Politika

Hauteskundeak ez dituela aurreratuko eta Legebiltzarrak hala onartuz gero kontsulta egingo dela argitu du Ibarretxek

Juan Jose Ibarretxe EAEko lehendakariak argitu duenez, ez ditu hauteskundeak aurreratuko, legealdia amaituko du eta eman zuen hitza beteko du, alegia, herri kontsulta deituko du. Ajuria Enean egin den kargu hartze ekitaldian egin ditu adierazpen horiek Ibarretxek. Miren Azkarate Eusko Jaurlaritza bozeramaile izango da, Kultura sailburu izateaz aparte, eta Ana Agirre, berriz, Industria, Merkataritza eta Turismo sailburu. "Burutik kendu behar dugu hauteskunde itzal hori eta lanari ekin behar diogu, eztabaida egiteari", azpimarratu du.

2004ko urtarrilaren 13a
14:28
Entzun
Oraindik zalantzarik baldin bazegoen, zalantza guztiak argitu ditu Ibarretxek Ajuria Enean egin den kargu hartze ekitaldian. Azken egunetan hainbat sailburuk esan dutena berretsi du Juan Jose Ibarretxek, eta ez duela asmorik EAEn hauteskundeak aurreratzeko adierazi du. "Burutik kendu behar dugu hauteskunde itzal hori eta lanari ekinbehar diogu, eztabaida egiteari. Guk hartu genuen konpromiso bat, zertarako? Konponbideak aurkitzeko eta horretarako ipini dugu mahai gainean ipini duguna", zehaztu du.

Ibarretxe lehendakariak legealdia amaitu nahi du, eta legealdiari gelditzen zaizkion hamabost hilabeteei berebiziko garrantzia eman nahi die, erabaki horrekin "datozen hamabost urteetarako proiektu politikoaren oinarriak jarriko direlako". Elkarbizitzarako proiektu hori Legebiltzarrean onartuz gero, herriari kontsulta egingo diola esan du Ibarretxek, "betiere, indarkeriarik gabeko giro batean".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.