ESPAINIAKO GORTEETARAKO HAUTESKUNDEAK

Hauteskundeetako aurkariak

Bi berrikuntza nagusi izango dira datozen hauteskundeetan: Batasunak ezingo duela zerrendarik aurkeztu, legez kanpo utzia dutelako, eta bi koalizio berri sartuko direla lehian, Nafarroa Bai eta Aralar-Zutik hain zuzen

gurutze izagirre intxauspe
DONOSTIA
2004ko otsailaren 13a
00:00
Entzun
Espainiako Gorteetarako hauteskundeak ate joka dira. Hilabete baino ez da falta. Eta alderdiak hasiak dira botoak lortzeko lehian.

Astelehenean amaitu zen alderdien eta koalizioen zerrendak aurkezteko epea. Horrenbestez, Espainiako Buletin Ofizialean (BOE) aurkeztu dira hautagaien zerrendak. Bi berrikuntza nagusi dakartzate datozen hauteskundeek orain dela lau urtekoekin alderatuz gero. Batetik, Batasunaren legez kanporatzearen ondorioz, alderdi horrek ezin ditu zerrendak aurkeztu. Bestetik, bi koalizio berri sartu dira alderdien arteko lehian. Koalizio horietako bat Nafarroa Bai da. Nafarroa Bai Aralar, EAJ, EA eta Batzarre alderdiek osatzen dute. Aralar, gainera, ez zegoen alderdi gisa osatuta orain dela lau urteko hauteskundeetan. Bestetik, Aralar-Zutik koalizioa osatu da Bizkaian, Gipuzkoan eta Araban.Bi horiek izan dira gauzatu diren koalizioak, nahiz eta bilera eta proposamen ugari izan diren mahai gainean. Aralarrek eta EAk hainbat bilera egin dituzte, baita EAJk eta EAk ere, baina azkenean ez dute hitzarmenik lortu. Hala eta guztiz ere, zeresan handiena eman duena Bergarako proposamena izan da. Ezker abertzaleak sustatuko proposamen horrek autodeterminazio eskubidearen aldeko alderdiei hauteskundeetara batera joateko proposamena egin zien. Proposamen horren arabera, autodeterminazio eskubidearen aldeko hautagaiek osatu behar zuten hauteskundeetarako zerrenda, eta haien eginbeharra Espainiako Gobernuarekin eskubide horri buruz negoziatzea izan behar zuen, autodeterminazio eskubidea gauzatu ahal izateko.Bergarako proposamenaren sustatzaileek eta alderdi politiko eta sindikatuek bilera ugari egin zituzten urte hasieratik hona, baina alderdi politikoek ez zuten azkenean bat egin Bergarako proposamenarekin.Baina Batasunak, legez kanporatua egonda ere, martxoaren 14an hauteskundeetan parte-hartze aktiboa sustatuko duela jakinarazi du. Hain zuzen ere, autodeterminazio eskubidearen aitortza eskatzen duen botopaperaren alde egingo du. Ez du hautagai zerrendarik aurkeztuko: Autodeterminazioa Bai, Nafarroa Bai, Euskal Herria Bai leloa eramango du botopaper horrek.

Gorabeherak zerrendetan

Alderdietan gora behera ugari izan da datozen hauteskundeetarako zerrendak osatzerako garaian, orain dela lau urteko zerrendekin alderatuz gero. Aurpegi berri ugari azaldu dira aurtengo hauteskundeen mapan.

Araban Ramon Jauregi PSE-EEko zerrendaburuak soilik errepikatzen du Kongresurako lehen postuan. PPk Jaime Mayor Oreja aurkeztuko baitu, eta EAJk Emilio Olabarria, orain dela lau urte ez bezala.Mayor Oreja orain dela lau urte Bizkaitik aurkeztu zen zerrendaburu, aurten berriz, Ignazio Astarloa aurkeztuko da Bizkaitik.EAJko Iñaki Anasagasti, berriz, zerrendaburu izango da baina Senaturako, ez Kongresurako orain arte bezala. Pedro Mari Azpiazu aurkeztuko da haren ordez EAJtik Kongresurako zerrendaburu.Gipuzkoan, Joxe Joan Gonzalez Txabarri izan zen orain dela lau urte Kongresurako zerrendaburua EAJtik, baina haren ordez, Gipuzkoako Foru Aldundiko bozeramailea Jose Ramon Beloki izango da Kongresurako zerrendaburua oraingoan. PSE-EEtik, berriz, Manuel Huertas Gipuzkoako PSE-EEko idazkari nagusia da zerrendaburua Enrike Mujikaren ordez. Bestelakoan, EAk eta PPk orain dela lau urte aurkeztu zuten zerrendaburu bera aurkezten dute, Begoña Lasagabaster eta Eugenio Azpiroz, hurrenez hurren.Nafarroan aldatzen da gehienbat hautagaien aukera. Izan ere, UPNko Juan Ignacio del Burgok soilik errepikatzen du Kongresurako zerrendaburu. PSNtik lehen bigarren zena orain zerrendaburu izatera pasa da, Vicente Ripa hain zuzen. Nafarroan EAJ, EA, Aralar eta Batzarrek bat egin dute eta Nafarroa Bai koalizioa osatu dute.Uxue Barkos kazetaria jarri du Kongresurako zerrendaburu Nafarroa Baik. Aralar-Zutik ere lehen aldiz sartuko da Espainiako Gorteetarako hauteskundeen lehian, orain dela lau urte Aralar ez zegoelako osatuta, eta Zutik ez zelako hauteskundeetan aurkeztu.Orain dela lau urtetik hona hauteskundeetara zerrednarik aurkezteko aukerarik ez duena Batasuna da. Baina botopaperak prestatu eta hautestontzietan egongo dela esan du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.