauteskundeak prestatzekoak. Bide horretan, herrialdez herrialde eta herriz herriz hauteskunde ekitaldiak egiten ari da ezker abertzalea, Orain ezker abertzalea leloarekin. Azaro bukaeran egin zuen lehenengoa Burlatan, hauteskunde programa lantzeko Amaiursarea aurkeztu zutenean eta Bilbon, Donostian, Gasteizen eta beste herri ugaritan egin dituzte antzeko ekitaldiak geroztik. Besteak beste, Pernando Barrena eta Ainara Armendariz izan ziren hizlariak Burlatan, Joseba Alvarez Donostiako Miramar Jauregian,Ibon Arbulu eta Itziar Lopategi Bilboko Euskalduna Jauregian eta Txema Matanzas eta Amparo Lasheras Gasteizen.

2003an bezala hauteskunde elkargo gisa aurkezten saiatzekotan (herri plataformak), Espainiako Gobernuak hauteskundeetara deitzeko dekretua atera eta berehala aurkeztu beharko lituzke lehenengo agiriak, eta hurrengo hiru asteetan bildu sinadurak. Hauteskundeak espero bezala maiatzaren 27an badira, apirilaren 2an atera beharko luke Gobernuak dekretua, hilaren 4an aurkeztu beharko lirateke plataformak, eta hilaren 22rako lortu sinadurak. Hauteskundeetara aurkezteko bidea alderdi berria sortzea balitz, Espainiako Barne ministerioan legeztatuta egon beharko luke apirilaren 23a baino lehenago; baina egun horretako legeztatuta egoteko, hiru aste lehenago aurkeztu beharko lituzkete alderdi berriaren estatutuak.



Eusko Alkartasuna

Ordezkaritzari eutsi nahi

EAJrekin koalizioan azken bi legealditan lortutako ordezkaritza instituzionalari eustea izango da EAren erronka nagusia, edo ahal den gutxien galtzea, behintzat.1995ko emaitzen araberanegoziatu zituzten koalizioko zerrendak 1999an eta 2003an eta, eremu orokorragoko hauteskundeetako emaitzak aintzat hartuta, 1995eko hauteskundeen pareko emaitzak lortzen lanak izango ditu.

Koalizioari buruzko eztabaida gogor eta luzeagatik beste alderdiak baino atzeraxeago doa EA, foru erakundeetarako eta udaletarako hautagaiak izendatzeko lanean. Arabako diputatugai nagusigai (Mikel Mintegi) eta Gasteizko alkategaia (Antton Belakortu) izendatu dituzte dagoeneko, Gipuzkoan Iñaki Galdos proposatuko dute diputatugai nagusi izateko -baina zuzendaritza nazionalaren onespena beharko du-, eta Donostiarako alkategaia ez dute oraindik aukeratu, eta Bizkaian ez dute oraingoz inor izendatu.

Biltzar berezian bakarrik aurkeztea erabaki ondoren, alderdiko zerrendatan ez zirela aurkeztuko adierazi zuten Aguraingo alkate Iñaki Berazak eta Asparrengo Jose Luis Antiak, EAko bi alkate beteranoenetakoek, eta ez zuten baztertu, gainera, beste zerrendaren batean aurkeztea. Bi alkateekin harremanetan daudela adierazi diote BERRIAri Arabako EAn, eta oraindik zehaztu gabe daukatela arazoa nola konpondu.

Gainerakoan, denek biltzarraren erabakia errespetatuko dutela ziurtatu zuen Iñaki Galdos Gipuzkoako EAko presidenteak, eta orain zerrendak prestatzeko lanean ari dira bete-betean, EAko iturrien arabera.

Dena den, EAk gaur egun dituen 29 alkateen artean dagoeneko erabakita dute berriro aurkeztea Maite Etxanizek(Zarautz), Juan Ramon Larrañagak (Legazpi), Martin Beramendik (Oiartzun), Jesus Mari Agirrezabalak (Deba), Luis Mari Ormaetxeak (Usurbil), Juan Karlos Goienetxeak (Bermeo), Pablo Isasik (Amurrio), Andres Alcaldek (Okondo), Helena Santestebanek (Bera) eta Jose Mari Aierdik (Lekunberri). Berriro aurkeztuko ez direnenen artean daude, berriz, Jose Antonio Rekondo (Hernani) -Iñaki Arratibel izango da ziurrenik zerrendaburua-, Peio Gonzalez (Urretxu) eta Jose Luis Martinez Elejalde (Dulantzi).



Nafarroa Bai

Alternatiban parte hartzea eta Iruñeko alkatetza helburu

UPNri agintea kendu eta PSNrekin gobernua osatzea da Nafarroa Bai-ren helburu nagusi aitortua foru hauteskundeetan. Hautagai nagusiak izendatuak ditu horretarako: Aralarreko Patxi Zabaleta lehendakarigai, eta EAko Maiorga Ramirez bigarren. Begoña Errazti EAko lehendakariak Nafarroako Parlamentua utzi egingo du, honenbestez.

Iruñeko alkatetza da bigarren helburua. Duela lau urteko emaitzak kontuan hartuta, Iruñeko Udaleko bigarren indarra izateko aukera du NaBaik eta, UPNk eta CDNk Parlamentuan eta Iruñeko Udalean gehiengo osoa galduko balute, PSNrekin ituna eginez gero Iruñeko alkatetza Barkosentzat izatea amesten dute NaBain. NaBai-ren erreferentzia nagusia aukeratu dute horretarako, Uxue Barkos, Yolanda Barcinarekin lehiatzeko aukera aproposena delakoan.

Gainerako herriei dagokionez, 50 herri ingurutan zerrenda bateratuak aurkezteko helburua jarri zuen NaBai-k, eta dagoeneko helburura heldu dira, koalizioko iturrien arabera. Bost merindadeetako hiriburuetan -Iruñean, Tuteran, Lizarran, Zangotzan eta Erriberrin-, Iruñerriko herri guztietan ere -hamazazpi- eta, besteak beste, Tafallan, Altsasun,Irurtzunen, Baztanen, Leitzan, Etxarri Aranatzeneta Irunberrin zerrenda bateratua egingo dute.

Udal edo foru hauteskundeetan boto gehien atera zituen alderdiak izendatuko du alkategaia, herri bakoitzean. Aralarrek izendatuko ditu, adibidez, Leitzako, Altsasuko, Barañaingo eta Burlatako alkategaiak. EAri dagokio Tafallan, Baztanen, Lizarran edota Atarrabian zerrendaburua aukeratzea. Eta Batzarreri, berriz, Tuteran, Berriozarren eta Antsoainen.

EAJk ez du alkategairik izango Nafarroa Baiko zerrendatan, nagusigoa duen bi herrietan, Lesakan eta Arantzan, ez baita koaliziorik izango. Koaliziorik egingo ez direnherrien artean dira Bera, Lekunberri, Doneztebe eta Lakuntza ere.

Herriz herri ekitaldiak egiten ari dira asteotan, hautagaitzak aurkezteko.



Ezker Batua eta Aralar

Ehun herri ingurutan

Esperimentu politiko berriarekin aurkeztuko dira Ezker Batua eta Aralar Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Aste honetan sinatu duten akordioaren arabera, 2.000 bizilagunetik gorako ia herri guztietan aurkeztuko dira elkarrekin, ehun herri ingurutan guztira.

Hautagaien %70 inguru EBk izendatuko ditu, eta %30 inguru Aralarrek. Batzar Nagusietako 11 hautes-barrutietatik zazpitan EBkoa izango da zerrendaburua, eta Aralarreko beste lauetan. Batzar Nagusietarako hautagaien artean, Aralarreko gaur egungo batzarkide bakarra behintzat -Rebeka Ubera, Gipuzkoan- berriro aurkeztuko da.

Hiru hiriburuetako alkategaiak izendatzea EBri dagokio, eta dagoeneko erabakita dute gaur egungo udal bozeramaleak berriro aurkeztuko direla: Jose Navas (Gasteiz), Julia Madrazo (Bilbo) eta Duñike Agirrezabalaga (Donostia).

Nafarroan bere kasa aurkeztuko da Ezker Batua, PSNrekin eta NaBairekin batera gobernu alternatiban parte hartzeko esperantzarekin. Nafarroako Parlamenturako hautagaia Ion Erro izango da, eta Iruñeko alkategaia, berriz, Idoia Saralegi.



CDN

Gobernu koalizioa berritu

Erakundeetan UPNrekin gobernu koalizioa berritu beste helbururik ez du CDNk foru hauteskundeetan, Juan Cruz Allik berak adierazia baitu bestelako gobernu aliantzak baztertuta dituztela. Alli bera izango da zerrendaburua Parlamenturako, eta Jose Andres Burguete Iruñerako.



PSE-EEk gaur egun dituen 12 alkateetatik 11 berriro aurkeztuko dira

Gipuzkoako EAk diputatugai nagusi Iñaki Galdos proposatzeko asmoa du

Dagoeneko 50 herri ingurutan hitzartu dute Nafarroa Bairen izenean zerrenda bateratuak egitea

EB-Aralar koalizioko hautagaien %70 Ezker Batukoak izango dira, eta %30 Aralarrekoak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.