Jendez betea dago Beasaingo (Gipuzkoa) Gure Esku Dago-ren lokala. Bileran batzuk, galdeketan parte hartzeko egunkariak garraiatzen besteak... Kamisetak, informazioa eta batzarrak jaso ditu egoitzak orain arte, baina bada berritasunik: iritsi dira hautetsontziak. Denen artean kanpora atera, eta eskulanean hasi dira, elkarrekin. Bide luzea egin dute «Erabakitzen hasi gara» esan ahal izateko, eta ekainaren 5ean parte hartzera deitu nahi dituzte herritarrak. Angel Oiarbidek bota du arrazoia: «Berdin zaigu baiezkoak edo ezezkoak irabaztea. Parte hartze handi bat irabaztea izango da guretzat».
Bi aste baino gutxiago falta dira eguna iristeko, eta horixe da zabaldu nahi duten mezua. Denera, 34 udalerritan egingo dituzte galdeketak, batera: Goierrin, Debagoienean, Azpeitian (Gipuzkoa) eta Ispasterren (Bizkaia); ia 148.000 biztanle hartzen dituzte. Hara goierritarrek adostutako galdera: «Nahi duzu euskal estatu burujabe bateko herritarra izan?». Hasi, ordea, ez ziren atzo goizean hasi. «Garrantzitsuena da konturatzea zenbat ezinezko bihurtu ditugun egia», esan du Oiarbidek, Goierrin 2008. urtetik lortu dituztenak gogora ekarrita. Elkarrekin argazki berean agertzea «ezinezkoa» zela zirudien lagunak bilduz aurrena, familia politiko ezberdinetakoak, Nazioen Mundua dinamika abiarazteko. Argazki hori jendetsuagoa bihurtu zen gero, 2011n Larraitzen 2.300 pertsonarekin egindako mosaikoa lekuko. Gazta zati bat dokumentala, Gure Esku Dago-ren sorrera, Durango eta Iruñea lotu zituen giza katea...
«Ehundu, adostu, eta erabaki». Hala aurkeztu zuten Elkarrekin prozesua iazko azaroan, eta hala egin dute bidea. Lierni Iztuetak azaldu du nola antolatu diren: komunikazioa, ekintza lantaldea, ekainaren 5eko eguna antolatzekoa, galdera batzordea, diruzaintza... Dena, boluntarioen lanarekin. Iztueta: «Parte hartzen ari garen herritarrak erabakitzeko eskubidea dugula eta gauzatu egin behar dela sinesten dugulako ari gara lanean, gure borondatez».
Protokolo bat ere osatu dute, dena ondo egiteko: galdeketak non eta zein ordutegiren barruan egin, segurtasuna nola bermatu, datu pertsonalak nola babestu, botoak nola zenbatu... Hamasei urtetik gorako goierritar orok izango du botoa emateko aukera, nortasuna, adina eta bizilekua identifikatuz gero. Instituzioen laguntzarik ez dutenez —ez ekonomikoa, ez bestelakoa—, erroldarik ere ez dute izango, eta NAN zenbakia erabiliko dute identifikazio gisa. EHNArekin bozkatu nahi duenak errolda agiria ere eraman beharko du bozkalekura.
Jende askoren parte hartzeak egingo du posible galdeketa, eta ez dituzte eskertu gabe utzi. Goitia: «Eskerrak boluntario guztiei, ekintzak antolatzen lagundu dutenei, kamisetak saltzen ibili direnei...».
Ekitaldi ugari asteburuan
Bozkatzeko eguna iritsi ahala, berotzen ari da giroa ere. Ekitaldi ugari prestatu dituzte, bai galdeketak egingo dituzte herrietan, bai beste hainbat lekutan. Atzo bertan, Erabakitzeko eskubidea: Kataluniatik, askatasunetik hitzaldia egin zuten Oñatin (Gipuzkoa), Jaume Lopez (Pompeu Fabra Unibertsitatea) eta Koldo Saratxagarekin, Gure Esku Dago-ko Zelai Nikolasek gidatuta. Gaur, Kriseiluen Gaua egingo dute Irurtzunen (Nafarroa). Larunbatean, lipdub bana grabatuko dute Azpeitian eta Bergaran (Gipuzkoa), eta goierritarrek argazki bat ateratzeko zita jarria dute Larraitzen. Hondarribian, berriz, mahai ingurua antolatu dute Antxeta irratiak eta Hondarribiko Udalak, Kataluniako ANCko presidente Jordi Sanchezekin eta Sumate plataformako Paco Martinezekin. Debagoienean, bizikleta martxa egingo dute Urkulu mendira, gutun-azal «erraldoi bat» irudikatzeko.