Elkartasuna, ez-ulertzea eta haserrea nagusi ziren atzo Baionan. Euroaginduak bukatzeko mezua eta hiru atxiloketen bidez horri emandako erantzuna. Goizean Jazint eta Xalbador Ramirez eta 13:00 aldera Endika Perez Segiko gazteak atxilotu zituzten bortizki, hirurak hautetsiz inguraturik zirela.
Euroaginduaren Aurkako Kolektiboak Baionan egitekoa zuen prentsaurrekora zihoazela, bidea moztu, autotik atera, burua estalirik zutela, pistola hautetsirantz zuzendurik, gazteak autotik atera eta eraman zituzten, bertan egon zen Jean-François Bederede Senpereko hautetsiak kontatzen duenez. Atxiloketa poliziaren ahotik ateratako mezua bezain argia izan zen: « Hautetsi bazara ere, guri bost axola». «Oso laster pasatu da, baina oso-oso bortizki», erran du bertan zegoen Senpereko Eliane Etxeberria hautetsiak.
Segiko zortzi gaztek egin zuten haien agerpen publikoa Izpuran (Nafarroa Beherea) iragan astean, astelehenean lau atxilotu, atzo hiru eta Irati Tobarre da bakarrik gelditzen aske, Hendaiako hautetsi baten etxean babesturik.
«Poza», baita «amorrua» ere
Sentimendu pilaz betea zen atzo goizean Perez gaztea. Goizean bere bi lagunek ez bezala, hark lortu zuelako prentsaurrekora iristen. Baionako Lan Burtsan zegoen, hautetsi eta lagunez inguraturik eta Lan Burtsa zegoen poliziaz inguraturik. «Amorruz» beterik, lan politikoa egin nahi izanagatik dituztelako atxilotzen, «txarto» ere, bazekielako ondokoa bera izango zela. Baina baita «indartsu» ere, «gaur atzo baino konbentzituagoa eta bihar gaur baino konbentzituagoa» izanen delako eta azkenik «pozik» hautetsi eta eragileek erakutsi elkartasunari esker.
Baina laster atxilotu zuten. Lan Burtsatik Les Pyrennees ostatura joan, eta han senide eta lagunekin hitz eta besarkadak trukatu ondoan txalo artean utzi zituen guztiak. Baionatik atera bezain laster atxilotu zuten, Basusarri (Lapurdi) aitzin. Bost auto poliziaz beterik, buruak estalirik, pistola hautetsiei begira autoko berina hautsi, hautetsiak bortizki baztertu, gaztea basakiatera eta eraman zuten.
Bederedez, Eliane Etxeberria, Luxi Oxandabaratze, Terexa Halsuet hautetsiak eta Alice Leizagezahar Akitaniako Kontseilaria egon ziren bertan. Guztiak «harrituta» baina goizean prentsaurrekoan errandakoa oraindik azkarrago zutela bihotzean:euroaginduek dakarten «bidegabekeriarekin» bukatzeko gogoa.
«Hautetsi bazarete ere, bost axola zaigu»
Izpuran agertu zortzi Segiko kideetarik beste hiru atxilotu zituzten atzo; bi, Euroaginduaren Aurkako Kolektiboak antolatu prentsaurrekora zihoazela eta bestea ondotik; «oso bortizki» iragan dela kontatu dute gazteekin ziren hautetsiek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu