Europako hauteskundeen zirimolan eta Hautetsien Kontseiluko bilkuraren bezperan hautuak zehazteko unea dela azpimarratu duAutonomia Kolektiboak. Orain artean plazaratu duten gogoeta orokorra baliagarria bada ere, xede horiek zehazteko garaia dela jakinarazi die Autonomia Kolektiboak Hautetsien Kontseiluari eta Garapen Kontseiluari. Lapurdik, Nafarroa Behereak eta Zuberoak erakunde baten beharra daukatela azpimarratu dute, eta egitura egokia autonomia dela gaineratu.
Kolektiboak 2.500 hautetsiri helarazi dio autonomiari buruz plazaratu duen txostena. Erantzun gutxi ukan arren, lan hori sakonduko dutela jakinarazi dute. Autonomiaren Udaberria izeneko ekimena burutu berri du kolektiboak. 500 pertsona inguruk hartu dute parte prestatu dituzten hamabost ekitaldietan. Bi urrats horiek eginik, ondoko hilabeteotan autonomiaren aldarrikapena gizarteratzeko unea izanen dela jakinarazi du.
Urratsa karrikara
Autonomiaren aldarrikapenaren gizarteratzean urrats adierazgarria egin nahi du kolektiboak. Azaroaren 14an, autonomia aldarrikatzeko manifestazioa eginen du.Unearen garrantzi politikoaz jabetzeko deia egin du kolektiboak. Izan ere, Balladour batzordeak proposaturiko berregituraketa ari da aztertzen Frantzia. Heldu den udazkenean, Frantziako parlamentuak «Pays» izeneko egitura edo departamendua bera desegin dezake. Horren aitzinean, eta kontuan hartuz Europak gaur egun duen egituraketa, «Ipar Euskal Herriko gizartearen nahikeriak hobe ordezkatuko lukeen sistema autonomia» dela berretsi dute.
Parisera egindako bidaian Hautetsien Kontseiluak jakinarazi zuen Ipar Euskal Herriak Korsikan indarrean dagoen antzeko egitura behar duela. Asmo zabal hori begi onez ikusten duela dio kolektiboak, baina gogoeta hori landu eta zehaztapenak plazaratzeko eskatzen dio. Gaur egun Ipar Euskal Herriak ez du erakunde propiorik eta Balladour erreforma bere horretan onartuko balitz, oraindik eremu zabalago batean urtuko litzateke.
Hori gertatu baino lehen erabaki irmo baten beharra dagoela nabarmendu du kolektiboak.
Alderdiei dagokienez, gogoratu du proposamen bera helarazi ziela Europako hauteskundeen karietara. EHA, EAJ-PNB eta Europe Ecologie-k erakunde propioaren aldeko engaiamendu argia azaldu zutela gogora ekarri dute gaurko agerraldian.
Hala ere, autonomiaren aldeko ekimena ez zaie zuzendu alderdien egiturei, hautetsiei baizik. Herriko Etxe batzuetan, nahiz eta autonomiaren txostena jaso, ez zaie banatu hautetsiei. Lan horri ekiteko asmoa duela jakinarazi du kolektiboak. Joan den larunbatean lehen bilkura bat egin zuten, eta bertan presente egon ziren hainbat hautetsi abertzale.
Baterako eragileak heldu den astean dira biltzekoak. Balladour erreformaren ondorioz engoitik hartuko duten bidea eztabaidatu behar dute. Kolektiboak adierazi die Frantziak berak aitortzen duela departamendua erakunde gisa bertze garai bateko kontua izan daitekeela. Autonomiaren ardatzean indarrak dinamika bateratu batean biltzeko deia egin dio Baterari.
Hautua zehazteko unea dela dio Autonomia Kolektiboak
Hautetsien Kontseiluak egin gogoeta ez da aski, eta nolako erakundeak nahi dituzten argitzeko eskatu diote
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu