Erabakitzeko eskubidea

Hautetsontziak prest dituzte Goierrin

Bi aste ere ez dira falta, "erabakiaren aroari" ekinda, euskal estatuari buruzko galdeketak egiteko, eta azkenenego lanak prestatzen ari dira herriz herri. [youtube]https://youtu.be/zGPZuWpu8qk[/youtube]

Hodei Iruretagoiena
2016ko maiatzaren 25a
07:30
Entzun

"Garrantzitsua da konturatzea zenbat ezinezko bihurtu ditugun egi", hasi da Angel Oiarbide, 2008an Nazioen Mundua dinamikarekin hasi zirenetik gaur arteko bidea gogoratuz: Eskoziara bidaia, 150.000 laguneko giza katea, Gure Esku Dago-ren sorrera... Atzean zituen Elkarrekin elkarteko hogei bat lagun, hautetsontzi eta guzti. Parte hartzea, hori da bultzatu nahi dutena: "Berdin zaigu baiezkoak edo ezezkoak irabaztea. Parte hartze handi bat irabaztea izango da guretzat".

Orain arteko lanaren eta galdeketarako xehetasunen berri ere eman dute Lierni Iztuetak eta Anartz Goiak. Azaldu dutenez, 60.000 mila euro inguruko aurrekontua dute galdeketek, eta institutzioen laguntzarik ez dutenez, auzolanean ari dira dirua biltzen. Galdeketak "ondo" egiteko neurriak ere azaldu dituzte; Berme batzorde bat osatu dute lau legelarirekin, eta 80 bat lagun arituko dira egunaren jarraipena egiten. "Eskerrak bolondres guztiei, ekintzak antolatzen lagundu digutenei, kamisetak saltzen ibili direnei...".

Ekitaldi ugari asteburuan

Denera, 34 herritan egingo dituzte galdeketak ekainaren 5ean. Bozkatzeko eguna iritsi ahala, ugaritzen ari dira giroa berotzeko ekitaldiak ere. Bai galdeketak egingo dituzte herrietan, baina baita beste hainbat lekutan ere. Gaur bertan, Erabakitzeko eskubidea: Kataluniatik, askatasunetik hitzaldia egin zuten Oñatin (Gipuzkoa), Jaume Lopez (Pompeu Fabra Unibertsitatea) eta Koldo Saratxagarekin, Gure Esku Dago-ko Zelai Nikolasek gidatuta.

Bihar, Kriseiluen Gaua egingo dute Irurtzun-Arakilen (Nafarroa). Larunbatean, lip dub bana grabatuko dute Azpeitian eta Bergaran (Gipuzkoa), eta goierritarrek argazki bat ateratzeko zita jarria dute Larraitzen. Hondarribian, berriz, mahai ingurua antolatu dute Antxeta Irratiak eta Hondarribiako Udalak, Kataluniako ANCko presidente Jordi Sanchezekin eta Sumate plataformako Paco Martinezekin. Debagoienan, bizikleta martxa egingo dute Urkulu mendira, gutun azal «erraldoia» irudikatzeko.

Gureeskudago.eus webgunean dago ikusgai agenda osoa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.