Biltzar nazioanala egin berri du Batasunak, eta bilkura horretako ondorio nagusien artean indar abertzaleak batzea proposatu du. Aralarreko koordinatzaile Patxi Zabaleta prest agertu da akordio bat lortzeko, Batasunak egin dituen zenbait kategorizaziorekin kritiko agertu den arren: "Indarrak batzea proposatu dute, baina, berean, indar espainolisten, erregionalisten eta koherenteen arteko banaketa egin dute. Noski, koherentetzat euren burua bakarrik hartzen dute. Hala ere, ados jartzeko garaia da; dudarik gabe. Horregatik, prest gaude Hautesien Biltzarrak bultzatutako Nazio Eztabaidagunearen bidez gutxieneko komunetan oinarritutako akordio batera heltzeko. Gogoz parte hartuko dugu Nazio Eztabaidagunean", adierazi du.
Nolanahi ere, ezker abertzalearen egungo erronka nagusietako bat ETA beste su-eten bat emateko konbentzitzea dela esan du Zabaletak. "Horixe da ezker abertzalearen abentura, ETA eta, oro har, gizartea konbentzintzea aukera politiko guztiak zilegi direla". Hori gauzatzeko, baldintza politiko, sozial eta objektibo egokiak sortu behar direla iritzio dio Aralarreko koordinatzaileak, "hartara, ETA dialektikaren bidez eta argudioen bidez garaitzeko. Irtenbide politikoa baino ez dago".
Ildo horretatik, Espainiako Gobernuaren zein PPren eta ETAren estrategiek elkar elikatzen dutela iruditzan zaio Zabaletari. "Su-etena apurtzea izan zen ETAren akats handia, Espainiako Gobernua eta PP hortik elikatzen baitira abertzaletasunaren aurkako borroka integrista aurrera eramateko. Espainiako Gobernuaren estrategia horren aurrean, su-etenean gotortzea da irtenbide bakarra".
Era berean, nezio eraikuntza eta bakegintza bi prozesu bereizi eta banatuta eraman beharrekoak direla uste du Aralarreko koordinatzaileak.
Euskal Herriko egoera
Hautetsien Biltzarrak proposatutako Nazio Eztabaidagunea gutxieneko hitzarmena lortzeko tresna egokia iruditzen zaio Patxi Zabaletari
Batasunak botatako erronkari erantzunez, indar abertzaleen arteko akordio beharrarekin bat etorri da Patxi Zabaleta Aralarreko koordinatzailea; halaber, ezker abertzaleko sektore horren inguruko Hautetsien Biltzarrak proposatutako Nazio Eztabaidagunea foro egokia iruditzen zaio gutxieneko komunetan oinarrituko litzatekeen hitzarmen hori lortzeko. Bidenabar, Aralarrek Nazio Eztabaidagunean parte hartuko duela iragarri du Radio Euskadin egin dioten elkarrizketan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu