Euskal herritarren erabakitzeko eskubidearen aldarriak beste «pauso bat» eman zuen Donostian mosaiko handi bat osatuta, Gure Esku Dago dinamikak adierazi zuenez, eta «norabide» horretan segitzera deitu zuen, «hautetsontzi propioa eraikitzeko».
Urte honetan «pauso garrantzitsuak» eman direla nabarmendu zuen Angel Oiarbide bozeramaileak: zehazki, Etxarri Aranazko apirilaren 13ko galdeketa, ekainaren 8ko Durango-Iruñea giza katea, Arrankudiagako azaroaren 2ko kontsulta eta Donostiako mosaikoa aipatu zituen.
Eskoziako eta Kataluniako galdeketak goresteko eta euskal herritarren erabakitzeko eskubidea aldarrikatzeko mosaiko bat egin zuten hamar mila lagunek Donostian, Zurriolako hondartzan, Gure Esku Dagok antolatuta. Hasierako helburua bost mila lagun batzea zen, baina bikoitza bildu zituen. «Izen-ematea bukatu egin behar izan dugu», esan zuen Oiarbidek. «Herritarren parte hartzea sustatzen denean, haiek erantzun egiten dute. Mosaiko hau ere ikaragarria izan da. Partaide guztiei eskerrak ematen dizkiegu». Bideoa: atzoko mosaikoa:
[YouTube]http://youtu.be/6v7vqxAwFJg[/YouTube]
Gure Esku Dagoko eledunak adierazi zuen erabakitzeko eskubidearen eskakizuna eta erabilpena ez direla «arraroak». Adibidez, normal-normal erabili zutelako irailaren 18an Eskozian, legezko independentzia galdeketa eginda, eta Katalunian atzo hitza eta erabakia hartu zutelak herritarrek. «Eskubide honek jendea batu egiten du, eta elkartzeak ilusioa sortzen du». Euskal Herriak bere «ezaugarrien» araberako prozesua izango duela esan zuen Oiarbidek, eta etorkizuna herritarren esku dagoela.
«Emozioa» hondartzan
Oroz gain, jende anonimoa bildu zen Zurriolako hondartzan. Lourdes Agirreurreta (Donostia, 66 urte) bezalakoa. «Oso euskaldun sentitzen naiz, eta horrelako ekitaldiek hunkitu egiten naute», azaldu zuen. Joxean Jauregik (Donostia, 75 urte), berriz, «herri ekimenen garrantzia» azpimarratu zuen. Miren Rodriguezek (Barakaldo, 25 urte) adierazi zuen «aldarrikapen demokratikoa» dela erabakitzeko eskubidea.